Traktoreek berriro zeharkatuko dute Bilboko Kale Nagusia. Bizkaiko EHNE eta ENBA sindikatuek protestara deitu dituzte herrialdeko nekazariak Europako Batasunaren eta Mercosurren arteko akordioa salatzeko. Diotenez, «trukerako txanpon modura» erabili dute nekazaritza, «autogintzaren eta beste sektore batzuen mesedetan». Urtarrilaren 29rako ipini dute eguna. Bizkaiko hainbat lekutatik abiatuko dira, Bilboko San Mames zelaiaren aurreko zabalgunean elkartzeko. Handik elkarrekin abiatuko dira Arriaga antzokiko plazara.
Ikusi gehiago
AEBek iaz hasitako «merkataritza gerrak» munduko merkataritzaren oinarriak aldatu ditu, sindikatuok nabarmendu dutenez. «Nahasmendu honek funtsezko gai bat planteatzera behartzen gaitu: gero eta ezegonkorragoa den mundu honetan, zer merkataritza eredu behar dugu gure beharrak asetzeko?». Diotenez, azken urteetako gerrek, pandemiek eta merkataritza politikek agerian utzi dute «elikadura kate globalizatua kaltebera» dela. Horregatik, uste dute ezinbestekoa dela elikadura burujabetzan oinarritutako merkataritza esparru bat ezartzea eta osagarritasunean oinarritutako elikadura merkataritza eredu berri bat eratzea.
Mercorsurrekin egindako itunak nazioarteko merkatua indartuko du, eta sindikatuok uste dute horrek barne merkatua ahuldu eta belaunaldien arteko erreleboa oztopatzen duela. «Nazioarteko merkatuaren liberalizazioa da, neurri handi batean, nekazaritza sektorearen egungo egoeraren erantzulea: prezio baxuak, belaunaldi berri falta eta ekoizpen sektorean gero eta orokorragoak diren osasun eta ingurumen arazoak».
Txikien errentagarritasunaren kaltetan
Diotenez, lehiakortasuna bilatzeak kalte egiten dio ustiategi txiki eta ertainen errentagarritasunari. «Mercosurreko herrialdeek egiten duten eskala handiko ekoizpena ez da bateragarria Europako nekazarion ereduarekin», ohartarazi dute. Batez ere, sektore tradizionaletan izango du eragina; besteak beste, haragia, eztia, zereala edo arroza ekoizten dutenengan. Behi okelaren adibidea ipini dute: Europako Batasunak inportatzen duen haragiaren %58 Mercosurreko kide diren herrialdeetatik dator. Inportazio horiek handitzean, are larriago ibiliko dira Europako ustiategi txiki eta ertainak.
Itunak merkatua desarautuko duela diote, eta, ondorioz, prezioen aldakortasuna gero eta handiagoa izango dela. Sindikatuek txarretsi dute horrek ekoizleen prekaritatea larriagotuko dutela, soldatari, lan baldintzei eta lan orduei eragingo dielako.

Krisi klimatikoarentzat ere txarra izango da, Bizkaiko EHNEren eta ENBAren esanetan. «Akordio hori ez da bateragarria Itun Berdearekin eta Baserritik mahaira estrategiarekin». Diotenez, agroekologian oinarritutako eredu iraunkorragora egiten ari diren trantsizioa ahulduko du.
Hori dela eta, Europako Batasuneko estatu kideei elikadura merkataritza errotik aldatuko duen eztabaida bat sortzeko eskatu diete. «Munduko merkataritza esparru berri bat eraiki behar dugu, herrialdeen elikadura burujabetza errespetutako duena eta biodibertsitate produktiboa zainduko duena». Europako Nekazaritza Politika eraldatu nahi dute, halakoa bihurtzeko: modu ekitatiboan banatuko den aurrekontu sendoa eta berezitua duena, merkatua erregulatuko duena eta trantsizio agroekologikoa sustatuko duena. Azpimarratu dute, era berean, barne merkataritza indartu behar dela, ekoizpena kontrolatzeko mekanismoak erabilita.