Jaurlaritzak esan du «lehentasuna» dela Lemoizko zentralean arrain haztegia martxan jartzea

Mikel Jauregi Industria sailburuak uko egin dio eskualdeko alkate batzuek eskatutako prozesu parte-hartzaileari, eta esan du Jaurlaritzak erabakitzen duela industria politika.

Lemoizko zentral nuklearra, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Lemoizko zentral nuklearra, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko martxoaren 6a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela zazpi urte iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak Lemoizko zentralean arrain haztegi bat jartzeko asmoa, baina ordutik ez du pauso esanguratsurik eman, eta ez dago egutegirik finkatuta. Hala ere, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak esan du proiektua «lehentasuna» dela gobernuarentzat. «Akuikultura polo berritzaile eta iraunkorra» izango dela esan du Jauregik, «ingurumen zaintzarekin bateragarria». 

EH Bilduk galdetuta eman ditu azalpenak Jauregik goizean Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Duela aste batzuk, Uribe Kostako eta Mungialdeko alkate batzuek —EH Bildukoak eta independenteak— agerraldia egin zuten, Jaurlaritzari eskatzeko abiatu dezala prozesu parte-hartzaile bat zentralaren etorkizuna erabakitzeko, Busturialdean Guggenheim museoaren inguruan egin denaren parekoa. EH Bilduko legebiltzarkide Amancay Villalbak gogoratu du zentrala egiteko lursailak kendu zitzaizkiela inguruko udalerriei, eta, horregatik, bidezkoena iruditu zaio orain haien iritzia entzutea. «Motel ari zarete lanean, gardentasun gutxirekin eta inor kontuan hartu gabe», txarretsi du legebiltzarkide subiranistak. 

Jauregik uko egin dio eskualdeko agintariek eskatutakoari. «Gobernu honek entzuten du, kontrastatzen du, erantzukizunez jokatzen du eta badaki tresna bakoitza noiz erabili. Kasu honetan prozesu parte-hartzaile bat martxan jartzeak zarata sortzeko baino ez luke balioko. Gobernatzea da jakitea noiz eta zelan entzun behar den eta erantzukizunez erabaki». Sailburuak azpimarratu du EAEko industria politikak diseinatzea Jaurlaritzari dagokiola, ez beste erakundeei, eta Lemoizko inguru hura industria erabileretarako gordea duela Bilboko Metropoliko Lurralde Plan Partzialak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA