Urtekaria: Politika

Lehenengoz, emakumea

Batzar Nagusietan EAJk kide bi galdu arren, Elixabete Etxanobe jeltzalea da Bizkaiko ahaldun nagusia. EH Bilduk izan du gorakadarik handiena. Juan Mari Aburto hirugarrenez da Bilboko alkate. EAJk hamazortzi udal galdu ditu, baina Durango berreskuratu du.

Elixabete Etxanobe
Unai Rementeria eta Elixabete Etxanobe, uztailaren 5ean, Gernika-Lumoko batzar etxean, Etxanoberen inbestidura saioan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2023ko abenduaren 22a
05:00
Entzun

Hauteskunde urtea izan da aurtengoa. Maiatzaren 28an udal eta foru hauteskundeak izan ziren, eta horrek normalean baino ikusgaitasun handiagoa eman ohi dio tokiko politikari. Hala ere, 2019ko bozekin alderatuta, abstentzioak bost puntu egin zuen gora Bizkaian. Oro har, herrialdean EAJk behera egin zuen —50.000 boto galdu zituen—, eta EH Bilduk gora. PSE-EEk eutsi egin zion, eta PPk lehenago galdutakotik zeozer berreskuratzea lortu zuen. Elkarrekin Podemosek babes handia galdu zuen.

Batzar Nagusiak

Koalizio gobernua berriro

Inkesta gehienen arabera, EAJk gehiengo osoa lor zezakeen Bizkaiko Batzar Nagusietan, joan den maiatzean egindako foru hauteskundeetan. Baina aurreikuspenak ez ziren bete. Are gehiago: jeltzaleek aurreko legealdian baino batzarkide bi gutxiago eskuratu zituzten (23), hauteskundeak irabazi zituzten arren. Gorakada nabarmena EH Bilduk izan zuen, hamar batzarkidetik hamabostera igarota. Dena den, EAJren eta PSE-EEren arteko itunari esker, bi alderdiek jarraituko dute foru gobernuan 2027ra arte, aldaketa nabarmen batekin bada ere. izan ere, lehenengoz andre bat da Bizkaiko agintari gorena: Elixabete Etxanobe jeltzalea. 2021ean ailegatu zen Etxanobe foru aldundira, Unai Rementeria orduko ahaldun nagusiaren eskutik: Herri Administrazioetako foru diputatu izendatu zuen. Foru parlamentuaren buru, berriz, Ana Otadui jeltzalea aukeratu zuten, laugarrenez.

Aurreko legealdiko zortzi batzarkideei eutsi die PSE-EEk. PP bitik hirura igaro da. Beherakada nabarmena Elkarrekin Bizkaia koalizioak izan du: sei batzarkide galduta, bi baino ez ditu orain. Voxek bikoiztu egin du babesa, baina Batzar Nagusietara sartzetik urrun dago oraindik Bizkaian.

Uztailaren 5ean, inbestidura saioan, Etxanobek adierazi zuen «pertsona guztien ongizatea bermatuko duen gizarte kohesionatu, solidario eta aurreratua» lortu nahi duela, eta «herritarrei erantzungo dien hurbileko erakunde» bilakatu nahi duela foru aldundia.

Haren ustez, herrialde historikoak aurrera egin du Rementeriaren agintaldi bietan: «Bizkaiak erakunde indartsuak dauzka, kalitatezko zerbitzu publikoak, azpiegitura onak eta hirugarren sektorearekin batera jositako segurtasun sarea». Hala ere, erronkak handiak direla nabarmendu zuen. Horiei aurre egiteko, Bizkaiko Foru Aldundiak agintaldirako plana ondu du, Bizkaia denontzat lelopean. Datozen lau urteetan bultzatuko dituzten 120 egitasmok osatzen dute, sei ardatz nagusitan banatuta: ekonomia, gizarte kohesioa, ingurumena, nortasuna, lurralde oreka eta foru aldundia. Guztira, 1.900 milioi euroren inbertsioak egingo dituzte. Oposizioak txarretsi egin du, «orain arte porrot egindako politiken jarraipena» delako.

Azaroan aurkeztu zuen Etxanoberen gobernuak agintaldiko lehen aurrekontu proiektua. Oro har, Bizkaiko Foru Ogasunak aurreikusi du 10.308,2 milioi euro izango dituela datorren urtean; batez ere, zerga itunduen bidez bildutakotik. Aurten baino %5,1 gehiago izango da. Espainiako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Batzar Nagusiei eta herrialdeko udalei eman beharrekoa, zorra ordaintzeko erabiliko dutena eta langileen soldatak ordaintzeko beharko dutena kenduta, diputazioa osatzen duten bederatzi foru sailei 1.599,1 milioi euro geratuko zaizkie beren inbertsioak egiteko; aurten baino %3,8 gehiago. Joan den barikuan bozkatu zituzten Batzar Nagusietan osoko zuzenketak, baina ez zuten bakar bat ere onartu. Asteon, zuzenketa partzialak eztabaidatzen ibili dira batzordeetan.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, ekainaren 17an, udala osatzeko saioan. BIZKAIKO HITZA
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, ekainaren 17an, udala osatzeko saioan. BIZKAIKO HITZA

Bilboko Udala

Juan Mari Aburto, hirugarrenez

Bilboko Udalerako ere emaitza onak aurreikusten zizkioten EAJri. Hauteskundeak irabazi zituzten, alde handiz, baina aurreko agintaldian baino zinegotzi bi gutxiago eskuratuta: hamabi. 2019an, bozen %42,6 lortu zituen; maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan, berriz, %36,5. Edozelan ere, arazo barik lortu zuen Juan Mari Aburtok alkatetza, EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu akordioari esker. Alkatetzan hirugarren agintaldia du hau Aburtok.

