Itunak proposatu dizkio Etxanobek oposizioari, baina lanak zail jarri dizkiote

Legealdiko politika orokorreko azken bilkura egin dute Bizkaiko Batzar Nagusiek. PSE-EEk agerian utzi du berriro fiskalitateari dagokionez EAJrekin duen talka. EH Bilduk diputazioari leporatu dio haiek azken negoziazioetatik kanpo utzi izana.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, gaur, Gernika-Lumoko juntetxean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, gaur, Gernika-Lumoko Batzar Etxean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Gernika-Lumo
2026ko irailaren 30a
19:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko Foru Berriaren bosgarren mendeurrenean, ezin bestela izan: Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak lege testu hura idazteko orduko bizkaitarrek lortutako akordioa goraipatu du; nabarmendu du hori dela gauzak egiteko Bizkaiko era, eta elkarlanean aritzea proposatu die gainontzeko alderdiei, bere ustez herrialdeak etorkizunera begira dituen lau erronkei aurre egiteko —zaintza, lurralde kohesioa, bizikidetza eta aukera berdintasuna—. Baina sei hilabete geratzen dira herrialdeko parlamentua desegiteko, eta igarri da Batzar Nagusiek gaur Gernika-Lumoko Batzar Etxean egin duten politika orokorreko bilkuran. 

Alderdiak maiatzeko foru hauteskundeetara begira daude aspalditik. Baita diputazioko parte diren PSE-EEko kideak ere: «Ez gaude edozelan gobernuetan: proposamenak egiten ditugu, eta gure ideiak defendatzen ditugu leialtasunez; beste horrenbeste eskatzen dugu», ohartarazi du Goyo Zurro bozeramaileak. Azken asteetan zerga neurri berrien inguruan agertutako desadostasunak agerian utzi dituzte berriro ere sozialistek. «Adostea ez da inoren esanak betetzea; adostea da zure ideietako batzuk azken erabakian txertatzea». Berretsi du hori egingo dutela zerga neurrien tramitazioan.

EH Bilduko bozeramaile Iker Casanovak Etxanoberi esan dio erakutsi egin beharko duela gai dela akordioak lortzeko. «Aldaketa bat nabaritu dugu: agintaldia hasi zenutenean negoziatzeko prest agertu zineten, eta 2025eko aurrekontuak adostu genituen. Baina Sabin Etxetik agindua iritsi zen, eta ez duzue gehiago negoziatu nahi izan», leporatu dio. Ahaldun nagusiak lau itun proposatu dituen eran, Casanovak bederatzi eskaini ditu: «gobernantza demokratiko eta parte hartzailea, lurralde oreka, fiskalitate aurrerakoia, industria eredu berritu eta aurreratua, klima aldaketari aurre egiteko neurriak, ama lurraren kudeaketa eta elikadura, eta bizikidetza». 

«Zergadunen poltsikoetan 84 milioi gehiago geratu dira, baina ez edozeinen poltsikoetan, diru hori gehien behar duten bizkaitarrenetan baizik: errenta baxua dutenen poltsikoetan»

ELIXABETE ETXANOBE Bizkaiko ahaldun nagusia

Jesus Lekerikabeaskoa bozeramaile jeltzaleak, berriz, Casanovari esan dio batzarkide taldeen artean EH Bildukoek erabiltzen dutela akordio berba gehien, eta haiek proposatzen dituztela batez ere. «Baina zuek bakarrik geratu zarete Batzar Nagusi hauetan lortu diren akordioetatik kanpo; horretan ere urrezko domina duzue». Etxanobek «orokorkeriak» alde batera uzteko eta proposamen «zehatzak» egiteko eskatu dio koalizio subiranistari: «Ez du balio berbaldiaren azken minutuan bederatzi itun proposatzeak. Jaitsi lurrera, eta esan zer egiteko prest dagoen EH Bildu». Diputatu nagusiak auzitan ipini du subiranisten «akordioetarako prestutasuna».

Lekerikabeaskoaren ustez, Casanovak Batzar Nagusietan egiten dituen proposamenak gero ez dituzte ezartzen agintean dauden lekuetan, eta iruditzen zaio ez dituela «sinistu ere egiten». «Probatu itzazue udaletan, eta ondoren hitz egingo dugu». Legealdia hasi zenetik «hautagai moduan» jokatzen ibili izana egotzi dio bozeramaile jeltzaleak EH Bildukoari. 

Soilik EAJ-k eta PP-k hitz egin dute euskarari buruz

«Hizkuntza batek ez du irauten babesten delako. Hizkuntzak bizirik daude», esan du Elixabete Etxanobek euskarari lotutako politiken errepasoa egitean. Ahaldun nagusiak eta PPko Raquel Gonzalezek baino ez dute izan hizpide. Gonzalezek Etxanoberi eskatu dio hizkuntzaren normalizazioa «Bizkaiko errealitateari egokitzeko». «Elebitasunaz egin behar da berba, eta biktimismoak utzi, eraso paranoikoak amesteari utzi. Ez dago epaile euskarafoborik: legea betearazten duten epaileak daude». 

