Bizkaiko Gurutze Gorriak zaurgarritasun egoeran dauden 22.335 pertsona lagundu zituen iaz

Iazko balantzea plazaratu du elkarteak, eta nabarmendu du konpromiso komunitarioa sendotu egin dela. Inplikazioa sustatzen segitu nahi dute aurten, baita naturaren inguruko kezka indartzen ere.

Etxegabe bat Bilbon, iazko urtarrilean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Etxegabe bat Bilbon, iazko urtarrilean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Leire Rodero
2025eko ekainaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bizkaian sendotu egin da konpromiso komunitarioa. Hori da Gurutze Gorriak atera dituen ondorioetako bat, iazko jardueraren balantzea egitean. Elkarteak 138.311 esku hartze baino gehiago egin zituen joan den urtean. Bizkaian zaurgarritasun egoeran dauden 22.335 pertsonari eman zien arreta, eta 2.888 boluntario izan zituen: haietako %57 emakumeak, batez beste 45 urtekoak. Komunitate jarduerei dagokienez, 4.000 parte hartzaile baino gehiago inplikatu ditu, eta 5.524 ikasle prestatu ditu zenbait formakuntzaren bidez. Gainera, 43 boluntario mobilizatu zituen Valentziako (Herrialde Katalanak) tanta hotzean laguntzeko. Guztira, 17 milioi euroko aurrekontua izan zuen, eta horren %80,7 eragin sozialeko proiektuetarako erabili zuen zuzenean.

Iazko erronka nagusien artean, bi nabarmendu ditu Guillermo Vazquez Bizkaiko Gurutze Gorriko koordinatzaileak. Lehenengoa, loteen bidez elikagaiak banatzeko sistematik diru txartelaren eredurako aldaketa egitea. «Duintasuna ekarri du; orain, produktu kopurua handitzeaz gain, bakoitzak behar dituen produktuak erosi ahal ditu», balioetsi du koordinatzaileak.

«Valentziako tanta hotzean, Bilboko 1983ko uholdeak bizi izan zituzten boluntarioek gogorarazi zuten pneumatikoen zulaketak konpontzeko kitak oso beharrezkoak direla»

GUILLERMO VAZQUEZBizkaiko Gurutze Gorriko koordinatzailea

Bigarren erronka Valentziako iazko udazkeneko tanta hotzari emandako erantzunean parte hartzea izan zen. Kaltetuei laguntzeaz gain, ikasketa logistiko baliotsuak atera zituzten. «Bilboko 1983ko uholdeak bizi izan zituzten boluntarioek gogorarazi zuten pneumatikoen zulaketak konpontzeko kitak oso beharrezkoak direla halako egoeretan». Izan ere, kalean pilatutako zaborra dela eta, pneumatikoak erraz ziztatzen dira. Boluntario gazteenek ez zekiten hori, baina Bilboko uholdeak bizi izan zituztenei esker ikasi zuten, Vazquezek adierazi duenez.

Bizkaiko Gurutze Gorriko koordinatzailearen arabera, erakundeak helburu argi bat du urte honetarako: «Komunitate eginkizuna indartzea eta erronka berrietara egokitzea». Erakundearen lana ez baita sorostea bakarrik; askotariko esparruak hartzen ditu: gizarteratzea, enplegua, hezkuntza, osasuna eta ingurumena, besteak beste. Zehazki, Vazquezek arreta berezia eman dio enplegagarritasunari, «batez ere gazteen eta 45 urtetik gorakoen egoerari», bi talde horiek oztopo handiagoak baitituzte lan merkatuan sartzeko. «Komunitateak hainbat erronka konpontzeko gakoa du, eta Gurutze Gorriak partaidetza kolektibo horren sustatzailea izan nahi du aurten ere».

Naturarekiko konpromisoa

Gurutze Gorriak eginkizun asko betetzen ditu: hondartzak garbitzeko txandak antolatu, hotz boladetan kalean bizi direnei lagundu, adinekoen bakardadeari aurre egiteko tresnak eskaini eta Bizkaian lehen enplegua lortu nahi dutenei formakuntza bermatu.

Bizkaiko Gurutze Gorria orain dela 152 urte sortu zuten, hasieran helburu humanitario hutsarekin, Vazquezek gogorarazi duenez. Hala ere, denboraren poderioz «eboluzionatuz joan da», gizarte laguntzan eta komunitate sareen sorreran oinarritutako erakunde bihurtu arte. «Botere publikoen laguntzaileak gara, betiere hasierako ikuspegi humanitarioarekin jarraituz», gaineratu du.

(ID_17500834011245) (/Alberto Sanz De La Cal) Gurutze Gorriko boluntarioak Zallako Mazuco mendiko basoa berritzeko lanetan
Gurutze Gorriko boluntarioak Zallako Mazuco mendiko basoa berritzeko lanetan, iazko martxoan. ALBERTO SANZ DE LA CAL / BIZKAIKO GURUTZE GORRIA

Gurutze Gorria larrialdi egoerekin lotu ohi den arren, helburuen artean ingurune naturalarekiko konpromisoa ere bada. «Ingurumenarekin lotutako hiru jarduera-ardatz ditugu: sentsibilizazioa, ingurunearen hobekuntza eta karbono aztarnaren konpentsazioa», esplikatu du Vazquezek. Hezkuntza jarduerak ematen dituzte, hondartzetan eta parkeetan hondakinak biltzeko eta sailkatzeko kanpainak antolatzen dituzte, eta ingurumenaren kontserbazioan herritarren parte hartzea sustatzen dute, besteak beste.

Jasangarritasun proiektuari lotutako zereginetako bat izan zen hauxe: sute baten ondoren, Zallako Mazuco mendiko hamar hektareako basoa berritu zuten. «Boluntarioekin, familiekin, udalarekin eta aldundiarekin egin genuen lan, eta hurrengo 30 urteetan zaintzeko konpromisoa ere hartu genuen».

«Gero eta argiago daukagu arazo sozialak komunitatearen partaidetzaren bidez konpontzen direla»

GUILLERMO VAZQUEZ Bizkaiko Gurutze Gorriko koordinatzailea

Gurutze Gorriaren motorra boluntariotza da oraindik ere. «Boluntario gehienek 40 eta 49 urte bitartean dituzte, eta %57 emakumeak dira», osatu du Vazquezek. Jende hain desberdina izateak erakusten du jarduerak zein zabalak diren, eskola errefortzutik hasi eta itsas salbamenduraino. «Pertsonak altruismoz sartzen dira erakundera, eta euren gaitasunen arabera aukeratzen dituzte proiektuak», azaldu du koordinatzaileak. Erakundeak tokian tokiko batzarrak ditu Bizkaian zehar, eta bakoitzak bere lan ildoak ditu. «Batzar guztiek ez dute gauza bera egiten: batzuk arlo sozialean oinarritzen dira, beste asko sorospen alderdian, eta beste batzuek itsas salbamenduan egiten dute lan; esaterako, Bermeoko, Ondarroako eta Getxoko batzarrek».

Vazquezek garrantzi handia eman dio gizarte elkartasunari, eta uste du hori ez dela adierazpen sinboliko hutsa: «Gero eta argiago daukagu arazo sozialak komunitatearen partaidetzaren bidez konpontzen direla». Haren aburuz, nahi ez den bakardadea errazago antzematen da eguneroko inguruneetan. «Farmaziakoak jakin dezake pertsona batek medikazioa jasotzeari utzi dion ala ez. Edo dendariek nabari dezakete pertsona bat jada ez dela etxetik irteten. Sare horiek ematen dute modua laguntza azkarrago eta hobeto iristeko».

12.096

Caritas Bizkaiak zenbat lagun artatu zituen iaz Caritas Bizkaia erakundeak 12.096 laguni eman zien laguntza iaz; %52, emakumeak. Azken urteko memoria aurkeztu zuten herenegun, eta nabarmendu zuten gero eta egoera konplexuagoan dauden pertsonak artatzen dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.