Arrigorriagarrek 2.283 alegazio aurkeztu dizkiote hegoaldeko tren saihesbideari

Trazadura aldatzeko eskatu dute, Espainiako Gobernuak proposatutakoan trenbidea ez litzatekeelako lurperatuko eta herrigunea erdibituko litzatekeelako; tren gehiagok zeharkatuko lukete Arrigorriaga, eta zarata eta bibrazioak ere handituko lirateke.

Arrigorriagako Udaleko ordezkariak, gaur, alegazioak aurkezten, Arrigorriagako Posta bulegoan. BERRIA
Arrigorriagako Udaleko ordezkariak, gaur, alegazioak aurkezten, Arrigorriagako Posta bulegoan. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko apirilaren 22a
14:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herritarrek «masiboki» erantzun dute, Arrigorriagako Udalaren esanetan: 2.283 alegazio aurkeztu dizkiote hegoaldeko tren saihesbidearen bigarren faserako proiektuari. Barakaldo eta Arrigorriaga arteko zatiari dagokio. Tarte horretan, trenek lurpetik egingo lukete zatirik handiena, baina Arrigorriaga da salbuespena. Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak ondu duen azterketa informatiboan jaso duten proiektuaren arabera, herri hasierara ailegatzean aire zabalera irtengo da. Gaur egun ere pasatzen dira trenak Arrigorriagako herrigunetik, baina saihesbidearekin gehiago izango lirateke. Horregatik, udalak eta herritarrek uste dute zarata eta bibrazioak ugaritu egingo direla.

Martxoko azken astean, herri bilkura bat egin zuen udalak herritarrei proiektua aurkezteko, eta harrezkero hainbat ekinaldi egin dituzte proposatutako trazaduraren aurka. Azkena, joan den domekan: manifestazio jendetsua egin zuten. Hurrengoa etzi izango da: Euskal Trenbide Sareak Bilboko San Nikolas plazan duen egoitzaren parean egingo dute protesta, 12:00etan. Asuntze elkarteak deitu du. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakunde horrek, behin betiko proiektua idazteaz gain, herritarren eta udalaren alegazioak aztertuko ditu.

Udalak eskerrak eman dizkie herriko hainbat eragileri alegazio bilketan parte hartu dutelako. Udalak berak sortu zuen alegazio eredu bat, eta herritarrek hura sinatu behar izan dute. Agiriak eskaera bi egiten dizkio Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioari: batetik, azterketa informatiboa ez onartzea behin betiko, eta proiektua ez lizitatzea; eta, bestetik, beste azterketa bat egin dezala, herritarren parte hartzearekin. Bestela proiektuaren aurkako ingurumen txostena egiteko eskatu diote.

Udalak berak ere presazko mozio bat onartu zuen martxoko osoko bilkuran, trazaduraren aurka agertzeko eta proiektuan zer esana duten erakundeei alternatiba bat bilatu dezatela eskatzeko. Gainera, bere alegazioak ere aurkeztu ditu. Ingeotyc aholkularitza enpresak lagundu dio prestatzen. Idatzian, udalak esaten du trazadura aldatzea posible dela, eta zenbait alternatiba «bideragarri» proposatu dizkio ministerioari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA