Iaz 209 milioi bidaiarik hartu zuten garraio publikoa Bilbon, 2024an baino %9 gehiago. Eta aurreko urteetan ere haziz joan da kopurua. 2023tik 2025era %15,8ko hazkundea egon zen; beraz, igoera handiagoa da urterik urtera. Nora Abete Bilboko Mugikortasun zinegotziaren esanetan, «zerbitzu unibertsal, irisgarri eta jasangarriaren alde egindako apustuaren emaitza» da. Gainera, azpimarratu du bidaia berrietako asko hiri barruan egin zirela. Horren erakusgarri dira Bilbobusen datuak, zerbitzu horrek izan baitzuen hazkunderik handiena: %35,7ko gorakada. Bilbon garraio publikoak izan zituen hamar erabiltzaile berrietatik lau Bilbobusekoak izan ziren. «Urte bitan 28,5 milioi bidaia gehiago egiteak erakusten du badugula ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko gaitasuna», nabarmendu du zinegotziak.
Goizean eman ditu datuak, Europako Mugikortasun Astearen aurkezpenean. Irailaren 16tik 22ra bitartean egingo dute. Abetek gogoratu duenez, iaz mugikortasun unibertsala izan zuten hizpide. Aurten «beste pauso bat» eman dute, eta belaunaldi guztietako jendeari erreparatu diote. «Herritarren diru sarrerak, bizilekua, generoa, gaitasunak eta adina edozein direlarik ere garraio eraginkor eta jasangarria izan behar dute eskura». Ildo horretan aurrera egiteko ezinbestekoa izango da Bilboko metroaren laugarren linea, zinegotziaren esanetan. Abeterekin batera, Sonia Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun sailburua egon da aurkezpenean, Bilboko Errekalde plazan. Gogoratu du obrak datorren urtea bukatu aurretik hasteko konpromisoa hartu zutela, eta gaur ere epemuga hori berretsi du. Abuztuan lortu zuten ingurumen baimena, eta horren ondoren azterketa informatiboa onartu du gobernuak egunotan. Garcia Chuecak esan du Euskal Trenbide Sarea proiektua idazten dabilela, datorren urterako prest izateko.
Lehenengo fasean metroa Bilbo hegoaldeko auzoetara eroatea da asmoa, eta ondoren Alonsotegira eta Enkarterrira luzatzeko aukera dago. Lehen faseari ekiteko akordioa egin zuten Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak iaz: obrek kostatuko duten 412 milioi euroetatik %55 Jaurlaritzak ordainduko ditu, eta gainontzekoa diputazioak. Matiko eta Errekalde lotuko ditu linea berriaren lehen zatiak, 6,22 kilometroko tartean, eta sei geltoki egin beharko dizkiote, Matikokoaren ondoren: Deustuko Unibertsitatekoa, Casilda Iturrizar parkekoa, Plaza Eliptikokoa, Zabalburukoa, Iralakoa eta Errekaldekoa. Asmoa da datorren urte bukaeran hasi eta sei urtean bukatuta egotea.

Lanak hiri inguru batean egingo dira, eta, ondorioz, ez dute eraginik izango floran, faunan eta akuiferoetan. Hala ere, obrek sortuko duten kutsadura akustikoak kezkatzen ditu teknikariak, eta baita inguruko eraikin historikoetan kalteak eragiteko arriskuak ere.
Metroa izango duten auzo horietan 73.000 lagun bizi dira. Horietako asko adinekoak dira, zinegotziak eta sailburuak nabarmendu dutenez. Hain zuzen ere, 65 urtetik gorakoek «asko» erabiltzen dute garraio publikoa. Berbarako, iaz eta aurtengo lehen seihilekoan, lau milioi bidaia ordaindu ziren Barik Giza txartelarekin Euskotrenen Bizkaiko partean, Garcia Chuecak azpimarratu duenez. Hau da, bidaien %15. Eta bidaia horiei beste batzuk gehitu behar zaizkio: Barik arruntarekin ordaindu duten edo bidaia txartel arrunta erosi duten 65 urtetik gorakoenak. Bidaiari horientzat garraio publikoa zelan irisgarriago egin hausnartuko dute Europako Mugikortasun Astean.
Adinekoak eta salgaiak
Abetek azpimarratu duenez, Espainiako Trafiko Zuzendaritzako Bizkaiko arduradun Esther Martiren kezketako bat adinekoen mugikortasuna izan da, eta, horregatik, berbaldia egiteko aukera eskaintzeaz gain, omenaldia egingo diote. Urteroko Ibiltari saria Jose Antonio Nielfa La Otxoa artistari emango diote. «Oso ohikoa da Bilboko kaleetan topatzea. Nolabait gure hiriko kale eta plazen ikurra da», adierazi du zinegotziak. OMEko Osasun Publiko eta Ingurumen Saileko zuzendari Maria Neira ere Bilbon izango da, mugikortasunaren eta osasunaren arteko loturaz berbetan.
Era beran, aparteko garrantzia emango diete hiri barruan salgaiak banatzeko egiten diren joan-etorriei. Zinegotziak esan du ezinbestekoak direla Bilboko ekonomiaren funtzionamendurako, baina traba handiak sortzen dizkiete bilbotarrei, ibilgailuek kalean traba egiten dutelako eta trafikoan arazoak sortzen dituztelako. Abetek azpimarratu du proiektu batzuk probatzen dabiltzala konponbide bat topatzeko, eta proiektu horiei buruzko jardunaldi bat ere egingo dute.