Ostera, EH Bilduk inoizko zinegotzi gehien eskuratu zuen, eta hiriburuko bigarren indarra da. 2019an lau lortu zituen, eta orain sei ditu —HBk bost lortu zituen 1987an, bozen %15 bilduta—. Boto kopuruan izandako gorakada ere nabarmena da: ia lau puntu gehiago, %14,9tik, %18,8ra.

PSEk eta PPk ere duela lau urte baino boto gehiago lortu zituzten. PSE-EEk bost zinegotziak mantendu ditu, eta PPk bat gehiago du: lau guztira. PPren joera aldaketa deigarria da, azken 24 urteetako etengabeko jaitsiera gelditu eta emaitzak asko hobetu baititu: 2019ko %9tik maiatzeko %12ra. Elkarrekin Podemosek behera egin du Bilbon ere: hiru ordezkaritik bira igaro da legealdi honetan.

Foru gobernuak legez, Bilboko Udalak ere agintaldirako plana osatu du, eta joan den barikuan aurkeztu zuen Aburto alkateak: Bilbo hobetzen. Hamar lan ildo ditu, eta «joan den agintaldia gidatu zuten berak» dira, Aburtoren esanetan. Plana 80 jarduketak osatzen dute. Udalaren helburuak dira, besteak beste, populazioaren zahartzeari eta klima larrialdiari aurre egitea. Besteak beste, esan du datozen lau urteetan Zorrotzaurreko uhartean lehen enpresak ikusi ahal izango direla. 

Datorren urtean Bilboko Udalak egingo duen inbertsiorik handienetakoa, hain zuzen, Zorrotzaurren izango da. Hala jaso du aurrekontu proiektuan. Hil honetako osoko bilkuran jasoko du oniritzia. Inoizko diru gehien izango du datorren urtean Bilbok: 701 milioi euro —aurten baino %5,7 gehiago—.

Jose Maria eta Iñaki Gorroño, ekainaren 17an, Gernika-Lumoko Udala osatzeko saioan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jose Maria eta Iñaki Gorroño, ekainaren 17an, Gernika-Lumoko Udala osatzeko saioan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Bizkaiko herriak

EAJk hamazortzi alkate gutxiago

Bizkaiko alkateen erdiak EAJkoak dira —112tik 55—; besteak beste, hiriburukoa eta bi hiri nagusietakoak: Barakaldo eta Getxo. Baina udaletan botere handia galdu du EAJk: aurreko agintaldian baino hamazortzi gutxiago dira haren esku dauden gobernuak: besteak beste, Alonsotegi, Bermeo, Lekeitio, Plentzia, Sopela, Gorliz eta Zalla. Ostera, beste batzuk ere berreskuratu ditu; berbarako, Durango, PPko zinegotzi Carlos Garciaren babesari esker. Esan zutenez, ez zuten negoziatu; musu truk babestu zuen Garciak Mireia Elkoroiribe jeltzalearen hautagaitza. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek «faxisten babesa» onartu izana egotzi zioten alkate berriari. 

Gernika-Lumon, Jose Maria Gorroñok jarraitzen du alkate, oraingoz. Saltsa itzela dute, eta, oraingoz, ez du konponbiderik. EH Bilduk irabazi zituen hauteskundeak bototan, baina Gorroñoren plataforma Guztiontzako Herriarekin berdinduta zinegotzitan —seina dituzte, eta bost EAJk—. Bere zerrendako zinegotzien eta EAJkoen babesarekin, Gorroño izendatu zuten alkate. Baina jeltzaleek baldintza bat ipini zioten: luze gabe, dimisioa eman beharko zuen. Udala osatzeko bilkura hartan, hainbat epe aipatu ziren: ehun egun, bi hilabete... Dimisioa ematean, bere anaia haren Gorroñok hartuko zuen alkatetza. Oraindik ere Jose Maria Gorroñok jarraitzen du karguan. Uda ostean apurtu zen jeltzaleen eta hautagaitza independentearen arteko akordioa, eta Gernika-Lumoko Udala blokeatuta dago. Joan den astean, EAJko BBBko presidente Itxaso Atutxak esan zuen jeltzaleek ez dutela baztertzen zentsura mozio bat babestea. Gernika-Lumo EH Bilduk eskatu dio aurkezteko.

Bermeoko Udal osaketak ere zeresana eman zuen. Kargua hartu eta biharamunean, dimisioa eman zuen Asier Larrauri alkateak (EH Bildu), gau hartan auto istripua izan eta alkoholemia kontrolean positibo eman zuelako. Haren taldekide Nadia Nemeh Shomaly da orain alkatea.

EAJ, EH Bildu eta PSE, bina diputaturekin

Uztailaren 24an egin ziren Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, eta, Bizkaian, maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan baino boto gehiago galdu zituen EAJk. Boto emaileen %27k babestu zuten hautagaitza jeltzalea —2019an baino zortzi puntu gutxiago—, eta bi diputatu eskuratu zituen —bat gutxiago—.

 EH Bilduk eskuratu zuen jeltzaleek galdutako eserlekua: Bizkaitik bi diputatu ditu orain, aurreko legealdian baino bat gehiago. Hazi egin da PSE-EE ere: aurreko legealdiko bi diputatuei eutsi zien, baina 36.000 boto gehiago eskuratuta. Sumarrek eta PPk, berriz, aulki bana dute Madrilen. Senatuari dagokionez, 2019ko ordezkaritza bera du orain Bizkaiak: hiru senatari jeltzale eta sozialista bat.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.