Urteko irudirik sinbolikoena oraintsukoa da: 1937ko apirilaren 26ko Gernikako bonbardaketako biktimek bertatik bertara jaso dute Alemaniako presidentearen aitortza. Ekonomia alorrean, esanguratsua izan zen New Yorketik irtendako lehen hegazkina Loiuko aireportuan lurreratzen ikustea. Akordio politiko garrantzitsuak egon dira Bizkaiko Batzar Nagusietan, baina ez dute adostasun hori grafikoki erakutsi. Kuriosoa izan zen metroaren laugarren linea eraikitzeko akordioa aurkezteko ekitaldia: oraindik egin gabe dagoen Errekaldeko geltokia irudikatu zuten izen bereko plazan. Guggenheimen inguruan egindako argazkien artean, museoaren historikoan mugarri den bat: Miren Arzallusek ordezkatu du Juan Ignacio Bidarte zuzendari lanetan, Bidartek karguan 28 urte egin ondoren. Poz irudiak apirilean ikusi ziren Bilbon, Bilbo Basketek bere lehen garaikurra zaleekin ospatu zuenean.Â
1
Memoria historikoa: Alemaniaren keinua
Aurretik beste keinu batzuk eginak zituen. Esaterako, 1997an, Alemaniako orduko presidente federal Roman Herzogek barkamena eskatu zien 1937ko Gernikako bonbardaketako biktimei, Alemaniak Espainian zuen enbaxadorearen bitartez. Aurten, Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidente federala bera etorri da Gernika-Lumora. Azaroaren 28an izan zen. Espainiara egiten ari zen hiru eguneko estatu bisita aprobetxatu zuen Euskal Herrira etortzeko. «Gure erantzukizun historikoa aitortzen dut. Krimen doilorra izan zen, eta zibilak baino ez zituen izan jomuga», adierazi zuen kazetarien aurrean egindako agerraldian.
Estatu bisitetan egin ohi den legez, estatuburu bisitaria nora, anfitrioia hara. Hala, Espainiako erregea ere Steinmeierrekin Gernikara etorriko zela jakinarazi zuen errege etxeak. Haserrea eta ikusmina sortu zituen iragarpenak: Ernaik, Mugimendu Sozialistak eta EH Bilduk Felipe Borboikoaren aurkako protestak egin zituzten, eta elkarte memorialistek eta alderdi abertzaleek Espainiako erregeak ere barkamena eskatzea gura zuten. Baina, azkenean, protokoloa betetzera mugatu zen, hau da, Steinmeierri konpainia egitera: elkarrekin egon ziren hilerrian Alemaniako presidenteak lore eskaintza egin zuenean eta elkarrekin bildu ziren, Bakearen Museoan, bonbardaketa bizi izan zuten bi emakumerekin: Crucita Etxaberekin eta Mari Carmen Agirrerekin.Â

Gernikan izan zen Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere. «Txalotu, aitortu eta eskertu» egin zuen Alemaniaren keinua, eta esan zuen biktimak Espainiaren «aitorpen zintzo baten zain» daudela. Espainiako Gobernuak ere kritikak jaso zituen ez zuelako ekitaldian parte hartze nabarmenik izan. Erregea doan lekuetara ministroren bat joaten da beti, baina Gernikara Daniel Calleja Europako Batzorderako estatu idazkaria baino ez zen etorri.Â
2
Batzar Nagusiak: akordio ekonomikoak
Bizkaiko aurrekontuak EH Bildurekin adostuta bukatu zuen 2024a foru gobernuak. Koalizio subiranista abstenitu egin zen bozketan, 33 milioi euroko «proposamen sorta zabal baten truke». Foru gobernuak eta oposizioburuak 29 neurri adostu zituzten. Aurtengo urria bukatu aurretik aurkeztu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak datorren urterako aurrekontu proiektua. Diputazioa osatzen duten bederatzi sailek 1.716,2 milioi euro izango dituzte, aurten baino %3,9 gehiago. Duela aste batzuk, EH Bilduko batzarkide taldeko bozeramaile Iker Casanovak esan zuen «pozik» daudela iaz lortutakoarekin, eta iragarri zuen prest daudela berriro ere errepikatzeko. Foru gobernuak, berriz, zail ikusi du hasieratik EH Bildurekin zein PPrekin akordiorik lortzea. Joan den barikuan eztabaidatu ziren osoko zuzenketak, eta azken unera arte negoziatzen ibili dira Elkarrekin Bizkaia taldearekin. Azkenean, ez zuten akordiorik lortu. Egunotan ari dira zuzenketa partzialak eztabaidatzen; beraz, oraindik tartea dute.Â

Zerga berrikuspena ere eztabaidatu dute aurten Batzar Nagusiek.  Kasu honetan, Bizkaiari ez ezik, Arabari eta Gipuzkoari ere eragingo zien, EAJren eta PSE-EEren asmoa baitzen hiru Batzar Nagusietan foru arau bera onartzea. Azkenean, Elkarrekin Bizkaiak babestu zuen jeltzaleen eta sozialisten erreforma. Apirilaren 9an onartu zen Bizkaian.
Koalizio morearen arabera, foru gobernuen arau proposamena babestu zuten, akordioaren ondoren «errenta txikienen aldeko neurri gehiago» zituelako. Guztira Ahal Dugu-k eskatutako 27 neurri sartu zituzten. Besteak beste, errenta zerga aitortzeko betebeharra 20.000 eurora igo zuten, eta sozietate zergaren gutxieneko tasa %15etik %17ra handitu. Etxebizitza arloan adostutakoan ere azpimarra egin zuten Ahal Dugu-ko agintariek, paktua defendatzean.Â
3
Metroa: urteurrena, matxurak eta proiektuak
Azaroaren 11n bete zituen 30 urte Bilboko metroak. Ospakizun gazi-gozoa izan da erabiltzaileentzat, aurten zenbait matxuraren ondorioz atzerapenak eta zerbitzu eteteak sufritu behar izan dituztelako, apirilaren 28ko itzalaldi orokorraz gainera. Matxurarik larriena urriaren 6koa izan zen: goiz eta arratsalde arazoak izan zituen zerbitzuak, eta milaka erabiltzaile geratu ziren metroa hartu ezinik. Arazo gehienak lehen lineako katenariari lotuta daude, eta Bilboko Metroak iragarri du aldatu egingo dutela. Horrez gain, datozen urteetan 37 tren erosiko dituzte, eta kontrolgune berria eraikiko dute. 700 milioi euroko inbertsioa egingo dute.

Bosgarren linea eraikitzeko lanak ere abian dira. Hari lotuta, aurten protestak egon dira, Usansoloko geltokia herrigunean egotea gura dutelako bertakoek. Herri galdeketa bat ere egin zuten. Mobilizazioak egin dituzte Bilbo hegoaldeko auzoetakoek ere: Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak laugarren lineari dagokion akordioa behingoan sinatu zezatela gura zuten. Oraintsu heldu da: abenduaren 5ean iragarri zuten Imanol Pradales lehendakariak eta Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak 2027 amaieran hasiko direla Errekalde eta Matiko lotuko dituen trenbidea egiten. 412 milioi euroko inbertsioa aurreikusi dute:Â %55 Jaurlaritzak ordainduko du, eta gainontzekoa diputazioak. Gerorako utzi dute linea Errekaldetik Alonsotegira luzatzea.
4
Aireportua: Bilbo-New York
Iazkoa markak hausteko urtea izan zen Loiuko aireportuan, eta aurten ere baliteke hala izatea. Izan ere, historian bidaiari gehien izan duen hilabetea izan da joan den uztaila: 690.201 bidaiari. Historiara pasatuko da 2025a lehen aldiz Amerikarekin lotura zuzena izan duelako aireportuak: ekainaren 1ean ailegatu zen lehen hegaldia Loiura. Irailaren 24ra arte egon zen martxan, eta United Airlines konpainiak «arrakastatsutzat» jo zuen esperientzia. Espero baino bidaiari gehiago izan dituela esan zuen: 15.021. Datorren urtean ere berriro izango da Bilbotik New Yorkera bidaiatzeko aukera.Â

5
Guggenheim: Arzallus eta Urdaibai
Apirilaren 1etik Miren Arzallus da Bilboko Guggenheim museoaren zuzendaria. Apirilaren 3an egin zuen lehen agerraldia karguan zegoenetik, eta, barruan hizketan ari zen bitartean, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak elkarretaratzea egin zuen eraikinaren atarian. Urdaibaiko Guggenheim museoari buruzko iritziak entzuteko jarrera izango zuela esan zuen Arzallusek.

Proiektuaren aurkako hainbat mobilizazio egin dituzte aurten Busturialdeko bizilagunek. Erakundeek martxan jarritako entzute prozesuan ere haren kontrako iritzia agertu zuten gehienek. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak esan zuen kontuan hartuko zutela, eta, irailean, Bizkaiko Batzar Nagusietako politika orokorreko bilkuran aitortu zuen proiektua epe ertainera bideragarri egingo duten hainbat traba daudela. Azaroan, kultur arloko mila lagunetik gora ere museoa Busturialdera hedatzeko asmoaren aurka agertu ziren. Martitzenean bildu zen patronatua, eta proiektua bertan behera uztea erabaki dute. Ingurumen araudiek ipinitako zailtasun teknikoek eta herritarren protestek aldarazi diete jarrera erakundeei.
6
Bilbo Basket: lehen garaikurra 25 urtean
2024-2025eko denboraldia Bilbo Basketeko jokalarien eta zaleen gogoan iltzatuta geratuko da. Eta ez bakarrik kluba sortu zen 25. urteurrena ospatu dutelako; baita Bilbo Basketek lehenengoz irabazi duelako ere txapelketa bat: FIBAren Europako Kopa eskuratu zuen apirilaren 23an, Tesalonikan (Grezia), PAOKen aurka. Zaleek ez dute ahaztuko handik bi egunera Bilboko kaleetan ospatutako jai jendetsua.Â

Udaletxearen eskaileretan egin zien harrera Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Foru Jauregian Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak. Jaume Ponsarnau taldeko entrenatzaileak eskerrak eman zizkien garaipena «posible» egin duten guztiei, besteak beste kalean haien zain zegoen jendeari, «lan izugarria» egin duten jokalariei, baita lantalde osoari ere.