Azken hiru asteetan asko hitz egin da Bilboko alkate Juan Mari Aburtoz. Alderdikide batzuek auzitan ipini dute haren erabakia; besteak beste, Aitor Esteban EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak. Baina alkatea isilik egon da. Gaur arte. Segurtasunari buruzko azterlan baten aurkezpenean, ezinbestean hitz egin behar izan du polemika piztu zuen gaiaz, eta atxilotuen jatorriaren berri ez emateko erabakiari eutsi dio. Kontatu du egin duela berba Estebanekin eta Bizkaiko Buru Batzarreko presidente Iñigo Ansolarekin, eta «dena ulertuta eta argituta» geratu dela.
Azpimarratu duenez, militante jeltzalea da, eta alderdiarekiko «leiala» izan da orain arte, eta halaxe izango da aurrerantzean. Baina, era berean, «bilbotar guztien alkate» dela nabarmendu du, eta gogoratu gobernu itun bat duela sozialistekin. «Haiek eta gu ados gaude irizpide horretan». Are garrantzia handiagoa eman dio Bilboko Segurtasun Itunari. 2018an sinatu zuten orduko udalbatzan ordezkaritza zuten alderdi guztiek. 2023ko udal hauteskundeen ondoren berritu zuten, baina orduan PPk kanpoan geratzea erabaki zuen. «Badakigu bilbotarrak kezkatuta daudela segurtasuna dela eta; gu ere kezkatuta gaude. Horregatik itunari eustea bera oso garrantzitsua da».
Ikusi gehiago
Hain zuzen, itun horren ondorio da gaur aurkeztutako azterlana, Bilbo, hiri segurua. Bilboko segurtasunaren diagnostikoa: bilakaeraren analisia eta jardunbide egokien proposamena izenekoa. Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologia Aplikatuaren eta Ingurumen Psikologikoaren ikerketa taldeak egin du, Cesar San Juanen zuzendaritzapean. Kazetariek galdetuta, polemikaz duen iritzia eman du San Juanek ere. Gogoratu du atxilotuen jatorria jakinarazteko eskatzen dutenek herritarrek informazio hori jakiteko duten eskubidearen izenean eskatzen dutela. «Eskubide hori sakratua da», nabarmendu du, baina aspalditik bermatuta dagoela azpimarratu du.
Jakin gura duenak eskuragarri du informazio hori, EHUko Psikologia Kriminal eta Juridikoaren irakaslearen esanetan. Fiskaltzaren txostenetan atxilotuen jatorria aipatzen da, Espainiako Barne Ministerioarenetan ikus daiteke epaituena, eta Espainiako Espetxe Zaintzarenean, kartzelatuena. «Hiru argazki horietan lausoena Poliziak atxilotu dituenena da, atxilotzeak ez baitu ezinbestean esan nahi erruduna izan zarenik», ohartarazi du. Ostera, ez du uste pertsona bat atxilotzen den aldiro nongoa den jakinarazten duen prentsa ohar bat argitaratzeak jakiteko eskubidea bermatzen duenik. «Agian, beste helburu batzuk lortzeko balio dezake».
Kezka handitu
San Juanek ohartarazi du horrelako erabaki baten eraginez litekeena dela herritarren artean kezka handitzea. Izan ere, segurtasun falta dagoen ustea giroak ere sortzen du, adituaren esanetan. «Ez dago zuzenean lotuta delitu bat izateko probabilitatearekin». Oso gutxi dira delituren batek eragin dien bilbotarrak, azterlanaren arabera: hamarretik bat. Delitu gutxiago daude, baina bilbotarren pertzepzioa okertu egin da.
Txostengileek ondorioztatu dutenez, Bilbo hiri segurua da antzeko maila soziodemografikoa eta ekonomikoa duten Europako beste hiriekin alderatuta eta hirian bertan delituek izan duten bilakaerari erreparatuta. Gora egin duten delitu bakarrak indarkeria matxistari lotutakoak dira. San Juanek uste du izan daitekeela orain lehen baino gehiago salatzen delako, kontzientzia handiagoa dagoelako, baina, hala ere, neurriak hartu behar direla deritzo. Gaineratu du gorakada hori Espainiako Estatuan gertatzen ari denaren parekoa dela.
Ikusi gehiago
Bilbotarrek ere hiri seguru batean bizi direla uste dute. Azken sei urteetan, sei eta zazpi arteko nota ipini diote, batez beste. 2024an jaitsi zen seiko muga horretatik. San Juanek uste du balitekeela galdera batzuen formulazioa aldatu zelako gertatu izana, baina, hala ere, 2022tik igarri dute urtez urte okertuz joan dela pertzepzioa. Dena den, adituaren esanetan, bilbotarren «exijentzia maila» ere hazi da, eta horri lotuta egongo da beharbada. Berbarako, hirigintza arloari lotuta, herritarrak zorrotzagoak direla ohartu dira. Kriminologian leiho apurtuen teoria deitzen diotela azaldu du: «Nahiz eta leku horretan deliturik ez gertatu, herritarrek ikusten badute zaindu gabe dagoela, leihoetako kristalak apurtuta daudela, ez dira handik pasatuko, irudituko zaielako ez dela leku segurua».
Polizia soilik ez
Horretan lan egitera deitu du udala, eta beste jarraibide batzuk ere proposatu dizkio, Europako beste hiri batzuetan baliagarri izan zaizkienak. «Konponbidea soilik Poliziaren bidez etorriko dela uste duenak ez du ezer ulertu», ohartarazi du. Prebentzio lana egitearen garrantziaz egin du berba, gizarte zerbitzuen bidez. San Juanek esan du Bilbok beste hiri batzuek baino gehiago inbertitzen duela horretan, baina gehiago egin behar dela uste du. «Badakigu leku batzuetan kriminalitate gehiago dagoela», nabarmendu du. Horregatik, arazoak «geolokalizatu» egin behar direla esan du, «toki jakin batzuetan» izaten delako segurtasun falta.
Dena den, San Juanek ez du baztertu Poliziaren garrantzia. Nabarmendu du Bilboko Udaltzaingoak «irudi oso ona» duela bilbotarren artean, eta hori aprobetxatzeko gomendatu dio udalari. «Gertuko poliziarekin lotuta dagoen guztia indartu beharko litzateke. Herritarrek bistaz ezagutu behar dituzte auzoko udaltzainak». Halaber, garrantzitsua deritzo gainontzeko poliziekin eta erakundeekin elkarlanean aritzeari. Komunikazioaren garrantzia ere azpimarratu du. «Ez da soilik zer egiten den, egiten den hori zelan azaltzen den ere inportantea da, herritarrei segurtasun pertzepzioa emateko».
Horri lotuta, hedabideen lanari erreparatu dio. Esan du Bilbon egiten den kazetaritza ez dela sentsazionalista, baina segurtasunari lotutako albisteak lantzerakoan «zuzendu beharreko joera» batzuk ikusi ditu: «Titularretan arazoen hazkundea nabartzen da sarritan. Ez da Bilbon gertatzen dena beste hiri batzuekin alderatzen, bere testuinguruan azaldu ahal izateko. Eta ez dira delinkuentziaren egiturazko azterketak egiten; une zehatz batean gertatutakoa nabarmentzen da». Sare sozialetan zabaltzen diren mezuek ere arduratzen dute San Juan.