«Musikaria naiz, baina musika jotze hutsa txiki geratu zait. Niri gauzak kontatzea gustatzen zait ,eta horri lotuta egin dut ibilbide osoa», aurkeztu du bere burua Ines Osinagak. «Eta transmedia sortzailea ere banaiz», gehitu du. Loraldiak antolatuta, narratiba modu berrien inguruko tailerra gidatu du goizean Roger Casas-Alatriste transmedia aholkulari eta sortzaileak Bilboko Euskararen Etxean. Han ulertu du Osinagak zer den transmedia izatea. «Gizakiok, hezur-haragiz ez ezik, istorioz ere eginak gaude. Kontatu egiten ditugu, eta askotariko formatu eta plataformak erabili horretarako», azaldu du Casas-Alatristek.
Osinagak ez ezik, Imanol Epelde idazle eta musikariak, Aratz Losada Tokikomeko Matx proiektuaren zuzendariak eta Alejandra Bueno de Santiago Femias kolektiboko sortzaileak parte hartu dute. Helburua izan da nork bere sormen proiektuak beste formatu batzuetara hedatzen ikastea. Horretarako, Casas-Alatristek ariketa praktiko bat ipini die. Osinagak esku artean duen Appa Maurizia ikuskizunari lotutako beste eduki batzuk pentsatzea, beste formatu batzuetan. Lau sortzaileek ez ezik, Loraldia elkarteko kide batzuek ere parte hartu dute tailerrean.
Osinaga kide den Mauriziak Ez Dau Inor Hil kolektiboak duela urte bi irabazi zuen Loraldiaren sormen digitalerako beka proiektu hori martxan jartzeko. «Azken bi urteetan loa galarazi dit», aitortu du. Joan den udaberrian estreinatzeko asmoa bazuten ere, oraindik forma ematen dabiltza, Osinagak kontatu duenez. Hasieran ikus-entzunezko instalazio performatibo murgiltzaile bat zen, errealitate birtuala eta 5D soinua erabilita sortuko zena. Gaur egun, soinu hutsera mugatu dute, Osinagak aitortu duenez, errealitate birtuala garestiegia da eta. Ekitaldiak 50 minutu inguru iraungo du: parte hartzailea kokatzeko sarrera bat izango du, gero audioak berak kontatutakoak hogeiren bat minutu iraungo du, eta bukaera bat izango du.
«Gizakiok, hezur-haragiz ez ezik, istorioz ere eginak gaude. Kontatu egiten ditugu, eta askotariko formatu eta plataformak erabili horretarako»
ROGER CASAS-ALATRISTE Transmedia aholkularia eta sortzailea
Osinagak gura duena da parte hartzaileak sentitzea euskal ondare immaterialari lotutako ezagutza galdu egin duela, baina lehen bazuela. Adibidez, instalaziotik irten daiteke pentsatuz aurreskua dantzatzen zekiela eta ahaztu egin duela. «Ez du memoria hori galdu berak modu pertsonalean bakarrik, baizik eta baita modu kolektiboan ere», zehaztu du.
Galdera-erantzunen bitartez, parte hartzaileak joan dira apurka-apurka Osinagak buruan duen proiektua ezagutuz eta ulertuz. Gero, Casas-Alatristek talde bitan banatu ditu entzule guztiak: batean teknologiarekiko uzkurragoak direnak eseri ditu, eta bestean, zaleagoak direnak. Analogikoak eta digitalak. Osinagaren azalpenak entzunda bururatu zaizkien ideiak idatzi dituzte post-it batzuetan: «amama», «gezurra eta egia», «musika», «historia», «Euskal Herria»...
Maddi eta Rosario
Horren ondoren, Osinagaren instalazioaren entzule izan daitezkeen pertsona bi irudikatzeko eskatu die Casas-Alatristek. Aratz Losadak argi izan du, eta hark osatu du bakoitzaren profila, gainontzekoen laguntzarekin. Ezagutzen duten jendea abiapuntu hartuta, ahalik eta zehatzen definitzeko eskatu die gidariak. Losadak izenak ere asmatu dizkie: Maddi eta Rosario.
Guztien artean erabaki dute Maddik 16 urte dituela, eta Bilboko San Ignazio auzoan bizi dela. Zetak, Rosalia eta Aitana entzuten ditu. Mitoaroa ikustera joan da. Ez ditu herrietako jaiak huts egiten. Aktualitatea ez zaio askorik interesatzen, eta Tiktok erabiltzen du munduan zer gertatzen den jakiteko. Moda ere interesatzen zaio.
Rosario, berriz, Bermeon bizi da, eta 70 urte pasatxo ditu. Benito Lertxundiren zalea da, eta Bizkaia Maite kantua du gustukoen. Ibilketa nordikoa ezagutu berri du, eta sarri ibiltzen da lagunekin. Bestela, kafea hartzeko geratzen dira. Horiek dira haien sozializazio moduak. Hala ere, badaki Whatsapp eta Facebook erabiltzen. Bizkaia irratia entzuten du, ETBko albistegiak ikusi, eta El Correo irakurri.
«Ezinbestekoa da arketipoak osatzea. Azken batean, zuk ideiak borborka dituzu barruan, baina abstraitu egin behar duzu jakiteko ideia horien bidez norekin konektatu dezakezun eta norekin ez»
ROGER CASAS-ALATRISTE Transmedia aholkularia eta sortzailea
Bi pertsona asmatu horien artean banatu behar izan dituzte lehenago post-it horietan idatzitako ideiak. Orduan, Osinagak zalantza agertu du: ariketak ez du konbentzitzen. «Iruditzen zait holakoek arriskua dutela bakarrik profil jakin batzuei lotuta lan egiteko», ohartarazi du. Casas-Alatristek ezetz erantzun dio. Azaldu du 1950eko urteetako programatzaileek asmatutako teknika bat dela. «Haietako batek bere izekoren argazkia ipini zuen bulegoan, eta erabakiak hartu aurretik bere izeko ulertzeko gai ote zen galdetzen zion bere buruari. Ezinbestekoa da horrelako arketipoak osatzea. Azken batean, zuk ideiak borborka dituzu barruan, baina abstraitu egin behar duzu jakiteko ideia horien bidez norekin konektatu dezakezun eta norekin ez».
Egutegia, bideojokoa eta beste
Osinagak kontatu du ariketak begirada zabaltzeko balio izan diola. Aitortu du Maddi eta Rosario ez dituela sekula buruan izan bere proiektuaren ikus-entzule posible modura. Donostiako eta Zarauzko 20 eta 30 urte arteko neska bi ziren haren prototipoa. «Oso aberasgarria izaten ari da niretzat».
Tailerra bukatzeko, Appa Maurizia-tik eratorritako beste eduki transmedia batzuk sortu behar izan dituzte talde biek. Mahai analogikoan zeudenek honakoak pentsatu dituzte: batetik, Maurizia Live izeneko performance bat, Euskal Herriko DBHko institutuetara eroateko. Ines Osinagak berak Euskal Herriko kultur ondareari lotutako 45-50 minutuko saioak emango lituzke. Bestetik, hormarako egutegi bat, Rosarioren etxean eta Maddiren gurasoenean egon daitekeena. Euskal ondare immaterialeko elementu batek beteko luke hilabete bakoitza. Talde digitalekoek, berriz, Zu zara Maurizia atari digitala proposatu dute, nork bere istorioa asmatzeko aukera eskaintzen duen gunea. Hezkuntzari lotuta, Aurresku galduaren bila jokoa ere proposatu dute.
Osinagari guztiak gustatu zaizkio, eta baliagarri izango dituela esan. Casas-Alatristek esan du proposamen «oso onak» direla. «Oso denbora gutxian bururatu zaizkizue. Patxada handiagoz eta saio bat baino gehiago eskainita, ideia bikainak izan ditzakezue zuen lanak beste formatu batzuetara hedatzeko».