Ohi bezala, Jesus Lekerikabeaskoa izan da berbaldi osoa euskara hutsean egin duen bakarra, Ispasterko bizkaieran, eta berak erantzun dio Gonzalezi ere: «Ni ez naiz erdarafoboa, eta ni inork ez nau derrigortu hemen euskaraz egitera. Neure aukera da, neure militantzia da, eta aukera hori daukadalako egiten dut. Tamalez, aukera hori beti ez da egoten, eta hori aldatzeko lanean jarraituko dugu».

Ahaldun nagusiak azpimarratu du egungo Bizkaia «azken lau hamarkadetako politika koherenteen fruitu» dela, «norabide argia» izan duten erabakien emaitza. Ondorioz, alderdiei egindako itunerako gonbidapenak abiapuntua ezarrita dauka: «Batu zaitezte egiten ari garenera», proposatu die. «Orain dugunera batu? Inola ere ez! Errotik aldatu beharra dago diputazioak egiten duena», erantzun dio PPko Raquel Gonzalezek. 

Bizkaiko Batzar Nagusien politika orokorreko bilkura, gaur, Gernika-Lumon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bizkaiko Batzar Nagusien politika orokorreko bilkura, gaur, Gernika-Lumon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Popularren bozeramaileei iruditzen zaio diputazioa «propagandaren gobernua» dela, eta «iragarri, iragarri eta iragarri» arren ez duela «ezer» egiten. «Aurreko urteetako diskurtso berekin etor gintezkeen hona», esan dio Etxanoberi, «baina paragrafo bat kenduta: Guggenheim Urdaibairi dagokiona». Casanovak ere aipatu du museoaren proiektua, eta zer irakaspen atera dituen galdetu dio ahaldun nagusiari. Etxanobek esan dio irudipena duela proiektua bertan behera utzi izanak «plana izorratu» diola Casanovari: «Antza denez, legealdia pankarta atzean igarotzea zen zure asmoa».

Zergei buruzko desadostasunak

Forua aitzakia hartuta, berba izan da ahaldun nagusiak esandakoaren ardatza: «betetakoa, partekatutakoa eta emandakoa». «Betetakoari» eskaini dizkio minutu gehienak, eta bere gobernuak egindakoaren errepasoa egin du. Etxanobek bost galdera egin ditu, eta luze erantzun ditu. Gizarte babesaz, etxebizitzaz, zaintzez, lurralde kohesioaz eta kulturaz egin du berba, besteak beste. Balantze baikorra egin du: «Uste dut oso ondo bat atera dugula, eta hala diote herritarrek ere».

Batez ere, iaz onartutako zerga berrikuspena goraipatu du. «Zergadunen poltsikoetan 84 milioi gehiago geratu dira, baina ez edozeinen poltsikoetan, diru hori gehien behar duten bizkaitarrenetan baizik: errenta baxua dutenen poltsikoetan». Etxanobek nabarmendu du diputazioak ez duela etxebizitza arloko eskumenik, baina iruditzen zaio ogasunaren bitartez «eskumena duten beste askok baino gehiago» egiten ari dela. Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeko Eneritz Madariagak esan dio Azpiegitura foru sozietateak etxebizitza publikoak eraikitzen zituela oraintsu arte, eta berriro bide horretara itzultzeko eskatu dio.

«Agortuta dagoen proiektu politikoa da diputazioarena, eta ziklo aldaketaren beharra igartzen da»

IKER CASANOVA EH Bilduko bozeramailea

Madariagak ere ontzat jo ditu zerga berrikuspenaren ondorioak, eta esan du bere taldeak «behartu» zituela «herritar zaurgarrienentzat onuragarrienak» izan direnak sartzera. «Gobernuaren helburua izan da kapitalaren gurpilak biraka jarraitzea, herritarrei bizitza zailtzen dieten arazoak konpondu ordez», aurpegiratu dio Madariagak Etxanoberi. Dena den, ahaldun nagusiak botatako erronka onartu du: «Negoziatuko dugu, bai, zuek beste norabide baterantz bultzatzeko gaitasuna dugulako. Behar gaituzue; zuek bakarrik ezin duzue». Hala ere, ez du erraz ikusi; izan ere, argudiatu duenez, gerta daiteke «diagnostiko batzuetan bat etortzea», baina alderdi bakoitzaren «abiapuntua ezberdina» da. Zerga neurri berriei dagokienez, argi utzi dio ez dituztela babestuko.

Madariagaren eta Etxanoberen aldean, Casanovak bestela baloratu du iazko zerga berrikuspena. Salatu du diru gutxiago biltzeko egin zutela, eta zoriondu egin ditu horixe lortu dutelako, bere kalkuluen arabera: «Iaz 6.600 milioi euro bildu zenituzten. Aurten, 6.800. Baina, inflazioa kontuan hartuta, iaz beste biltzeko 6.900 bildu behar zenituzten». EH Bilduko bozeramaileren iritziz, agintaldiak «porrot» egin du: «Agortuta dagoen proiektu politikoa da diputazioarena, eta ziklo aldaketaren beharra igartzen da». Lekerikabeaskoak erantzun dio «izen aldaketak gorabehera beti» egon direla «EAJren ereduaren aurka», baina urteak igaro ahala azkenean jeltzaleen ereduak izan duela arrakasta. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA