Errenta zergaren taulak beste %3 deflatatuko dituzte foru aldundiek 2027an

Urtarriletik aurrera sartuko da indarrean, eta aurretik egindakoei gehituko zaie. Zergen bidez aurten 21.365 milioi euro bilduko direla kalkulatu dute, eta 22.681 milioi euro datorren urtean.

Finantzen Euskal Kontseiluaren familia argazkia, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Finantzen Euskal Kontseiluaren familia argazkia, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
Gasteiz
2026ko urriaren 15a
16:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Inflazioari aurre egiteko neurri gustukorik bada, hori deflatazioa da EAEko erakundeentzat. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek azken bost urteetan gutxienez bost aldiz erabili dute neurri hori —iazko zerga erreforma aintzat hartu gabe— prezioen gorakada herritarren patriketan izaten ari den eragina leuntzeko asmoz. Ukrainako gerra piztu zenean erabaki zuten lehenbizikoz errenta zergaren taulak egokitzea, eta orduz gero urtero egin dute hala. Eta, aurten ere, erregaien garestitzearen ondorioz inflazioak beste jauzi bat egin duen honetan, errezeta berarekin erantzutea adostu dute: beste %3 deflatatuko dute PFEZa urtarriletik aurrera.

Finantzen Euskal Kontseiluak gaur Gasteizen egin duten bileran eman dute erabakiaren berri. Bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako, hiru aldundietako eta Eudeleko ordezkariak. Aurtengo zerga bilketaren itxiera aurreikusi eta datorren urteko aurrekontuak egiteko erabiliko den kalkulua zehazteko zen batzarra. Eta, hain justu ere, foru ogasunek datu oso onak aurkeztu izanak lagundu du zerga aringarrien aldeko pausoa eman ahal izatea.

Ikusi gehiago

Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerga bilketak giharra erakutsi du beste behin. Izan ere, dena ondo bidean, iaz bildutako kopurua ez ezik, urte honetarako espero zena ere gainditu egingo du urte amaierako emaitzak. Hiru foru aldundiek kalkulatu dute zergen bidez guztira 21.365 milioi euro bilduko direla aurten, hots, iaz baino %5,1 gehiago, eta aurreikusi baino 235 milioi gehiago (+%1,1). Datua adierazgarria da, urte osoan bilketa espero zenaren atzetik joan delako, erakundeek energiaren garestitzeari aurre egiteko martxan jarritako neurrien ondorioz, hein handi batean. 

Edonola ere, ekonomiaren eta lan merkatuaren bolada onak hauspotuta bilketa aurreikusitako bidera itzultzea espero da. Kalkulatu baitute iaz baino gehiago bilduko dela PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta sozietate zergaren bitartez: %6,4 eta %15 gehiago, hurrenez hurren. Langabezia jaitsi eta soldatak igo izanari esker, errenta zergan 500 milioi gehiago biltzea aurreikusten da; 8.473 milioi denera.

Halaber, enpresak ziurgabetasunari aurre egiteko erakusten ari diren gaitasunari esker, iaz galdutakoaren zati bat berreskuratzea espero da —%17,3 amildu zen iaz—. 2024ko kopuruaren azpitik jarraituko du oraindik, hala ere: 1.740 milioi bildu ziren orduan, eta 1.640 milioi espero dira aurten.

finantzen euskal kontseilua
Aldundietako eta Eudeleko ordezkariak, bileraren aurretik. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Zeharkako zergei dagokionez ere, BEZak %4,5 gora egitea espero da: 8.143 milioi euro guztira. Aurrekontua egiteko erabilitako zenbatekoa baino gutxiago da hori, ordea. Energiaren garestitzeari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz, kalkulatu baino 73 milioi gutxiago (-%0,9) biltzea espero baita. Jaitsiera handiagoa da, berriz, zerga berezien kasuan: %8 gutxiago biltzea espero da; 1.464 milioi denera. Jaitsiera hori nagusiki hidrokarburoen eta argindarraren zergak bultzatuko du, Espainiako Gobernuak agindutako kenkariak direla eta.

Lurraldeka, Bizkaian eta Gipuzkoan izango du bilketak igoerarik handiena: %5,3. Araban, berriz, %4,3 handituko da guztira, baina sozietate zergak galgatuta —soilik %1,9 handituko da—. Hain zuzen, autogintza makalaldian dela enpresek enpleguari eusteko eginiko ahalegina azpimarratu du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere enpresen bilakaera positiboa nabarmendu du, salmentak handitzea lortu dutelako. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak, berriz, azpimarratu du bilketaren emaitzak ekonomia «indartsu» dagoela erakusten duela, eta erakundeek egindako «etxeko lanek» ere lagundu dutela.

Konfiantza eta zuhurtzia

Harago joan da Noel D'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburua, eta ekonomiaren «eusteko gaitasuna» nabarmendu du, ziurgabetasunari eta egoera «konplexuari» izkin egin gabe hazten jarraitzen duelako. Horrez gain, azpimarratu du bolada horrek datorren urtean ere segida izango duela, eta barne produktu gordinari lotuta handituko dela zerga bilketa ere. 

Aurreratu duenez, 2027an %6,2 handituko da. Kopuru osotan, 22.681,7 milioi euro dira, inoiz baino gehiago, eta aurten baino 1.317 milioi gehiago. Are gehiago lirateke errenta zergaren taulak deflatatuko ez balituzte, aldundiek kalkulatu baitute 138 milioi euro gutxiago bilduko dutela horren ondorioz. Diru hori herritarren patrikan geratuko dela gogorarazi dute agintariek, hala ere.

Ohi bezala, bildutako hamar eurotik zazpi Jaurlaritzarentzat izango dira. Bizkaiak jarriko du erdia pasatxo: 7.618 milioi euro. Gipuzkoak 5.069 milioi emango dizkio, eta Arabak 2.436 milioi. Ordea, kutxa partekatu horretan jarri beharreko kopurua baino gutxiago bildu dutenez, Egokitzapeneko Funtsetik 65,5 milioi euro jasoko ditu Gipuzkoak, eta 137,6 milioi euro Arabak.

Horiek horrela, «konfiantza» mezua igorri nahi izan dute agintariek aurrekontuei begira. Bozen aurreko azken aurrekontuak izango dira aldundien kasuan, eta hori igarri egin da ahaldun nagusien ahotan. Hitz apalagoak erabili ditu, aldiz, D'Anjouk, eta adierazi du «neurrian» haziko direla. «Zuhur» jokatuko dutela esan du, eta kontuek enplegua sortzen eta zerbitzu publikoei eusten lagunduko dutela. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA