Hala nahi izan gabe bakarrik dauden ehun bizkaitarrek jatetxeetan bazkalduko dute

Bisubi eta BBK fundazioek Utopia Isila Week ekinaldia abiatu dute. Joan den astelehenean hasi zen, datorren barikura arte egongo da martxan, eta Bizkaiko 25 jatetxe ari dira parte hartzen.

Jatetxe bateko mahaia, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jatetxe bateko mahaia, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko abenduaren 3a
15:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Caritasek laguntzen dituen eta hala nahi izan gabe bakarrik bizi diren ehun bizkaitarrek aukera dute asteon Bizkaiko jatetxe batera joan eta bertan jateko. Bisubi Bizkaiko Sukaldarien Bilkurak eta BBK fundazioak ipini dute martxan ekinaldia, eta Utopia Isila Week du izena. Helburua da bakardadearen ondorioz bakartuta bizi diren horiek aukera bat izan dezatela gizartean parte hartzeko. Astelehenean abiatu zuten aste berezi hori, eta barikuan bukatuko da. Dagoeneko hainbat lagunek parte hartu dute, eta esperientzia «oso ona» izan da, antolatzaileen esanetan.

Bisubi fundazioko presidente Lara Martinek azaldu duenez, «duintasuna itzuli» gura diete Bizkaiko kolektibo zaurgarriei. Jatetxe bateko mahaian eseri eta «esperientzia gastronomiko zaindu eta intimo batez gozatzeko aukera» izango dute. Dinamika horren barruan, ingurune lasai bat sortzen dute, parte hartzaileak senti dezaten ez dagoela «bereizketarik». Gonbidatuek beste edozein bezeroren baldintza beretan betetzen baitituzte mahaiak, eta menua tokiko eta sasoiko produktuekin prestatzen dute, jatetxearen kalitate estandarrak errespetatuta.

Programa horren bitartez, erakutsi gura dute bikaintasun gastronomikoak gizarteko arazoak konpontzen lagundu dezakeela. «Estigmatizazioari aurre egin nahi diogu, pertsona guztiak jatetxeko ohiko zerbitzuan integratuta. Kohesio soziala bultzatu ahal izango dugu, gastronomiak zubiak eta elkarrizketak sortzen ditu eta. Inpaktu emozional positiboa sortzen saiatuko gara, pertsona horiek berriro ere izan dezaten partekatzeko eta lagunduta eta zainduta sentitzeko aukera», esan du Martinek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.