Agintaldi zaila izaten ari da Santurtziko udal gobernuarentzat. Udaltzaingorako lan eskaintza publikoan izandako ustezko irregulartasunen ondorioz sortutako gobernu krisia pasatuta, aurrekontuak onartu ezinik ibili dira azken asteetan. EAJ gutxiengoan dago, gainontzeko erakundeetan gobernukide duen PSE-EE oposizioan dagoelako, nahiz eta alkatetza lortzen lagundu dion: agintaldi hasieran Karmele Tubillari, eta, hark dimisioa eman ondoren, aurtengo otsailean Itziar Carrocerari. Jeltzaleek ez dute inoren babesik lortu, eta ez dute izan iazko aurrekontuak luzatzea beste biderik. Hala jakinarazi dute gaur.Â
Iaz bezala, aurten ere 80 milioi pasatxo euro izango ditu Santurtziko Udalak. Carrocerak esan duenez, «bermatuta» egongo da udalaren ohiko funtzionamendua. «Gobernuaren helburua izan da santurtziarrei eskaintzen dizkien zerbitzu publikoak babestea». Nabarmendu du pertsonei laguntzeko politikak eta ekonomiari eta ehun sozialari ematen dioten babesa lehenetsi dituztela.Â
Besteak beste, udal erakundeetan hobekuntzak egingo dituzte. Era berean, garbiketa zerbitzua indartuko dute. Gaztegunean eta Emakumeen Etxean inbertsioak egingo dituzte. Lanean ibiliko dira, halaber, Tinglao kultura zentroa izango dena eraikitzen. Aparkaleku gehiago eraikitzea ere aurreikusi dute.