«Etorkizuneko hazkundearen oinarriak sendotzeko» aurrekontua egin du Bizkaiko Diputazioak

Bizkaiko Foru Aldundia osatzen duten bederatzi sailek 1.716,2 milioi euro izango dituzte, aurten baino %3,9 gehiago. Gastu sozialera bideratuko dute erdia.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatua, gaur, Bilbon. BERRIA
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatua, gaur, Bilbon. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko urriaren 31
13:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko Foru Aldundia osatzen duten bederatzi sailek 1.716,2 milioi euro izango dituzte 2026an. Hau da, aurten baino %3,9 gehiago. Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak adierazi duenez, datorren urteko aurrekontuak «zerbitzu publikoen kalitatea bermatzen du eta Bizkaiko etorkizuneko hazkundearen oinarriak sendotzen ditu». Etxanoberen arabera, datorren urterako «aurreikuspen onei esker» osatu dituzte. «Ekonomiaren eta enpleguaren hazkundea mantendu egingo dira, kontsumoarena ere bai, eta zerga bilketak gora egingo du». Hala ere, kezka agertu du nazioarteko egoera ezegonkorrari erreparatuta, eta horrek Bizkaian ere eragina izan dezakeela uste du. «Ezin gara fidatu. Inork ez digu bermatuko etorkizunean gaur dauzkagun baliabideak izango ditugunik», ohartarazi du. Horregatik, aurrekontu hauek erabiliko dituzte «gerokoaren oinarriak» ezartzeko.

Baliabide ekonomikoen erdia inguru gastu sozialetarako erabiliko dutela esan du. Hainbat saili dagokien dirua sartu du zaku horretan. Guztira, 855,5 milioi euro izango dira, aurten baino berrogei milioi gehiago. