Gaurtik domekara egingo dute material politikoaren azoka Portugaleten

Azokaren helburua da ohiko tokietatik kanpo dauden askotariko kolektibo eta liburu denda alternatiboei lekua egin eta ezagutaraztea.

Liburu, Fanzine eta Material Politikoaren Azokako postuetako bat, 2022an, Portugaleteko merkatuan. BERRIA
Liburu, Fanzine eta Material Politikoaren Azokako postuetako bat, 2022an, Portugaleteko merkatuan. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko irailaren 26a
15:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Postuen muntaketarekin hasiko da gaur Portugaleten (Bizkaia) Liburu, Fanzine eta Material Politikoaren VII. Azoka. Helburua da ohiko tokietatik kanpo dauden askotariko kolektibo eta liburu denda alternatiboei lekua egin eta ezagutaraztea. Aurreko aldietan bezala, politikarekin eta memoria historikoarekin lotura duten edukiak eskuratu ahal izango ditu bisitariak. Domekara bitartean, hitzaldiak, kontzertuak, bazkaria eta bestelako jarduerak izango dira herriko merkatuan.

Lehen aurkezpena gaur bertan egingo dute, 18:00etan. Palestinarekin Elkartasuna kolektiboak argitaratutako Israel hemen ere hasten da fanzinea ezagutzeko aukera egongo da, hitzaldi baten bidez. Euskal Herriko erakunde eta enpresek Israelekin duten harremana azaltzen duen txosten bat da funtsean. Gaurtik ikusi ahal izango da, Arte desde las cárceles erakusketa ere.

Bihar, Txiki eta Otaegiren hilketaren 50. urteurrena gogoratuko dute, eta etzikoa Periko Solabarrietaren heriotzaren 10. urteurrenari eskainitako eguna izango da. Bihar, besteak beste, herri bazkari begano bat egingo dute merkatuan bertan, eta bazkalosteko solasaldiari Buterflaik ipiniko dio musika. Domekarako Ane Lindane umoregilearen emanaldia prestatu dute. Egitarau osoa Sare Antifaxistaren webgunean kontsultatu daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.