Oraintsu Bizkaiko Foru Ogasunak emandako datuen arabera, irailera arte iazko epe berean baino %2,07 gehiago bildu dute. Urte osorako diputazioaren aurreikuspena %5,3ko hazkundea da. Hiru hilabeteren faltan, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeek zalantzan ipini dute kopuru hori. Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia Batzar Nagusietan izan da gaur, eta kalkulu hori berretsi du: «Azken hiruhilekoan biltzen dugu diru gehien, eta gainera adierazle ekonomikoek ere igoera hori iragartzen digute». Ahaldun nagusiaren esanetan, datu «oso onak» dira, eta Bizkaiko ehun ekonomikoaren «sendotasuna» erakusten dute.
Joan den astean Finantzen Euskal Kontseiluak eta aste honetan Bizkaiko Lurralde Finantzen Kontseiluak jakinarazitakoaren berri eman du Etxanobek Iraskunde Batzordean. Egunotan ezagutarazi diren datuak gogoratu ditu. Aurreikuspenen arabera, Foru Ogasunak 10.997,3 milioi euro bilduko ditu aurten, eta datorren urtean %7,5 gehiago. Ahaldun nagusiaren esanetan, bilketaren gorakada hori zerga zuzenek bultzatu dute. Izan ere, iaz baino %5,7 gehiago bilduko dute PFEZaren bitartez, eta %23,2 gehiago sozietate zergarekin. Ostera, zerga ez zuzenen gorakada %2koa baino ez da izan, Etxanoberen esanetan, Ekialde Hurbileko gatazkak eragindako prezioen gorakadari aurre egiten laguntzeko hartu dituzten zerga neurrien ondorioz. Horiek horrela, zeharkako zergetan ez da beteko aurreikuspena.
Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeramaile Eneritz Madariagak ere egokitzat jo du bilketaren emaitza. «Ikusi dugu errenta baxu eta ertainei laguntzeko iaz adostu genuen zerga berrikuspenak eta PFEZaren deflatazioak ez zutela eragin negatiborik izan finantza publikoetan. Beraz, neurri onak izan dira». Hala ere, ohartarazi du «oraindik ere» lanaren errentek egiten dutela esfortzu handiena diru bilketan. «Bizkaiko familiei ahalegin handia eskatzen zaie, eta, inflazioa dela eta, ez dira garai onak bizitzen ari. Erosahalmena galtzen ari dira». Horregatik, esfortzua «hobeto banatzeko» ahalegina egin behar dela esan dio Etxanoberi.
Inflazioaren ondorioak
Ahaldun nagusiak, ostera, ez du uste langileek gehiago ordaintzen dutelako biltzen dutela gehiago, baizik eta behargin gehiago dabiltzalako beharrean. «Ezegonkortasun garaiak bizitzen ari gara, baina gure ekonomia eta zerga sistema gai dira egoera horri aurre egiteko. Zerbitzu publikoak bermatzeko baliabide nahikoa ditugu, eta herritarren beharrei erantzuteko politika publikoak bultzatzen ari gara». Alde horretatik, Unai Lerma batzarkide jeltzaleak Finantzen Euskal Kontseiluak adostutako PFEZaren %3ko deflatazioa goraipatu du, «langileei arnasa hartzen lagunduko» dielako. «Enplegu kopuruan markak hausteko zorian gaude Bizkaian: hori da datu hauen gakoa», nabarmendu du EAJko kideak.

EH Bilduko Arantza Sarasolak ere inflazioan ipini du arreta; zehatzago, diputazioari zelan eragingo dion. Izan ere, herrialdeko inflazioa %5,3aren bueltan dago. Beraz, Sarasolaren esanetan, zerga bilketa hazi arren, diputazioak gaitasun ekonomiko txikiagoa izango du zerbitzu publikoak eskaintzeko. Gainera, zerga bilketaren datuak ez zaizkio «hain onak» iruditu. «Diru bilketaren igoera EAEn %2,7koa da; Nafarroakoa %9,23koa da, eta [Espainiako] Estatukoa, %8,2koa. Aldea oso handia da, kezkatzeko modukoa, eta aztertu egin beharko genuke».
PPko Raquel Gonzalezek bilketaren igoera «diputazioaren lorpen» gisa azaldu izana txarretsi dio Etxanoberi. BEZaren igoerari erreparatu dio. «Ez da gehiago bildu bizkaitarrak poz-pozik kontsumitzen ari direlako. Gutxiago erosten dute, baina prezioak hainbeste garestitu direnez, azkenean gehiago biltzen du Ogasunak».