Urdaibaiko sarrera nagusia da Muxika. Handik sartzen dira eskualdera doazen ibilgailu gehienak eta trena. Zornotzatik datorren BI-635 errepideak zeharkatzen du herria, Gernika-Lumora bidean. Udalerri sakabanatua da, auzoak errepidearen alde batean edo bestean dituela. Egunero, 20.000 ibilgailu igarotzen dira handik, eta %5 astunak dira. Gainera, Miango-Agerre-Untxeka industrialdea eraikitzen hasiko dira aurki. Bizkaiko handiena izango da. Obrak irauten duten bitartean, kamioien joan-etorria etengabekoa izango da, eta are gehiago enpresak martxan hasten direnean. «Bide horretan istripu asko gertatu dira, eta beldur gara», esan du Monica Martinez muxikarrak. Beste herritar batzuekin batera mobilizatzea erabaki du. Apiriletik, domekero martxa bat egiten dute, Bizkaiko Foru Aldundiari segurtasuna eskatzeko. 11:30ean abiatzen dira, Kurtzeroko aparkalekutik. «Arazo bat daukagu, eta konpontzea nahi dugu».
Zazpi kilometroko tartea da kezkatzen dituena, Gernika-Lumoko saihesbidetik Autzaganera arteko zatia. Eremu horretan, norabide bakoitzean lerro bakarra dauka errepideak. «Bihurgune arriskutsuak daude, bazterbideak eskasak dira, eta auzoetara joateko bideak ere ez daude egokituta. Eta ez autoz joateko bakarrik, baita oinez ere». Martinezen esanetan, domeketako mobilizazioen helburua gertatzen denaz ohartaraztea da. Hau da, ez dute eskaera zehatzik egiten. Uste du premiazko neurriak hartu behar direla, ezbeharren bat gertatu aurretik. Ezinbestekoa deritzo ibilgailuek abiadura muga betetzen dutela bermatzeari, eta horretarako baliabideak jarri beharko liratekeela esan du.
Duela hilabete batzuk, zebra bide bat margotuta agertu zen bide horretan. Martinezek esan du ez zela protestak antolatu dituen herritar taldea izan. «Agian beharko dira zebra bideak leku batzuetan. Askotan jendeak edonondik gurutzatu behar izaten du, adibidez, Bizkaibus geltokira joateko, ez dagoelako zebra biderik. Baina guk zera nahi dugu, Bizkaiko Foru Aldundiak aztertu dezala egoera, eta konponbide bat aurkitu dezala».
Gura baino motelago
BERRIA-k Azpiegituretarako eta Lurralde Kohesiorako Sailarekin egin du berba. Diotenez, ulertzen dituzte herritarren kezkak eta beldurrak. Hala ere, ohartarazi dute diputazioa badabilela lanean: «Dagoeneko egiten ari garen zerbait eskatzen ari dira». Saileko iturriek azpimarratu dute Muxika Urdaibaiko biosfera erreserban dagoela, «onerako eta txarrerako», babes horrek «mugak eta baldintzak» jartzen dituelako, eta, ondorioz, «prozesuak moteldu» egiten dituelako. Besteak beste, azpimarratu dute diputazioak baduela errepidea Zugastieta eta Areatza artean hobetzeko plan bat. 2024tik ari dira horrekin beharrean, idatzita eta tramitatuta dago, eta dagoeneko Urdaibaiko patronatuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren oniritzia ere jasoa du, muga batzuekin.
Besteak beste, Zugastietan BI-3321 errepiderako sartu-irtenak hobetzeko neurriak hartuko dira. Ibilbide osoan bihurguneak leunduko dira, bereziki Oka auzokoak. Etxebizitzetarako eta negozioetarako sarrerak ere hobetuko dituzte. Bazterbideak zabalduko dira, eta autobus geltokiak hobetuko dira. Zugastietako lotunetik ehun bat metrora Oka ibai gainean dagoen zubia handituko da, eta pasabide bat eraikiko da Torrebarri errekaren gainean.Â

Horrez gainera, bi azterlan egingo dira Kurtzeroko trafikoa eta etorkizuneko industrialdekoa aztertzeko. Bidegurutzeari dagokionez, semaforo sistemarekin hobetu gura dute ibilgailuen joan-etorria. Fabrikei dagokienez, zer trafiko sor dezaketen jakin gura dute, neurriak hartzeko. Azkenik, Muxika eta Gernika artean egingo duten bidegorriaren ibilbidea zehazten ari dira.
Beste bide bat
Aspaldiko aldarrikapena da Muxikan bidegorri hori, eta luze iritzita daude. Gainera, Martinezi iruditzen zaio «hobekuntzak» direla diputazioak proposatzen dituenak, baina ez du uste horiek arazoa konponduko dutenik. «Gure ustez, egokiena litzateke trafikoa beste leku batetik bideratzea». Oraingoz ez dute harremanik izan foru aldundiko ordezkariekin. Udaletxean egon da diputazioaren plana ipinita, alegazioak aurkeztu ahal izateko. Beraz, herritar taldeak udalarekin izan ditu harremanak. Begoña Enbeita alkateak ulertzen eta partekatzen ditu muxikar horien kezkak. Are gehiago: berak eta udal gobernuko zinegotziek domeketako protestetan parte hartzen dutela esan du, norbanako moduan. «20.000 auto pasatzen dira egunero hemendik. Muxikan, 1.500 lagun bizi gara. Diputazioak balantzan jartzen gaitu batzuk eta besteak, eta lehentasuna ematen die 20.000 autoei», esan du alkateak.
Uste du zebra bideak eta semaforoak falta direla bidean, baina diputaziokoek esaten diote goizetan egoten diren auto pilaketak are gehiago handituko liratekeela. Biribilguneak ere eskatu dituzte, beste errepideetatik BI-635era irteerak seguruagoak izateko. «Askotan, errepidera irten aurretik trenbidea ere gurutzatu behar dugu, elkarren ondotik doazelako, eta ez dugu ikusten errepidetik autorik datorren». Alkateak dioenez, egiten dituzten eskaera zehatzak azterlanekin justifikatzeko eskatzen dio diputazioak udalari. «Herri txikia gara, eta ezin ditugu ordaindu».
Muxikako EAJk ere egin du berba. Ohar bidez jakinarazi dute bat egiten dutela mobilizatzera deitu duten herritarren kezkekin. Nabarmendu dute arazoa aspaldikoa dela eta urteak daramatzatela konpontzeko lanean, eskualde mailako plangintzan eta erakundeetan egindako proposamenen bidez.