Urte hasieratik, 56.000 euroren isunak ipini dizkiete Uberri eta antzekoei Bizkaian

Arau hauste «gehienak» udalerri barruko joan-etorriak izan dira, Garraio diputatuak emandako datuen arabera.

Uber ibilgailu bat, aparkaleku batean, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Uber ibilgailu bat, aparkaleku batean, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko martxoaren 11
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtea hasi denetik, 56.000 euro isun. Bizkaiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo Sailak diru kopuru horrekin kuantifikatu ditu Uber, Cabify eta ibilgailu gidaridunen gainontzeko zerbitzuei jarritako isunak. Guztira, ibilgailu horientzako 161 lizentzia daude Bizkaian gaur egun, eta foru aldundiko sail horri dagokio haien kontrola eta jarraipena egitea, Poliziarekin elkarlanean. Gaur eman du datua Sonia Perez Ezkerra Garraio, Mugikortasun eta Turismo diputatuak, Batzar Nagusietan.

Ipinitako zigor «gehienak» —diputatuak ez du zehaztu zenbat— udalerri barruko joan-etorriak egiteagatik izan dira. Legez, halako ibilgailuek herri arteko bidaiak baino ezin dituzte egin, eta arau hauste hori izaten da taxi gidariek gehien leporatzen dietena halako ibilgailuen gidariei, eta hainbat protesta egin dituzte kontrola zorroztu dezatela eskatzeko. Salatu dutenez, halako ibilgailuen «konpetentzia desleialaren ondorioz» diru sarrerak %30 jaitsi zaizkie.

Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeak eskatuta joan da diputatua Batzar Nagusietara. Taldeko bozeramaile Eneritz Madariagak ere taldea indartzeko eskatu dio Perez Ezkerrari, iruditzen zaiolako ez dela behar bestekoa Bizkai osoan kontrolak egiteko. Diputatuak erantzun dio eurak ere konturatu direla premia horretaz, eta aurtengo aurrekontuan jasoa dutela beste teknikari bat —laugarrena— kontratatzeko eskaera.

Hala ere, kontrol gehienak Ertzaintzarekin eta hiri nagusietako udaltzainekin elkarlanean egiten ditu diputazioak. Ikuskapenak egiteko protokolo bat ondu dute, eta polizia indar guztiei bidali. Isun gehienak Bilboko eta Getxoko udaltzainek ipini dituzte. Berbarako, iazko abenduan Bilboko Udaltzaingoak kanpaina berezi bat egin zuen, eta egindako ikuskapenetatik %65i isuna ipini zieten. Arau hauste nagusiak honako hauek izan ziren: erreklamazio orririk ez izatea, udalerri barruko joan-etorriak egitea, bidaiariak bilatzen ibiltzea eta lizentzia eman dien autonomia erkidegoaren ikurra agerian ez izatea.

Hain zuzen, lizentziak diputazioek eman arren, autonomia erkidego osoan zerbitzua emateko balio dute, eta horrek ika-mika sortu zuen otsailean Donostian. Izan ere, Uber Bizkaiko Foru Aldundiaren lizentziarekin hasi zen zerbitzua ematen han. Azken urteetan Gipuzkoako Diputazioak etengabe ukatu zien bere lurraldean aritzeko zerbitzua, eta auzitara jotzeko asmoa iragarri zuen. Perez Ezkerrak gaur esan du EAEko hiru diputazioen artean «erabateko koordinazioa» dagoela. «Araudia bera da guztiontzat, eta irizpideak ere bai. Badaude tokian tokiko lurralde auzitegiek emandako epaiak, eta horiek erritmoetan eragin dezakete, baina ez besterik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA