Bolada gozoan dago Loiuko aireportua. Pandemiaren garaiko makalalditik erabat suspertuta, urtez urte gora doa bidaiarien kopurua: 2023an eta 2024an errekorra erdietsi zuen —urtean zazpi milioiko langatik gertu dago—, eta aurtengo datuak are hobeak izango direla uste du Ines Zalbide Bilboko Merkataritza Ganberaren menpeko Bilbao Air sozietatearen zuzendari korporatiboak; zehazki, %5eko hazkundea aurreikusi dute. Halaber, azken bi urteetan nabarmen ugaritu dira helmuga berriak ere, eta urte honetan zuzeneko zenbait hegaldi estreinatu dituzte: Berlinera, Stockholmera, Basileara (Suitza) eta New Yorkera (AEB), besteak beste. Instituzioek eta turismoarekin lotutako sektoreek begi onez ikusten dute hazkundea; alabaina, kezka piztu du inguruko bizilagunengan eta ekologistengan.
Zalbideren irudiko, edozein aireportuk ekarpen «adierazgarria» egiten dio bere eragin eremu osoari, eta Loiukoak zeresan handia du Bizkaiko jarduera ekonomikoan: lurraldeko BPGaren %14 da (5.480 milioi euro), eta enpleguen %7 daude hari lotuta. Gainera, Bilborentzat eta Bizkaiarentzat ez ezik, inguruko lurraldeentzat ere onuragarria da, Bilbao Airren zuzendari korporatiboaren berbetan. «Aspaldi ikasita eta frogatuta dago aireportu baten jardueraren hazkundeak —batez ere, eskualdeko aireportu batenak— eragin positiboa duela BPGan, enpleguan, langileen kualifikazioan, aisialdirako aukeretan, eta, orokorrean, haren eraginaren pean bizi direnen bizi kalitatean».
Bilboko Zazpikaleetako Merkatarien Elkarteko presidente Susana Alagueroren ustez, nazioarteko turismoa eta aireportua «funtsezko bi zutabe» dira tokiko ekonomiarentzat, eta, bereziki, zerbitzuen sektorearentzat eta merkataritzarentzat. Zazpikaleetako bizilaguna da Alaguero, baita auzoko Olañeta arropa dendaren jabea ere, eta onartu du toki «pribilegiatu» batean dagoela. «Bilbora hegazkinez datozen turista guztiek Zazpikaleak bisitatzen dituzte lehen edo bigarren egunean». Auzoko lokaletako bezeroen «portzentaje handi bat» turistak dira jada, eta proportzioa hazten ari da arropa dendetan, artisautza produktuenetan eta elikagaienetan.
AEBetakoak dira Olañetako bezeroetako asko, Kanadakoak ere joan izan zaizkie, Zeelanda Berriko batzuk bertaratu ziren orain dela gutxi, eta Shanghaiko (Txina) familia batek urtero egiten die bisita. Izan ere, Zazpikaleak oroigarri dendaz lepo dauden arren —hamazazpi dira, guztira, EH Bilduk berriki salatu duenez—, euskal ekoizpenak ere gustuko dituzte nazioarteko bisitariek. «Olañetara datozenek beti galdetzen digute ea non eginda dagoen jantzi bat, eta esaten diegunean hemengo diseinu bat dela, interesatu egiten dira». Are, ehun urte baino gehiago duten komertzioak «bigarren bizialdi bat» izaten ari dira turismoari esker, Alaguerok nabarmendu duenez.
Enpresentzat, ezinbesteko
Turismoa da, beharbada, aireportu baten eraginik bistakoena, baina beste sektore ekonomiko batzuei ere mesede egiten die haren jarduerak, Zalbidek aldarrikatu duenez: hala nola industriari, unibertsitateei, ikerketa zentroei eta kongresuei. Izan ere, Loiutik igarotzen diren bidaiarien %30 korporatiboak dira. «Ekonomia modernoak, enpresa harremanek eta negozioek bat-batekotasuna eskatzen dute, baita erantzun azkar eta arinak ere. Hori guztia errazagoa da aireko konexio onak baldin baditugu. Horretan bermatzen da gure enpresen lehiakortasuna».
«Ekonomia modernoak, enpresa harremanek eta negozioek bat-batekotasuna eskatzen dute, baita erantzun azkar eta arinak ere. Hori guztia errazagoa da aireko konexio onak baldin baditugu»
INES ZALBIDEBilbo Air sozietatearen zuzendari korporatiboa
Horiek horrela, enpresekin lan egiten dute, orobat, ibilbide berriak zehazteko eta aireportuaren jomugak ezartzeko. Eta zera behar dute, Zalbidek aletu duenez: konexio zabalak —nazioartekoak, batik bat—, urte osoan eskuragarri egongo direnak eta ordutegi onak izango dituztenak. Halaber, premiazko dute hegaldi zuzenak izatea Europako hiri nagusietara, baita munduko beste bazter batzuetara arin heltzeko bideak ere: horretarako, Loiuk jopuntuan du lotura indartsuak sortzea aireportuen arloko hub behinenekin —hau da, sektoreko enpresak, inbertsiogileak eta beste eragile batzuk biltzen dituzten zentroekin— eta aire konpainia nagusiekin. Gaur-gaurkoz, Bizkaiak konexio sendoak ditu Madril, Lisboa, Londres, Dublin, Paris, Frankfurt (Alemania), Munich (Alemania), Amsterdam, Istanbul (Turkia) eta beste hiri garrantzitsu batzuekin, eta, nodo horiei esker, Zalbidek esan du Loiu «munduko beste edozein helmugarekin erraz konektatuta» dagoela.
Bide hori sakontzeko xedea du aurten erdietsi duten mugarrietako batek: ekainaren 1etik, United Airlines konpainia hegaldi zuzenak eskaintzen ari da Loiutik New Yorkeko Newark Liberty nazioarteko aireportura. «Berez da garrantzitsua ibilbide hori», balioetsi du Zalbidek. «Baina, gainera, kontuan izanda United Airlinesek AEBetako hiri gehienekin lotura estuak dituela Newark Liberty nazioarteko aireportutik, aukera ematen digu irismen luzeko beste nazioarteko ibilbide batzuk sustatzeko». Aurrera begira, hegaldi zuzen gehiago nahi dituzte Europa ekialdeko aireportuetara ere, eta jada erdietsitako helmugak finkatzen ahaleginduko dira, maiztasunak areagotuz, denboraldia luzatuz, eta ibilbide bera eskainiko duten hainbat konpainia erakarriz, «biztanlearentzako eskaintza hobetzeko».
«Bilbora hegazkinez datozen turista guztiek Zazpikaleak bisitatzen dituzte lehen edo bigarren egunean»
SUSANA ALAGUEROBilboko Zazpikaleetako Merkatarien Elkarteko presidentea
Joera horrek badu ifrentzua ere, ordea; eta ez da nolanahikoa, Hodei Rodriguez Sukar Horia eta Jauzi Ekosoziala talde ekologistetako kidearen hitzetan. «Hegan egitea bidaiatzeko erarik kutsagarriena da. Linea bat inauguratzen den bakoitzean, klima kaosetik hurbilago gaude». Rodriguezen aburuz, ezinbestekoa da epe labur-ertainean hegaldi nabarmen gutxiago egotea, baina, bistan denez, joera guztiz kontrakoa da, eta datozen urteetan hala jarraituko duela dirudi: AENAk Loiuko aireportua handitzeko asmoa du hurrengo plan estrategikoan, 2027tik 2031ra aplikatuko duen planean.
Garraio «bidegabea»
Euskal instituzioen jarreran ere ipini du arreta Rodriguezek, lotzen den ibilbide bakoitza «ospatu» egiten dute eta. New Yorkeko lehen hegaldi zuzena atera zen egunean, esaterako, Loiuko aireportuan zenbait ordezkari publiko batu ziren tarta baten inguruan: adibidez, Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta Espainiako Gobernuko lurralde ordezkari Marisol Garmendia. Eta, uztailaren 11n, Bilboko Udala hegazkin konpainietako ordezkariekin batzartu zen udaletxean, hiriaren konektibitatea sustatzeko asmoz. «Bere garaian, Eusko Jaurlaritzak klima larrialdian gaudela zioen adierazpen bat sinatu zuen. Testuinguru horretan, aireportua diru publikoz sustatzea oso larria da», ebatzi du Rodriguezek.
Baina, ingurumenaz gain, ekologistak bestelako arrazoiak ere eman ditu aireportuaren hazkundea gaitzesteko: kutsagarria ez ezik, garraio mota hori «bidegabea» ere bada, haren irudiko. «Zenbat eta aberatsagoa izan, orduan eta gehiago bidaiatzen duzu hegazkinez. Munduko biztanleen %1ek hegaldien isurien erdiak sortzen ditu». Eta, era berean, zaratatsua da. AENAren datuen arabera, Derioko, Erandioko, Sondikako, Zamudioko eta Loiuko 2.764 etxebizitza daude aireportuaren soinu konoaren barruan, 55 dezibel baino gehiagoko zarata dagoen eremu batean —konparazio baterako, Forondako (Araba) aireportuko zaratak 78 etxebizitzari erasaten die—.
datuak
52.539
Zenbat operazio izan ziren iaz Loiuko aireportuan. 2024an, 52.539 hegazkin aireratu eta lurreratu ziren Loiuko aireportuan, aurreko urtean baino %2,1 gehiago, eta pandemiaren aurreneko urtean (2019) baino %1,8 gehiago.
6,7
Zenbat milioi bidaiari igaro ziren Loiuko aireportutik 2024an. AENAren datuen arabera, hogei urtean bikoiztu egin da Loiuko aireportuko bidaiarien kopurua: 3.395.773 izan ziren 2004an, eta 6.777.645, 2024an.
AENAk atsedenerako ordu batzuk ditu ezarriak: 23:30etik 06:45era arte, Loiuko aireportuko hegaldiak eten egiten dira; salbuespen gisa, 00:40 arte lurreratu daiteke hegazkinen bat. Baina zerbitzua martxan hasten den unean bertan, 06:45ean, «bonbardaketa» abiatzen da, Garazi Albizua Erandioko Erandiogoikoa auzoko bizilagunak kontatu duenez. «Hori da gure iratzargailua. Udan, gauez leihoak zabalik uzten ditugu, eta 06:45 baino lehen umeen leihoak ixtera jaikitzen gara».
Aireportuaren mendebaldean dago Erandiogoikoa, eta, hain justu, alde horretatik aireratzen dira hegazkinak hego haizerik ez dagoen egunetan. «Hegazkinaren motorrak aireratzeetan ibiltzen dira indartsuen, eta orduan egiten dute zaratarik handiena», ñabartu du Albizuak. Etxe barruan daudenean, zarata horrek galarazi egiten die telebista entzutea edo solasaldi bat izatea, baina kalean dira eraginak agerikoen. «Nekazaritza eremua da hau, eta askok soroa daukagu. Hegazkinek kaleko bizimodu hori oztopatzen digute».
«Hegan egitea bidaiatzeko erarik kutsagarriena da. Linea bat inauguratzen den bakoitzean, klima kaosetik hurbilago gaude»
HODEI RODRIGUEZSukar Horia eta Jauzi Ekosoziala talde ekologistetako kidea
Zaratara ohitu egin direla nabarmendu du Albizuak, eta esan du euren helburua ez dela aireportua desager dadila; baina kezka adierazi du joera batzuen inguruan. Batez ere, beldur dira ez ote dituzten atseden orduak murriztuko, tarte horrek «arnasa» ematen baitie. Izan dira horretarako ahaleginak, gainera: Bilboko Merkataritza Ganberak hegaldien ordutegia zabaltzea eskatu izan dio AENAri, gaur egungo hegazkinak isilagoak direla argudiatuta eta, hortaz, zarata jada arazo ez dela iritzita, Erandiogoikoko bizilagunaren esanetan.
176 hegazkin egunero
Albizuak azpimarratu duenez, Loiuko hegazkinak ez dira gero eta isilagoak; kontrara, arriskua dago hegazkin zaratatsuagoak ugaritu daitezen. New Yorkeko hegaldi zuzena ekarri du hark ere hizpidera: ozeanoa zeharkatzeko erabiltzen diren ibilgailuak handiagoak izan ohi dira, indartsuagoak, eta, beraz, zaratatsuagoak. Erandiogoikoko auzokidea jakitun dago New Yorkeko loturak bide berri bat urratu duela eta litekeena dela irismen luzeko ibilbideak gehitzea datozen urteetan.
Baina ez dira horiek kezka pizten dioten hegazkin bakarrak: trafiko orokorraren hazkundea ere bada buruhaustea. «Eguneko zenbat hegaldi dira bateragarriak bizikidetza sano batekin?», hausnartu du. Izan ere, ohituta egonagatik, egun batzuetan mugimendu «handia» dagoela onartu du Albizuak, eta kexu da halakoetan buruak ez duela izaten atseden hartzeko aukerarik. AENAren datuen arabera, ekainean Loiuko aireportuan 176 operazio egin ziren egun bakoitzean, batez beste —hau da, aireratzeak eta lurreratzeak, guztira—; udako sasoitik kanpo, 130 inguru izaten da batezbestekoa. Dena den, bi zifrek gainditzen dituzte OMEk eta Europako Ingurumen Agentziak ezarritako langa: erakundeon gomendioen arabera, aireportuek 07:00etatik 23:00etara arteko tartean, gehienez, 120-130 operazio egin beharko lituzkete, Albizuak gogorarazi duenez.
«Nekazaritza eremua da hau, eta askok soroa daukagu. Hegazkinek kaleko bizimodu hori oztopatzen digute»
GARAZI ALBIZUAErandioko Erandiogoikoa auzoko bizilaguna
Hegazkinen burrunba apaltze aldera, AENAk esku hartzeak eskaini izan ditu soinu konoaren barruan dauden etxebizitzetarako: adibidez, isolamendu akustikoko leihoak. Loiuko aireportua handitzeko proiektuaren kontura, erakundeak berriro zabaldu du eskaerok aurkezteko epea, eta Albizuak izena emango du oraingo honetan. Leihoak aldatu dituzten zenbait auzokiderekin hitz egin du, eta aldea nabari dutela ziurtatu diote, «baina ez da mirari bat», Albizuak ohartarazi duenez. «Lagungarria da etxea zaratatik isolatzeko. Baina gu ez gaude beti etxe barruan, leihoak eta ateak itxita».