Ikasturtea hasi berri, EHUren Leioako campuseko ikasle batzuek zailtasunak izan dituzte ikastera joateko. Uribe Kostako Jauzi Ekosozialak salatu du eskualdetik Leioara joaten diren autobusetako batzuk jendez lepo ibili direla lehen orduetan. Bereziki, A2162 eta A2166 lineetan nabaritu dute arazoa, eta erabiltzaile asko autobusera igo ezinik geratu dira Berangon, Getxon eta Leioan bertan.
Joan den astean hiru egunetan izan zuten leku falta autobusetan, eta aste honetan ere bide beretik doazela kexatu dira; hau da, autobus zerbitzuaren arduradunek ez diote konponbiderik ipini. Esaterako, gaur goizean A2166 linea betetzen duen lehen autobusak ez du geldialdirik egin Berangoko geltokietan, beteta zetorrelako. Ondorioz, ikasle eta langileek hurrengoaren zain geratu behar izan dute, eta berandu ailegatu dira unibertsitatera. «Ikasleek eskola orduak galdu dituzte, eta batzuek garraio alternatibak bilatu behar izan dituzte». Askok auto pribatua hartu behar izan dutela nabarmendu du Jauzi Ekosozialak. Unibertsitateko ikasle eta beharginei ez ezik, Leioako Barandiaran institutuko ikasleei ere eragiten die egoerak, haietako askok EHUrako autobusa hartzen dute-eta herritik ikastetxera igotzeko.
Jauzi Ekosozialaren ustez, Bizkaiko Foru Aldundiak «mespretxua» die garraio publikoaren erabiltzaileei. «Ikasleengan dituen ondorio negatiboez gain, foru aldundiaren inbertsio faltak autoaren erabilera sustatzen du: dozenaka ikaslek autobusa erabiltzeari utziko diote, eta autoa hartzen hasiko dira, garaiz helduko direla ziurtatzeko». Itsasadarreko tunela eta gainontzeko autobide proiektuak baztertu eta garraio publikoaren aldeko apustua egiteko eskatu diote foru aldundiari.