Bizkaibuseko gidariak, segurtasun eske

Bizkaiko Garraio diputatuak zalantzan jarri du gaueko zerbitzu bereziek jarraitzea, langileak arriskuan ipini dituzten gertakari batzuk egoten direlako. Langileek salatu dute segurtasun neurriak adostuta dauzkatela baina ez direla martxan jarri.

Bidaiari batzuk Bizkaibusen autobus batera igotzen, Ondarroan, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Bidaiari batzuk Bizkaibusen autobus batera igotzen, Ondarroan, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko urriaren 8a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Barikuan hasiko dira Durangoko jaiak, eta Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du Bizkaibusek gaueko zerbitzu berezia emango duela Elorrio eta Durango artean. Ohikoa izaten da parrandazaleak etxera modu seguruan eroateko autobus bereziak ipintzea. Hain zuzen, hedabide batean argitaratutako iritzi artikuluan, Sonia Perez Bizkaiko Garraio diputatuak garraio publikoaren segurtasuna azpimarratu du, baina langileentzako arrisku posibleez ere ohartarazi du. Joan den udan hainbat arazo izan dituzte autobus gidariek. Kezkagarriena Elorrioko jaietan gertatu zen, irail hasieran. Autobus geltokian hirurehun bat bidaiari batu ziren goizaldean, denak autobusera sartzeko asmotan, eta gidaria estu ibili zen egoera kontrolpean eduki ezinik. Arazoak sortzen dituzten erabiltzaileei Perezek ohartarazi die diputazioa ez dagoela prest horrela jarraitzeko, eta esan du egoera konpondu ezean zerbitzu horiei eustea aztertu beharko dutela.

Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeari «gehiegizkoa» iruditu zaio diputatuak hori iradoki izana, eta Batzar Nagusietan agerraldiko eskatu dio Perezi. «Konponbidea ez da herritarrak zerbitzu barik uztea, langileen segurtasuna bermatuko duten neurriak martxan jartzea baizik», adierazi du Eneritz Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeramaileak. Gogoratu du diputazioak, zerbitzua eskaintzen duten autobus konpainiek eta langileen ordezkariek hainbat bilera izan zituztela iaz, segurtasun neurriak adosteko. Bilera horietan, sindikatuek neurri batzuk proposatu zituzten, eta diputazioak horietako batzuk aurten martxan jartzeko konpromisoa hartu zuen. Baina, Bizkaibuseko gidari eta ELA sindikatuko kide Jorge Regueroren esanetan, dagoeneko urria da, eta oraindik zain daude.

Bizkaibus eskualdeka banatuta dago, eta eremu bakoitza enpresa edo enpresa talde batek kudeatzen du. Orain arte, horietako bakoitzak bere protokoloa zuen. Bilera horiei esker lortu dute Bizkaibus osoan protokolo bateratua izatea. Protokolo horren arabera, kontrolgune bateratu bat sortu beharko lukete, beharginen deiak kudeatzeko larrialdi botoia sakatzen dutenean. «Gertatzen dena kontrolatzea litzateke gunearen betebeharra, esku hartzeko, behar bada larrialdi zerbitzuetara deitzeko eta abar. Baina oraindik ez dago martxan».

GARRAIO PUBLIKOA
Bizkaibuseko langileen protesta, iazko martxoan, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU

SAE delako zerbitzua du enpresa bakoitzak, gidariei laguntza ematen diena, baina enpresa batzuetan ez du langilerik izaten gauean eta asteburuan. Gainera, ohartu dira larrialdiko botoia ez dabilela autobus batzuetan. «Botoien mantenua egin behar duen enpresak oraindik ez du bakar bat ere ikuskatu, eta ez dakigu zenbatek funtzionatzen duten», salatu du.

Horrez gainera, adostu zuten segurtasun enpresa bat kontratatuko zutela, autobusetan arazorik egonez gero segurtasun kameretatik zuzenean zer gertatzen den ikusi, esku hartu edo larrialdi zerbitzuak deitzeko. 24 orduz eta asteko egun guztietan eman behako luke zerbitzua. Baina oraindik ez dute kontratatu.

Negoziazioak

Hurrengo bilera azaroaren 12an egingo dute. Reguerok esan du SAE zerbitzua enpresa guztietan egunero eta 24 orduz eskaintzea exijituko dutela. «Arazo bat sortzen denean, gidariek entzungo dien eta lagunduko dien norbait behar dute beti beste aldean».

Elorrioko gertakarietan, huts egin zezakeen guztiak egin zuen huts, Regueroren esanetan. Baita Poliziak ere. Izan ere, adostua dute gauean horrelako zerbitzu bereziak eskaintzen direnean ibilbidearen hasierako eta bukaerako geltokietan Ertzaintza edo tokian tokiko Udaltzaingoa egongo direla, badaezpada. Elorrion ez zen inor egon. Lehenagoko bidaia batean ere estu ibili zen gidaria bidaiari andana kontrolatzeko. Bigarrenez arazoak izan zirenean agertu ziren Elorrioko udaltzainak, bidaiari batzuek deitu zietelako, istiluak zeudela eta.

Diputatuak bezala, ELAko kideak ere erabiltzaileen erantzukizuna eskatu du. «Gehienek jarrera ona izaten dute gidariokin, eta badakite beharginak garela eta gure lana egiten ari garela. Baina gutxi batzuek ez dute batere errespeturik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.