Bilboko Aste Santuan ohitura bihurtu da eta dagoeneko egonkortuta dago, baina urtez urte Basque Fest jaialdia berritzen ahalegintzen da Bilboko Udala. Aurten, berbarako, Areatza Euskal Kulturaren Plaza bihurtuko dute. Izen horrekin euskal kulturaren agertoki nagusia izango da, apirilaren 1etik 4ra. Kontzertu nagusietako batzuk han atonduko duten oholtzan joko dituzte: Neomak, Korrontzi eta Ane Etxegoien, hilaren 2an, 3an eta 4an, 21:00etan. Webgunean dago egitarau osoa.
Areatzan egingo dira herri kirolen erakustaldiak eta beste hainbat jarduera ere. Esaterako, han egongo da barrutik sukaldea den autobus bat, aurten estreinatuko dutena. Ohiko showcooking saioak han barruan egingo dituzte: ordu erdian behin, erakustaldi bat.
Beste berrikuntzetako bat Plaza Barriaren itzulera izango da. Folklorearen gune bihurtuko dute. Eguen, bariku eta zapatu arratsaldean, erromerian dantzatzeko aukera izango dute gura duten guztiek.
Jaialdia Anje Duhalderen kontzertuarekin abiatuko da hilaren 1ean. Azkuna zentroan arituko da, Niko Etxart lagun duela. Beste musikari batzuk ere igaroko dira handik: Olaia Inziarte eguenean eta Maren barikuan. Eta Bilboko Udal Txistulari bandak Zertzeladak izeneko kontzertua eskainiko du, Garazi Navas soinu jotzailearekin eta Oinkari dantza taldearekin batera.
Punk gordinenetik soul sofistikatuenerainoko doinuez gozatu gura dutenek Kafe Antzokian izango dute lekua: eguaztenetik zapatura Basque Fest Rock City jaialdia egingo dute han. Bilborocken, berriz, talentu berriak ezagutzeko aukera egongo da.
Kirol arloan, egunero izango da zer ikusi, baina berrikuntza bi ditu egitarauak. Batetik, apirilaren 3an pentatloi mistoko I. Bilbao Basque Fest Saria jokatuko dute. Bestetik, Pio Baroja plazako pantalana arraun eskola bihurtuko dute, egunero, goiz eta arratsalde: begirale eta patroien azalpen teknikoak jaso ondoren, itsasadarrean entrenatzeko aukera izango dute familiek.