Ekainera arte atzeratuko dute Bilboko metroaren laugarren linearen zati bati dagokion proiektua, Plaza Eliptikotik Iralarako zatiarena

Atzeratzearen ondorioz, erakundeek iragarri baino %85 diru gutxiago ipiniko dute 2027an Bilboko metroaren laugarren linearen proiekturako.

Elixabete Etxanobe Bilboko metroaren laugarren linea aurkezten, iazko abenduan, Errekalde plazan. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Elixabete Etxanobe Bilboko metroaren laugarren linea aurkezten, iazko abenduan, Errekalde plazan. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko azaroaren 25a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko metroaren laugarren linearen hiru zatiren proiektuak idatzita egongo dira urtea bukatzerako: Matikoren eta Deusturen arteko zatiarena, Deusturen eta Plaza Eliptikoaren artekoarena, eta Iralaren eta Rekalderen artekoarena; gero, obrak adjudikatuko dituzte. Baina ETS Euskal Trenbide Sareak ekainera arte atzeratu du Plaza Eliptikoaren eta Iralaren arteko zatiaren proiektua, eta, horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri baino %85 diru gutxiago ipiniko dute datorren urtean linea horretarako. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak kontatu du gaur, Batzar Nagusietako kontrol saioan, PPk egindako galdera bati erantzunez.

Apirilaren 30ean sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko metroaren laugarren linea elkarrekin finantzatzeko akordioa. Asmoa da datorren urte bukaeran hastea beharrean, eta 2033aren amaierarako bukatzea. ETSk eraikiko du linea, eta 411 milioi euroko aurrekontua izango du horretarako: %55 Jaurlaritzak ipiniko du eta gainerako %45a diputazioak. Datorren urterako, aurreikusita zeukaten 24,8 milioi euroko ekarpena egitea; diputazioak 11,16 ipini beharko zituen. Baina datorren urterako foru aurrekontuen proiektua aztertzean, PPko batzarkideak ohartu ziren Bizkaiak 1,7 milioi euro baino ez dauzkala jasota horretarako. Horregatik egin diote galdera Etxanoberi.

63,58

Bizkaiko Garraio Partzuergoak zenbateko aurrekontua duen metroko tren berrietarako, milioi eurotan. Bizkaiko Garraio Partzuergoak datorren urterako aurrekontua onartu du behin-behinean. 293,67 milioi euro izango ditu 2027an. Azaldu dutenez, oinarri bi izango ditu: Bilboko metroaren berritzea hastea eta garraio publikoaren tarifak merkatzeko diru laguntzen indarraldia luzatzea. Erakundeen asmoa da metroaren lehen eta bigarren lineetako trenak berritzea, eta, horretan hasteko, 63,58 milioi euro ipiniko ditu partzuergoak datorren urtean. 

PPko batzarkide Pablo Gomez-Guadalupek salatu du azalpenik eman gabe moldatu dutela diru ekarpena, eta bere taldea ohartu izan ez balitz,herritarrek ez luketela horren berri izango: «Bizkaitarrek eskubidea dute jakiteko zer aldatu den, nork hartu duen erabakia eta zer ondorio izango dituen obrak hasteari dagokionez». Etxanobek ez du egutegi zehatzik aipatu gura izan, argudiatuta horri buruzko azalpenak obrak egingo dituen erakundeak eman behar dituela. Gogoratu du trenbideak eraikitzea ez dela diputazioaren eskumena, eta, hala ere, Bilboko linea guztien finantzaketan parte hartu duela, iruditzen zaiolako metroak Bizkaiko gizarte eta lurralde kohesioa bultzatzen duela. «Laugarren lineari ere ez zaio finantzaketarik faltako, baina obren behar errealetara egokituta. Zertarako ipini aurreikusitako 11,16 milioiak, oraindik behar ez badira? Horrek ez luke obren hasiera egun bakar bat ere aurreratuko». Herritarrak «arrazoirik gabe haserretzeko helburu hutsa» izatea leporatu dio ahaldun nagusiak Gomez-Guadaluperi.

Urrian Jaurlaritzarekin eta ETSrekin egindako bileran izan zuen diputazioak aldaketen berri, eta orduan moldatu zuten laugarren linearen plan ekonomikoa ere. Bizkaiko Foru Aldundiak biharko gobernu kontseiluan emango dio oniritzia.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA