Uxue Gutierrez Lorenzo

Uda

2025eko ekainaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ekainak 20, udaberriko azken eguna. Bihar hasiko da, ofizialki, uda. Aste beroa igaro dugu, tenperaturak gora egin du nabarmen eta esan dezakegu uda giroa nabari dela. Egunak luzeak dira eta gauak laburrak, herritarrak terrazetan pilatzen dira, eltxoak gure etxeetan ugaritu dira (baita eltxo tigreak ere!) eta basoetan beste kolore batzuk ikus daitezke. Herritarrek, bestalde, udako oporrak planifikatzeari ekin diote, eta igartzen da asko atseden beharrean daudela. Dena den, urtaroak geroz eta lausoagoak dira, eta berezko ezaugarriak geroz eta ezegonkorragoak. Orain, udaberriko alergia pairatzen dugunok urte osoa igarotzen dugu doministikuka, itsasoa berotzen ari da eta dagoeneko urteko edozein unetan ikusten ditugu turistak gure herrietako eta hirietako kaleetan. Askoz euri gutxiago egiten du udazkenean eta neguan, eta bat-bateko euri jasak ohikoagoak dira. Adibidez, joan den ostiralean, Gipuzkoan, ekaitz bortitzak izan ziren Tolosaldean eta Goierrin. Kalte handiak eragin zituzten, eta Euskalmetek jakinarazi zuen euri jasak ezin izan zirela aurreikusi.

Klima edo eguraldia gure bizitzen isla den honetan, ahazten hasi zaigu urtaroen funtsa eta urtea, nolabait, lau zatitan banatzeak gure bizitzari ematen dion hala moduzko ordena. Hain justu, kazeta honetan bertan pasa den astean Jone Larrinagari irakurri nion Bizkaian tenperatura 1,2 gradu igo dela batez beste azken bi hamarkadetan. Datu objektibo horren bueltan beste hainbat gertakari ere lotuta daude klima larrialdiari, berotegi efektuari eta munduaren erregularizazio ezari. Munduan, Europan, Euskal Herrian. Zentzu eta batasun politikorik gabeko erabakiek, atzera-aurrera-atzera (atzeraezina izan arte) egotearen sentsazioa sortzen dute. Emisio gutxiko eremuak nonahi, baina, bestalde, orain Bilbon bizikleta publikoak alokatzea garestiagoa da. Garraio publikoa merkatu egin da, baina EHUk Leioan duen campusera zenbait tokitatik heltzeko aukera bakarra autoa erabiltzea da. Ahaztu gabe Sestao eta Areeta batuko dituen autoentzako itsas azpiko tunela eta Guggenheim Urdaibai proiektua. Bizkaiko agintariek zeregin eta koherentzia falta zerrenda luzea dute.

Garraio publikoa merkatu egin da, baina EHUk Leioan duen campusera zenbait tokitatik heltzeko aukera bakarra autoa erabiltzea da

Bitartean, inertziaz atzetik goaz herritarrak; batzuetan men eginez, beste batzuetan tabernan kexatuz. Etsipena nabari da giroan, aisialdi indibidualetik harago antolatu ezin daitekeen aldaketa balitz bezala. Konturatzerako, ez zaigu gehiegi axola arnasten dugun haizearen kalitatea edo birziklatu beharreko ontzien etorkizuna.

Maiatza agurtzeko erabili zuen Jone Larrinagak hurrengo esaldia bere testua bukatzeko: «Ekain on! Ea denon artean paperezko ideiok lurreko ideia bilakatzen ditugun». Ideia beraren bueltan nator ni udaberri-uda trantsizio geroz eta lausoago honetan. Arazoei ondoren eusten dien gizartea gara, ondorioei erreparatuz botikak bilatzen ditugunak, askotan, beranduegi denean. Horrela heldu naiz ni ere udaberriko azken egunera: ez ote da beranduegi urtaroen berezko ordena berreskuratzeko. Bitartean, oporraldia antolatuko dut urrian. Kanarietara joan ninteke, edo tira, hemen geratu...; litekeena da urrian eguraldi ona izatea Euskal Herrian. Ezohiko fenomenorik gertatzen ez bada, behintzat...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.