«Enpresa, udalak eta beste erakunde batzuk esaten ari dira mindaren tratamendurako planta bat izango dela, baina, aztertzerakoan, konturatu gara biometanoa ekoizteko proiektu produktibo estraktibista bat dela, multinazional batek sustatutakoa», esan du Amagoia Salazar karrantzarrak. «Desinformazio» horrek kezkatuta, beste herrikide batzuekin Stop Biogas Karrantza Bizirik plataforma sortzen dabil. Oraindik ez dute elkartea legeztatu, baina hasi dira informazioa biltzen eta herrikideen artean zabaltzen. Salatu duenez, «gehienek oraintsu» izan dute proiektuaren berri, udalak abisatu duenean enpresa eraikitzeko lanak hastekoa zela. Plataformakoak jakitun daude haranean arazo bat dutela behiek sortutako mindarekin, eta «herri mailako hausnarketa lasaia» proposatu dute konponbidea topatzeko. Haien ustez, biogas planta ez da aukera egokia.
Ikusi gehiago
Duela lau urte sortu zuten Karrantza Green Gass sozietatea. Haren asmoa zen mindarekin eta beste hondakin organiko batzuekin biogasa eta ongarria sortzea. Horretarako, garai batean Karrantzako Minda zena eraikitzen ibili ziren orubea eskuratu zuten. Minda tratatzeko planta bat zen hura. Laguntza publikoetan hamar milioi inguru jaso zituzten arren, proiektu hark porrot egin zuen, eta sustatzaileak zigortu zituen justiziak, tartean orduko alkatea. Hala, lanak bukatu barik, 2010etik bertan behera utzita zegoen ingurua. Biomentanizazio planta berrirako, ordukoek eraikita utzi zutena aprobetxatzen ari dira orain.
Hasieran, Aurea Capital Development arrisku funtsa ibili zen oraingo proiektua bultzatzen. Baina plataformako kide Patxi Garciak azaldu duenez, sozietatearen akziodunak aldatu egin dira: orain Verdalia Bioenergy multinazionala dago Karrantzako planta berriaren atzean, eta Verdalia Bio Karrantza ipini diote sozietateari izena. «Esan digute lehengo proiektua hartu dutela, baina hobetu egin dutela», esan du Garciak. Ez du sinesten.
Karrantzako alkate Raul Palaciok ere aitortu du udal gobernua ere arduratuta daukala proiektuak; plataformakoen kezketako batzuk ere badituztela. Esan du gurago zutela horrelako proiektu bat Karrantzatik bertatik sortu izan balitz, haraneko abeltzainen kooperatibatik sustatuta adibidez, herritarrek parte hartuta, garai bateko Karrantzako Minda hura bezala. Ez du atsegin bultzatzailea inbertsio funts bat izatea. Hala ere, itxaropentsu agertu da. Plataformakoei falta zaien fedea du alkateak: «Eusko Jaurlaritzak emandako ingurumen baimen bateratuan agertzen diren neurriak betetzen badira, ona izan daiteke Karrantzan mindarekin dugun arazoa konpontzeko».
Irakurri gehiago
Palaciok gogorarazi du 2021eko EAEko Ingurumen Administraziorako Legearen arabera Jaurlaritzaren eskumena dela horrelako proiektuei jarduera baimena eta ingurumen baimen bateratua ematea, «udalen iritzia kontuan hartu barik». Ondorioz, alkatearen esanetan, Karrantzako Udalari gauza bakarra geratzen zaio: baimen horietan jasotakoa hitzez hitz beteko den esperantza. Kontrol hori ere Eusko Jaurlaritzaren eskumena da, baina Palacio enpresako ordezkariekin bildu da, udalak ere parte hartu ahal izateko ikuskatzeetan. Enpresak onartu egin du. Jaurlaritzakoekin ere biltzeko asmoa du, eskaera bera egiteko. Ez du uste gobernuak trabarik ipiniko dienik.
Jaurlaritzak emandako baimen horietan, plataformakoen susmoa pizten duten elementu batzuk daude. Esaterako, kiratsa ez zabaltzeko neurriak proposatzeko, usaina nondik norantz joango litzatekeen aztertu behar izan du enpresak. Agirietan koordenatu batzuk agertzen dira, plataformakoek egiaztatu egin dituzte, eta Jaengoak dira (Andaluzia, Espainia). Beste atal batean, Karrantzakoa ez den antzeko beste proiektu baten idazpurua zuten orriek. «Beste herri bateko plantaren informazioa kopiatu dute, hemen sartzeko. Horiek ikusita, alarma guztiak piztu zaizkigu», esan du Salazarrek.
«Ikerlariek diotenez, ez da batere gomendagarria biometanizazio prozesutik ateratzen diren hondakinak lurra ongarritzeko erabiltzea»
AMAGOIA SALAZAR Stop Biogas Karrantza Bizirik plataformako kidea
Karrantzako Udalak antolatuta, herri batzarra egin zuten uztailaren 3an, eta enpresako ordezkariak ere joan ziren azalpenak ematera. Plataformako kideek diotenez, «ezer gutxi» argitu zieten. Stop Biogas Karrantza Bizirik taldekoek uste dute informazio guztia behar dela, «hausnarketa lasai eta patxadatsu bat» egin ahal izateko. Kezkatuta daude, herritarrak aldekoen eta aurkakoen artean banatu direlako, eta hori saihestu gura dute plataformakoek.
