Aldiriko lehen Lottu trena bihar hasiko da Bilbo eta Urduña arteko bidea egiten

C3 lineako 447 serieko tren berrietako bat probatzen hasiko dira, eta hark estreinatuko du aldiriko trenen izen berria.

Jose Antonio Santano Espainiako Garraio eta Mugikortasuneko Estatu idazkaria eta Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarrirako sailburua, gaur, Basaurin. IREKIA
Jose Antonio Santano Espainiako Garraio eta Mugikortasuneko Estatu idazkaria eta Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarrirako sailburua, gaur, Basaurin. IREKIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko irailaren 21a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Renferen aldiriko trenak Lottu bihurtuko dira, eta lehen aldiz Bizkaian erabiliko dute izen hori. Bilbo eta Urduña arteko C3 linean, bihar hasiko dira 447 serieko tren irisgarrietako bat probatzen, eta hark Lotturen logoa izango du Renferen logoaren ordez. Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarrirako sailburuak azaldu du datozen asteetan hasiko direla iragarritako gainontzeko hamar tren berriak linea horretan. Orain arteko 446 serieko trenen aldean, «irisgarriagoak eta erosoagoak» dira, sailburuaren esanetan.

Linea honetako erabiltzaileek dagoeneko ezagutzen dituzte tren horiek, Gipuzkoatik ekarritako molde bereko trenak erabili baitituzte udan. Irisgarritasun arazo handiak dituen linea da Bilbo eta Urduña artekoa, geltokiak ez daudelako egokituta tren batzuetara igotzeko. Horregatik, mugitzeko zailtasunak dituzten hainbat erabiltzailek urteetan salatu dute linea horretan ezin dutela trenik hartu, eta arazo horri konponbidea emateko ekarri ditu Jaurlaritzak tren horiek.

Basaurin izan da Garcia Chueca goizean, Alberto Santano Espainiako Garraio eta Mugikortasun Estatu idazkariarekin batera. Bidebieta-Basauri tren geltokiko obrak bisitatzera joan dira. Trenbideen eremua eta bidaiarien eraikina berrituko dituzte, besteak beste. Berrikuntzei esker, irisgarritasuna hobetu da eta San Fausto eta Bidebieta auzoen arteko konexioa erraztuko da.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA