Duela hilabete hasi zuten mahats bilketa Bizkaiko txakolin ekoizle gehienek. Oro har, aurreko urteetan baino uzta hobea izan dute, baina ez dute erraz izan. Uztaileko bigarren erditik aurrera hezetasun handia eta tenperatura beroak izan zituzten, eta horrek herrialdeko mahasti gehienetan mildiu onddoa agertzea eragin zuen. Gainera, bilketa hasi aurreko asteetan, egun beroak eta euritsuak nahastu ziren, mahatsa heltzeko prozesuan eraginez. Hala ere, pozik daude bildutakoarekin, Bizkaiko Txakolina jatorri izeneko teknikari Iñaki Suarezen esanetan. «Mahats osasuntsua bildu dugu, eta, horri esker, gure ardoek duten berezitasuna erakutsi ahal izango dugu», adierazi du. Orain, muztioa kupeletan dago, eta ekoizleek ospatu egin gura dute. Bihar, Begoñako Amaren eguna da, eta sor-marka osatzen duten sei eskualdeetako ekoizleek lehen muztioa eskainiko diote Bizkaiko zaindariari.
Garai bateko baserritarren erara jantzita, Bilboko Zamudioko atarian elkartuko dira, otzaretan mahats mardoak dituztela. Trikitilariek lagunduta, Zazpikaleak zeharkatuko dituzte kalejiran. Santiago plazan egingo dute geldialdia: katedralaren atarian mahaigainekoa dantzatuko dute, alkate lanak egingo dituenak dantzariei edalontzi bete ardo ematen dien bitartean. 12:00etan bukatuko dute kalejira, Santa Maria kalean. Mahatsa prentsatu, eta muztioa Yohn jauregiaren fatxadan dagoen Begoñako Amaren irudiari eskainiko diote. Erakundeek eta herritarrek lore eskaintza ere egingo diote Ama Birjinari. Bien bitartean, Bizkaiko Gozogileen Elkarteak Begoña tarta banatuko du.
Atxuriko Gizakundearen elizan, Bilboko hiru abesbatzak kontzertua eskainiko dute, 18:30ean: Deustoarrak, Garaizarko Mahatsorriak eta Bilbo Argia. Hala ere, Txikiteroen Jaiko ekitaldirik jendetsuena 20:00etan egingo dute, Yohn jauregiaren parean: inguruko kaleak beteko dituzten ehunka herritarrek Salbea abestuko dute, txikiteroekin eta agintariekin batera. Ohorezko aurreskua ere dantzatuko dute. Bukaeran, Athleticeko Zazpikaleetako peñak milaka pintxo banatuko ditu ekitaldian parte hartzen dutenen artean.

Txikiteroak urria hasi zenetik dabiltza festa giroan. Bisita antzeztuak izan dituzte, txakolin dastatzeak, sukaldaritza tailerrak, erakusketak, eta eguneroko txikiteoa Bizkaiko hainbat abesbatzak girotu diete. Aurten, Gurutze Beitia aktorea eta Bilbo Basket taldea izendatu dituzte ohorezko txikito, «bilbotartasunaren ikur» direlako. Beitiak adierazi du txikiteotik gehien gustatzen zaiona kantua dela: «Nire ustez, musika ezinbestekoa da sozializatzeko; musika oso garrantzitsua da nire bizitzan».
Ohorezko izendapena jaso du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak ere: aurtengo ohorezko erromesa da. Gaur, jaiaren bezperan egingo dute Begoñarako erromeria, Begoñako Amaren kofradiak antolatuta. Azaldu dutenez, «fededuna dela publikoan erakutsi duelako eta Begoñako Amarekiko debozioa duelako» hautatu dute: «Politikariek fedea aldarrikatzeko ausardia falta duten garai hauetan, Iñigo Urkulluren jarrera eredugarria da», adierazi du Javier Diago kofradiako buruak. Ondoren, «kristaua naiz, eta harro nago», esan du lehendakari ohiak izendapena jasotzean.
Begoñarako igoera, bada, 19:30ean abiatuko da Arriaga plazatik, Urkullu eta agintari politikoak tartean direla. Bizkaiko hainbat fanfarre, dantza, trikitilari eta txistulari taldek girotuko dute igoera. Erromesen meza bukatuta, su festak emango dio amaiera gaurko egunari, 22:00etan, Zaragozana su etxearen eskutik.
Bihar ere izango dira ekitaldiak Begoñako basilikaren inguruan. 11:00etan, Bilboko Udal Musika Bandak kontzertua joko du Joan XXIII.aren plazan. 18:30ean, Portugaleteko Elai Alai taldekoak dantzatuko dira, leku berean. Meza nagusia 12:00etakoa izango bada ere, Beti Jai Alai dantza taldekoek 20:00etakoan dantzatuko dute Begoñako zortzikoa. Ordu horretan bertan, suzirien prozesioa egingo dute Ama Birjinaren irudiarekin, eta bukaeran aurreskua dantzatuko diote Barakaldoko Erreka Ortu dantza taldekoek. Egun osoz ez dira faltako umeentzako puzgarriak eta tailerrak, Gargantua, erraldoiak eta txistulariak, erroskillak eta euskal pastelak saltzen dituzten postuak eta txosnak. Urtero legez, euskal jantziak soinean eta Begoñako erromeriaren ikur den zapi morea lepoan ipinita joateko deia egin dute.