Adibide kezkagarriak
Antzeko beste proiektu batzuei ere erreparatu diete plataformakoek. Burgosko (Espainia) herri txiki batean topatu dute adibide bat. «Hango andre bat ekarri genuen hitzaldi bat egitera. Kontatu zigun 240 biztanle zirela, baina planta martxan hasi eta urtebetera ehun joan egin zirela, ezinezko bihurtu delako han bizitzea». Arazo nagusiak bi dira: kiratsa, eta hondakinak dakartzaten eta biogasa daroaten kamioien joan-etorri etengabea.
Adituengana ere jo dute. «Ikerlariek diotenez, ez da batere gomendagarria biometanizazio prozesutik ateratzen diren hondakinak lurra ongarritzeko erabiltzea», azaldu du Salazarrek. Ostera, enpresak ongarria egin asmo du hondakin horiekin. Alkateak nabarmendu du enpresak ongarri hori botako den lursailak aztertu beharko dituela: «Ingurumen baimenak analisiak egiteko agintzen dio, frogatu beharko dute-eta ongarri horiek erabilita lur horien ingurumen egoera hobetu egiten dela».

Stop Biogas Karrantza Bizirik taldekoek Alemaniako kasuei ere erreparatu diete. Aspalditik dituzte han halako plantak. «Hamar bat mila planta txiki daude, bakoitza 20.000 tona ingurukoa. Badira 30 urte inguru martxan hasi zirela, eta orain arazoak dituzte, zorua eta urak kutsatuta daudelako», kontatu du Salazarrek. Karrantzako planta 130.000 tonakoa izango da: «Makroplanta bat».
Alkateak azaldu duenez, ingurumen baimenean «argi» zehazten da zer hondakin mota erabil ditzaketen. Gutxienez %80k minda izan behar du, eta gainontzekoak zer hondakin mota izan daitezkeen ere finkatzen du. Esaterako, ezin dute erabili ez industria hondakinik, ez giza kontsumorako balio ez duen okelarik. «Enpresakoek esan digute batez ere minda erabiltzea dela haien asmoa, eta baita satsa eta lastoa ere. Oso adi egongo gara emandako hitza beteko dutela ziurtatzeko», adierazi du Palaciok.
100
Zenbat kamioi joango diren egunero Karrantzako biometanizazio plantara. Stop Biogas Karrantza Bizirik plataformakoen esanetan, biometanizazio plantaren obrak hasi zirenetik nabaria da kamioi gehiago dabiltzala. Hala ere, gerokoak kezkatzen ditu gehiago. Proiektuaren arabera, urtean 240.000 hondakin tona beharko ditu plantak, biogasa sortzeko. Hau da, egunero ehun kamioi hondakin ibiliko dira joan-etorrian. Beste era batera esanda, zortzi minuturik behin, orain ibiltzen ez den kamioi bat pasatuko da haraneko ardatz nagusitik, BI-630 errepidetik.
Salazarrek, ostera, zalantzak ditu enpresakoei entzun ondoren: «Gehiena Arabatik ekarriko duten lastoa izango dela esan ziguten. Beste hondakin batzuk ere aipatu zituzten: kontserba fabriketako hondakinak, elikadura industriakoak... Beraz, ez dugu batere argi honek mindaren arazoa konponduko duenik».
Plataformakoen ustez, mindaren arazoari aurre egiteko, lehenengo diagnosi bat egin behar. Minda kantitate handiak abeltzaintza intentsiboaren ondorio dira. Azken hamarkadetan eredu hori izan da nagusi Karrantzan, baina, Salazarren esanetan, hori aldatzen ari da. «Gero eta gutxiago dira horrelako esplotazioak. Beste eredu batzuk hazten ari dira, artzaintzaren inguruan, nekazaritza ekologikoaren inguruan. Zelan topatuko diogu konponbidea ondo dimentsionatu gabe dagoen arazo bati?». Baina alkateak ez du esperantzarik haranean minda gutxiago sortuko denik; uste du abeltzaintza intentsiboak luze iraungo duela, goragoko administrazioek eredu hori sustatu dutelako, bereziki esnea ekoizteko.
«Eusko Jaurlaritzak emandako ingurumen baimen bateratuan agertzen diren neurriak betetzen badira, ona izan daiteke Karrantzan mindarekin dugun arazoa konpontzeko»
RAUL PALACIO Karrantzako alkatea
Karrantzako abeltzain batzuek dagoeneko kontratuak sinatu dituzte enpresarekin, minda hornitzaile izateko. Salazarrek esan du kontratu horiek aztertu gura dituztela, jakiteko zer baldintza adostu dituzten. «[Espainiako] Estatuko beste planta batzuen inguruetakoek esan digute akordio desorekatuak izan ohi direla». Inguruko eragile guztiekiko elkarlana sustatu nahi du Stop Biogas Karrantza Bizirik plataformak, sinetsita baitaude Karrantzari ez ezik Enkarterri osoari ere kalte egingo diotela.
Informazioa bildu eta zabaltzeaz gainera, plataformakoek biometanizazio plantaren aurkako pankartak ere ipini dituzte. Laster protestara deitzeko asmoa dute. Proiektuaren aurkako lehen pausoak eman dituzte. Garciak berak obra baimenaren aurkako alegazioa aurkeztu du Eusko Jaurlaritzan, ez direlako bisoi europarra babesteko legedia betetzen ari. «Bizkaiko Foru Aldundiaren foru dekretu baten arabera, debekatuta dago kumaldian obrak egitea. Orain da sasoia, planta ondoan dago bisoiak geratzen diren Bizkaiko eremu bietako bat, eta lanean ari dira». Diputaziora jotzeko asmoa ere badute, haiena baita bisoia babesteko araudia.