Garraiobidez aldatzea doakoa izango da datorren urtean Bizkaian

Eguenean onartuko ditu Bizkaiko Garraio Partzuergoak Garraio Publikoa Bultzatzeko Planean jasotako azken neurriak. Intermodalitatea doako bihurtzeaz gainera, tarifen zonakatzea ere sinpletuko dute, besteak beste.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Sonia Perez Ezkerra Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko diputatua, gaur, Barakaldon. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Sonia Perez Ezkerra Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko diputatua, gaur, Barakaldon. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ibai Maruri Bilbao.
BARAKALDO
2026ko ekainaren 9a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaibuseko autobus batetik bestera pasatzerakoan, bigarren bidaia doakoa da iaztik. Intermodalitatean beste pauso bat emango da Bizkaian udazkenean: urriaren 1etik aurrera, Bilboko metroaren hirugarren lineatik —Euskotrenek kudeatzen du— lehen edo bigarrenera pasatzean ere, bigarrena ez da ordaindu beharko. «Adibidez, Lezamatik Gurutzetako ospitalera doan herritar batek Zazpikaleetako metro geltokian aldatuko du linea, eta bidaia bakarra ordainduko du. Modu horretan, garraio publikoa erabiltzeko gogoa kentzen zuen oztopo bat desagertuko da», esan du Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak. Apurka-apurka, herrialdean zerbitzua eskaintzen duten garraio publiko guztietan izango da doakoa intermodalitatea, eta bidaiariak garraiobide batetik bestera pasatu ahal izango dira gehiago ordaindu barik. Datorren urtea bukatzerako prozesua bukatuta edukitzea espero dute.

Barakaldoko Ansioko metro geltokian izan da goizean Etxanobe, eta iragarri du Garraio Publikoa Bultzatzeko Planean jasotako azken neurriak eguen honetan onetsiko dituela Bizkaiko Garraio Partzuergoak. Datorren urtean egingo duten beste aldaketa bat zera izango da: tarifen zonakatze sistema sinpleago bihurtzea. Gaur egun bost eremutan zatituta dago herrialdea, herriak Bilboren inguruan eraztunka antolatuta. Urtarrilaren 31tik aurrera, bosgarren eremuko herri guztiak laugarren eremura sartuko dira, eta hirugarrenekoak, bigarrenera. Hala, hiru eremu baino ez dira egongo. «Ibilbiderik luzeenak egiten dituztenek gutxiago ordainduko dute».

215

 

Zenbat bidaia egin ziren iaz Bizkaiko garraio publikoan, milioitan. 2025ean, inoizko gehien erabili zen garraio publikoa Bizkaian: 215 milioi bidaia egin ziren, 2024an baino %8,6 gehiago eta 2023an baino %15 gehiago. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiaren ustez, azken urteetan zenbait deskontu indarrean ipini zirelako izan zen hala, baina baita «eskaintza hobetu delako» ere. Bizkaitarren %97k garraio publikoko geltoki bat dute etxetik 500 metrora. 

Diputatu nagusiak berak ipini ditu adibidea. «Bizkaibusen, Bilbo eta Lekeitio arteko bidaiagatik Bilbo eta Durango artekoagatik beste ordainduko da». Orain, Durango laugarren zonakoa da, eta Lekeitio bosgarrenekoa; beraz, Durangora joateko 1,90 euro ordaindu behar dira Barik txartelarekin, eta Lekeitiorako, 2,45. Baina aldaketak ez dio soilik autobusari eragingo: Bilboko metroan, Euskotrenen eta Renferen aldiri trenetan ere sartuko da indarrean, eta, horri esker, bidaiariak berdin ordainduko du Bilbotik Erandiora edo Plentziara joan.

Aldaketa horiek garraio publikoaren aurrekontua handitzea ekarriko dute ezinbestean. Diputazioak kalkuluak egin ditu, eta uste dute urtean beste 7,5 milioi inbertitu beharko dituztela. Horri gainontzeko erakundeen partea gehitu beharko zaio. Gainera, tarifak bateratzeko asmoa ere badute, «ohiko erabiltzaileak saritzeko» eta bidaiarien errenta ere kontuan hartuta. Aldaketa konplexua izango dela esan du Etxanobek. Horregatik, bi fasetan egingo dute. Lehenengo, errentaren irizpidea gaur egungo tarifa sisteman txertatuko dute, eta, ondoren, erabileraren maiztasunari lotutako deskontu progresiboak ezarriko dituzte. Zer eta zelan egin otsailaren 28rako erabakiko dute, eta ondoren aplikatuko dira aldaketak.

«Inoiz ez bezalako inbertsio ahalegina egingo dugu bizkaitarrek garraio publikorik onena eduki dezaten. Zalantza barik esan dezakegu oraingoa Bizkaiko mugikortasun iraunkorraren legealdia izango dela»

ELIXABETE ETXANOBE Bizkaiko ahaldun nagusia

Diputatu nagusiaren esanetan, intermodalitatea sustatzeko ez da nahikoa tarifak egokitzea eta garraiobidez aldatzea doakoa bihurtzea. «Azpiegitura berriak, edukiera handiagoa eta zerbitzu hobea behar dira». Bide horretan egiten ari diren lanak aipatu ditu. Legealdia hasi zenetik 750 milioi euroko inbertsioa egin dutela nabarmendu du, eta gogoratu du datozen hamar urteetarako 2.700 miloi konprometitu dituztela. «Inoiz ez bezalako inbertsio ahalegina egingo dugu bizkaitarrek garraio publikorik onena eduki dezaten. Zalantza barik esan dezakegu oraingoa Bizkaiko mugikortasun iraunkorraren legealdia izango dela».

Bizkaiko Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko diputatu Sonia Perez Ezkerra ere agerraldian izan da. Gogoratu du Bizkaibus berritzeko prozesua martxan dagoela. Maiatzaren 22an bukatu zen haren sailak ondutako aurreproiektuari alegazioak aurkezteko epea, eta, orain, «parte hartze» prozesu bat abiatuko dute: Bizkaiko 113 udalerrietara inkesta bat bidaliko dute, jakiteko ea diputazioaren proposamenak tokian tokiko beharrak asetzen dituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE