Autobusaren geralekuaren ondoren, zebra bidea. Autobusa geralekura baztertu. Bien bitartean, oinezko bat geltokia dagoen espaloitik bestera gurutzatzen hasi da. Autobusaren albotik auto bat dator. Autobusak eragotzi egiten dio espaloitik zebra bidera doan oinezkoa ikustea. Oinezkoak ere, errepidera irten arte, ezin du ikusi autoa zebra biderantz doanik. Halako egoera soilek eragiten dituzte harrapaketak. Halakoak eragozteko sistema bat ezarriko du Bizkaibusek. Gaur aurkeztu du Bilbon, eta dagoeneko martxan dago Ezkerraldeko linea batean: Muskiz eta Portugalete artekoan.Â
Autobus berriak eskuratu ahala, hedatuz joango da sistema aitzindari hori, Sonia Perez Ezkerra Bizkaiko Mugikortasun, Garraio eta Turismo diputatuak esan duenez. Nabarmendu du Europako Batasuneko araudiak eskatzen duen baino harago joan direla. «Bizkaibusek segurtasunarekin duen konpromisoa erabatekoa da, eta orain arte lan handia egin dugu gidarien eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko. Orain, beste pauso bat eman dugu autobusen inguruan ere segurtasuna indartzeko, ibilgailuen ingurutik igarotzen diren oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna hobetzeko».
Autobusaren ezkerreko eta aurreko aldean dauden seinale pizgarri batzuk dira sistemaren oinarria. Autobusaren albotik ibilgailu bat datorrenean, autobusak igartzen badu bere aurretik oinezko bat errepidera irteten hasi dela, ezkerreko aldean dituen seinaleak piztuko dira, auto gidariari ohartarazteko. Era berean, oinezko bat errepidea gurutzatzen ari denean, igartzen badu atzetik auto bat gerturatzen ari dela, aurreko aldean dituen seinaleak piztuko zaizkio. Autoaren abiadura orduko 30 kilometrokoa edo gutxiagokoa bada, seinaleen kolorea laranja izango da. Ostera, abiadura hori gainditzen badu, gorriz piztuko dira, eta soinu bat entzungo du oinezkoak.
Teknologia berri hori Alsa enpresarekin elkarlanean sortu da. Bizkaibuseko autobusak kudeatzen dituen operadoreetako bat da Alsa. Francisco Iglesias konpainiako kontseilari nagusiak esan duenez, hirietan oinezkoen, bizikleten eta patineteen kopurua handitzen ari da. «Erabiltzaile ahul deitutakoekin zerikusia duten istripuen kopurua ere handitzea eragin du horrek. Ondorioz, beharrezkoa da neurriak hartzea joera hori aldatu eta garraio publikoarekiko elkarbizitza baketsua errazteko».