Bizkaiko Foru Aldundiaren asmoa zen 2026a bukatu aurretik zabalik egotea Markina-Xemein eta Etxebarria arteko saihesbidea, baina martxoaren 13tik obra etenda dago. Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuaren esanetan, beharrean dabiltzan lurraren «eredu geologiko konplexua» egin behar dute tuneleko hondeatze lanak «segurtasunez» egin ahal izateko. Uste dute gehienez sei hilabete beharko dituztela horretarako, beraz, asmoa da irailean lanei berrekitea. Batzar Nagusietako Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Batzordean arazoen berri eman du diputatuak, EH Bilduk eskatuta. Ez du esan gura izan gorabehera horien ondoren noizko bukatuko duten azpiegitura berria, eta zenbat garestituko diren obrak.
Ikusi gehiago
Markinako herriguneko trafikoa murriztea nahi dute saihesbidearen bidez; batez ere, trafiko astuna kanpora ateratzea. Horretarako, 335 metroko tunel bat eraikitzen ari dira. Hasi aurretik karakterizazio geotermiko «sakona» egin zuten, baina, lanean dabiltzala, azterketa hartan ikusi gabekoak topatu dituzte. Diputatuaren esanetan, lursail horretako materialak ez dira homogeneoak: «Kalitate baxuko harriak eta faila tektonikoak daude».
Hondeatze lanetan dabiltzala, hainbat ezusteko izan dituzte. Esaterako, edateko uraren tratamendurako Iparragirreko estazioan. Hondeaketari lotutako lur mugimenduek «zentimetro batzuetako» desplazamenduak eragin zituzten estazioko eraikinaren ertz batean. Alzagak azpimarratu du kalte «estetikoak» izan zirela: «Zerbitzuan, egituran eta funtzionamenduan ez zuten eraginik izan». Hala ere, lurra egonkortu egin dute. Era berean, tunelaren Etxebarriako aldean luizi bat gertatu zen, eta gainazaleraino irten zen zulo bertikal bat sortu. Teknikoki, tximinia dute izena. Material degradatuak eta ura dauden ingurune batean gertatu zen. Zementuarekin bete dute zuloa, mugitutako lurra sendotzeko.
Edateko uraren tratamendurako Iparragirreko estazioan lur mugimenduak izan dira, baina kalte «estetikoak» baino ez dituzte eragin; Etxebarria aldean luizi bat gertatu zen, eta gainazaleraino irten zen zulo bertikal bat sortu
Gertaera horiengatik erabaki zuten martxoaren 13an lanak aldi baterako etetea. Bien bitartean informazioa biltzen ari dira diputazioko teknikariak. «Ez dugu ezusteko gehiagorik gura», ohartarazi du diputatuak. Azpimarratu du lehentasuna beharginen eta inguruko azpiegituren segurtasuna bermatzea dela. Espero du irailean lanak bukatzeko data zehatza eta kostu eguneratuak jakinarazi ahalko dituela.
EH Bilduko batzarkide Raul Mendezek diputatuaren «gardentasuna» eskertu du, eta foru aldundiak «zuhur» jokatu izana balioetsi du. Hala ere, kezka agertu du Alzagak ez duelako egutegi zehatzik eman. Izan ere, gogoratu du proiektu estrategikoa dela Lea-Artibaiko herritarrentzat.
Pasabidea, N-634 errepidean
Batzordera joan aurretik, Zornotzan izan da Alzaga, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiarekin eta Zornotzako alkate Ainhoa Salterainekin. San Antonio auzoan, N-634 errepidearen gainean diputazioa eraikitzen ari den pasabidea bisitatu dute. Ibilgailuen joan-etorri handiko eremua da: egunero, 20.000 igarotzen dira handik; haietako asko, astunak. Azpiegitura berri horren bidez, oinezkoen mugikortasuna seguruagoa izatea lortu gura dute.

Bidearen alde banatan dauden etxebizitza eremua eta enpresak lotuko ditu, eta Bizkaibusen geralekuetara joateko ere erabiliko dute herritarrek. Igogailuak ere izango ditu pasabideak, mugikortasun arazoak dituztenek ere erabili ahal izateko. Horrez gainera, espaloi berriak eraikiko dituzte, eta hobekuntzak egingo dituzte autobus geralekuak dauden inguruan.
Diputazioaren asmoa da hilabete barru pasabidea zabalik egotea. 1,6 milioi euroko inbertsioa egin dute, eta 200.000 euro Zornotzako Udalak ordaindu ditu; bukatutakoan hura izango da azpiegituraren jabea, eta berak egin beharko ditu mantentze lanak ere.