Ailarak-Musiktopa inauguratu dute Arteagan, musika eta tradizioa uztartzen dituen zentroa

Ekomuseoa izandakoan, herri musikari eta sorkuntzari egin diote lekua. Erakusketa areto bat, kontzertu txikietarako lekua eta Arratiako Musika Eskolaren ikasgelak ditu, besteak beste.

Agintariak, Arteagako Ailarak-Musiktopa zentroko eraskuketa aretoan, gaur. BERRIA
Agintariak, Arteagako Ailarak-Musiktopa zentroko eraskuketa aretoan, gaur. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Artea
2026ko martxoaren 23a
17:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dolareen soinutik sortu zen txalaparta. «Gure inguruko lehen musika soinuak baserrietan sortu ziren, lanbideei lotuta», gogoratu du Alberto Intxaurraga Arteagako alkateak. Lotura horri eutsita, baserriko bizimodu tradizionala erakusten zuen Arteagako Ekomuseoa izandakoa Ailarak-Musiktopa bihurtu da: musika eta tradizioa uztartzen dituen kulturgunea. Duela lau urte sute batek ia erabat kiskali zuen Ekomuseoa, eta dolarea izan zen salbatu zen pieza bakarrenetakoa. Haren soinua oroitarazten duen txalaparta doinuek eman diote gaur hasiera Ailarak-Musiktopa zentroaren ibilbideari. Goizean inauguratu dute herri musika eta euskal kultura oinarri izango dituen zentro berria. «Gune irekia eta bizia bihurtu dugu, irakaskuntzarako, sormenerako eta musika transmisiorako pentsatutakoa», esan du Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak.

XVI. mendeko baserri zaharberritua da zentroaren muina. Haren inguruan dauden hainbat gunek osatzen dute. Harrera gunera bidean, andre baserritar baten eskulturak egiten dio ongietorria bisitariari. Eskumako besotik eskegita ortuariz betetako otzara bat dauka. Hain zuzen, otzarak egiteko zumitzei esaten diete Arratian ailarak, eta hortik datorkio zentroari izenaren hasiera. Alkateak gogoratu duenez, halakoetan biltzen zituzten andre baserritarrek sagardoa egiteko sagarrak: «Ailara horiek artisautzagaz, herriagaz eta gure lurraldeagaz lotura estu-estua daukate».

Baserriaren goiko aldean dago Basetxe izeneko erakusketa gela. Dolarearen inguruan, musika tradizionalari eta euskal arte garaikideari lotutako hainbat pieza daude. Berbarako, Kepa Junkera trikitilariak erabilitako lehen trikitia ikus daiteke. Arratian izan zuen lehen harremana trikitiarekin. Gaurko inaugurazioan egon da Junkera. «Zenbat urte aritu zinen trikiti honekin jotzen?», galdetu dio Leixuri Arrizabalaga Kultura, Euskara eta Kirol diputatuak. «Asko», erantzun dio Junkerak. «Trikiti horrek berba egingo balu, ezta?», jarraitu du Arrizabalak. Baietz egin du keinua Junkerak buruarekin. Alberto Oliverosek Junkerarentzat apaindutako pandero bi ere badaude. Haietako batean, Nondik jo Maurizia? kantuaren partitura dago larruan. Maurizia Aldeiturriagaren panderoa ere ikus daiteke, Leon Bilbaoren albokaren ondoan. Bien abarkak, arropak, buruko zapia eta txapela ere han daude, senideek zentroari utzita. Bilbao, Arteagan jaioa. Aldeiturriaga, Arteagara ezkondua. «Gure herriak lotura handia izan du musikarekin», nabarmendu du alkateak.

Kepa Junkeraren lehen trikitia. BERRIA
Kepa Junkeraren lehen trikitia. BERRIA

Ekoetxearen proiektua gaur eguneko beharrei erantzunez berritu dute Ailarak-Musiktopa zentroan, Etxanoberen esanetan: tradizioa eta sorkuntza garaikidea uztartuta. «Gure helburua izan da tradizioa gordetzeaz gain haraneko eta haranetik kanpoko euskal artista gazteentzako espazioa izatea», gehitu du Intxaurragak. Hala, Garazi Navas soinulari usansolotarrak soinu banda bat sortu du erakusketa aretoan entzuteko, Ingerada zolien oihartzun eratorriak izenekoa. Navas zuzendari den Arratiako Koruak 75. urteurrena ospatzeko kaleratu berri duen diskoa ere han dago. Damaris Panen pinturak eta Asier Mendizabalen eta Sahatsa Jauregiren eskulturak ere badute lekua. Eta Gentzane Martinez de Osaba zuzendariaren Aire! (2023) film laburra ere ikus daiteke: Mauriziaren bizitza oinarri hartuta kanta bat sortu behar duen gazte talde baten bizipenak kontatzen ditu.

Leon eta Maurizia Soinutegia izena ipini diote Arratiako Musika Eskolaren egoitzetako bat izango den eraikin berriari. Irailean, ikasturtea hastean, han emango dituzte orain arte Arteagako Kultur Etxean ematen zituzten eskolak. Akustika itzela duten hiru gelak osatzen dute. Eskola berezia da Arratiakoa, Ainare Sanchez Arteako Kultura zinegotziak azaldu duenez. Bizkaiko handienetako bat izateaz gain, ibarreko herri guztietan du egoitza, ikasleek etxetik gertu ikasteko aukera izan dezaten. Guztira, 400 bat ikasle ditu. Ukuilu izandakoa Korta Musiktopa bihurtu dute, formatu txikiko kontzertuetarako lekua. Bilerak eta erakusketak egiteko ere erabili ahal izango da. Kanpoan anfiteatro txiki bat ere atondu dute, eta eskultura eta soinu parke batek inguratzen du baserria, entzumenarekin esperimentatzeko beren-beregi prestatuta. Erreka ondoan, burdinola eder bat zaharberritu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!