Bizkaiko Diputazioak «bidezko» eta «ulergarri» jo du EB-Mercosur itunak nekazariei sortzen dien beldurra

Arantza Atutxa Nekazaritza diputatuari «normala» iruditzen zaio ekoizleek koherentzia eskatzea Europako Batasunari.

Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiaren bozeramailea eta Arantza Atutxa Nekazaritza eta Ingurune Naturala Sustatzeko diputatua, gaur, Bilbon. BERRIA
Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiaren bozeramailea eta Arantza Atutxa Nekazaritza eta Ingurune Naturala Sustatzeko diputatua, gaur, Bilbon. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko urtarrilaren 22a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko EHNE eta ENBA sindikatuek protestara deitu dituzte herrialdeko nekazariak, Europako Batasunaren eta Mercosurren arteko merkataritza itunak sektorea kaltetuko duela uste dutelako. Arantza Atutxa Bizkaiko Nekazaritza eta Ingurumen Iraunkorra Sustatzeko diputatuak esan du ulertzen dituela ekoizleen beldurrak, eta kezka horiek «bidezkoak» direla deritzo. «Argi eta garbi esan dute elikadura ezin dela trukerako erabili», adierazi du.

Diputatuaren esanetan ekoizleen kezketako bat Mercosurreko herrialdeetan ekoitzitako produktuek izango dituzten ekoizpen baldintzen ingurukoa da. «Zalantza egiten dute kanpoko produktuei Europako Batasunekoei ezartzen zaizkien baldintza berak ezarriko dizkieten». Itunaren ondorioz sortuko den lehiak sektorean izango duen eraginak ere arduratzen ditu ekoizleak. «Normala da gure ekoizleak kezkatuta egotea».

Atutxak gogoratu du Europako Parlamentuak atzo auzitegira eraman zuela ituna, haren legezkotasuna aztertzeko. Onartu zuten mozio horretan kezka agertzen da, Mercosur osatzen duten herrialdeek aukera izango baitute presioa egiteko Europako Batasunek lege batzuk aldatzeko, bereziki ingurumenekoak, eta elikaduraren eta osasunaren alorrekoak. Mozioaren aurka bozkatu zuen EAJk Europako Parlamentuan duen ordezkariak.

Nekazaritzak Europako Batasunaren sorreran izan duen garrantzia ere gogoratu du diputatuak. «Nire ustez, Europa zerbait bada, elikagaien batasuna da. Bigarren Mundu Gerraren ostean sortu zen, bakea lortzeko, baina baita elikadura eskasiari aurre egiteko ere. Horren ondorio da Europako nekazaritza politika bateratua. Beraz, normala da sektoreak koherentzia eskatzea». Europako Batasunarekiko «konfiantza» eta «zuhurtzia» eskatu ditu.

zaldi probak, abadiñoko sanblasetan

Dermatosi nodularra dela eta, Abadiñoko San Blas eguneko azokan ez da behirik, idirik eta txahalik izango, baina bai bestelako animaliarik, Arantza Atutxa Bizkaiko Nekazaritza eta Ingurune Naturala Sustatzeko diputatuak esan duenez. Adierazi du Abadiñoko Udalarekin elkarlanean dabiltzala azokan desinfekzio lanak egiteko. Gogorarazi duenez, urtero otsailaren 3an egiten diren idi probak ere ezingo dira egin. Udalak zaldi probak antolatuko ditu, idi proben ordez. Diputatuak Bizkaiko behi, idi eta txahal guztiak txertatzeko eskaera berretsi du, eta halako izurriei aurre egiteko protokoloak berraztertzeko eskatu dio Europako Batasunari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.