Enkarterrin ere eskaeraren araberako Bizkaibus zerbitzua jartzeko eskatu diote Batzar Nagusiek diputazioari

Bizkaiko politika orokorreko bilkuraren ostean batzarkide taldeek egindako hogei proposamenak bozkatu dituzte, eta zortzi onartu dituzte.

Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkura, gaur, Gernika-Lumoko batzar etxean. BERRIA
Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkura, gaur, Gernika-Lumoko batzar etxean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko urriaren 2a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaian mugikortasun arazo handienetakoak dituen eskualdea da Enkarterri. Horregatik, Bizkaiko Batzar Nagusiek Enkarterrin garraio publikoa hobetzeko eskatu diote foru aldundiari. Aparte dauden auzoak Bizkaibusen linea nagusiekin lotuko dituen eskaera bidezko zerbitzua martxan jartzea nahi dute, eta baita ere eskualdeko herriak tren geltokiekin lotzen dituzten Bizkaibusen lineetako maiztasuna eta ordutegiak hobetzea.

Joan den asteko politika orokorreko eztabaidaren harira batzarkide taldeek egindako proposamenak bozkatu dituzte gaur goizean, Gernika-Lumoko batzar etxean egindako osoko bilkuran. Elkarrekin Bizkaia taldeak eta foru gobernuak adostutakoan, hain zuzen, Enkarterrin garraioa hobetzea eskatu dute, eta aho batez onartu dute Batzar Nagusietan. Eneritz Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeramaileak gogoratu du Enkarterri dela Bizkaian adierazle sozioekonomiko txarrenak dituen eskualdea. «Garraio publikoan inbertitzea aukera berdintasunean eta gizarte kohesioan inbertitzea ere bada», gaineratu du.

Adostu dutenez, Lanestosan, Karrantzan, Turtziozen, Artzentalesen, Sopuertan, Galdamesen eta Gordexolan ipini beharko du foru aldundiak eskaera bidezko Bizkaibus zerbitzua. Era berean, Enkarterriko herriak Balmasedako, Zallako, Gueñesko eta Muskizko tren geltokiekin hobeto lotu beharko ditu.

Etxebizitza eta industria

Guztira, hogei proposamen aurkeztu dituzte gaurko bilkuran bozkatzeko, baina zortzi baino ez dituzte onartu. Esaterako, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak joan den asteko eztabaidan iragarri zuen foru lursailen inbentarioa egingo dutela, udalen eta Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko, haietan etxebizitzak eraiki ahal izateko. Etxanoberen asmoak babesten dituen proposamena aurkeztu dute foru gobernuari eusten dioten talde biek —EAJk eta PSE-EEk—, eta onartu egin da, baina ez dute oposizioarekin adostea lortu. Madariagak txarretsi du idatziak ez argitzea orube horietan eraikiko diren etxebizitzak publikoak liratekeen ala ez. «Lursail publikoak sakrifikatuko baditugu, alokairu sozialerako izan beharko dira, eta ez gero saltzeko», ohartarazi du.

Jeltzaleek eta sozialistek etxebizitzari lotutako proposamen horretara batu dituzte 3.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrientzako diru laguntzak ere. Laguntza horiek udal araudiak aldatzea izango lukete xede, araudi berriak etxebizitza publikoak bultza ditzan. EH Bilduko Iker Casanovak gainkarga bat eragitea leporatu die udalei. Tentsio handiko eremuetan alokairuen prezioak mugatuko lituzkeen indizea ezarri ahal izateko, Bizkaiko Ogasunak eman beharreko informazioaren zain dago Espainiako Gobernua. Casanovak salatu du Bizkaia izango dela informazio hori emango duen azken lurraldea.

Beste proposamen baten bidez, Bizkaiko industria sarea indartzeko politikak bultza ditzala eskatu diote EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak diputazioari. ERa berean, bultzada hori hazkunde ekonomikoa lortzera mugatu ez dadila eskatu diote lau taldeek; «gizarte justizia, benetako trantsizio energetikoa eta iraunkortasuna» ere kontuan hartzeko esan diote.

Urdaibaiko Guggenheim

Ostera, onartu ez diren proposamenen artean EH Bilduk Urdaibaiko Guggenheimi lotuta egindakoa aipatu beharra dago: koalizioak nahi du eskualdean egiten ari diren entzute prozesua loteslea izatea museoa egin edo ez erabakitzerakoan. «Esaten badugu gobernantza krisi sakona dagoela eta arazo bat daukagula faxismoaren gorakada dela-eta herritarrek instituzioak gero eta urrunago ikusten dituztelako, ezin dugu bultzatu Urdaibaiko Guggenheim proiektua eskualde oso bateko gehiengoaren borondatearen aurka», ohartarazi du Casanovak.

Joan den asteko eztabaidan, ahaldun nagusiak esan zuen Guggenheim museoko patronatuak izango duela azken hitza, entzute prozesu horren eta bideragarritasun azterketaren emaitzak ezagutu ondoren. Gaineratu zuen gaur-gaurkoz hainbat faktorek baldintzatzen dutela proiektuaren bideragarritasuna. Esaterako, lehenbizi, epaile batek zehaztu beharko luke Muruetan zer den itsasoaren parte eta zer ez, jakiteko non eraiki daitekeen eta non ez. 

Gazan bizi duten egoera ere izan dute berbagai batzarkideek gaurko saioan, baina ez dute lortu adierazpen bateratu bat adostea. Azkenean, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutakoa onartu dute, bi alderdiok duten gehiengo osoari esker. EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak Israelgo Estatuarekin harremanak apurtzea gura zuten. Onartutako adierazpenak zera eskatzen dio diputazioari: Palestinako herritarrei emandako laguntza handitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.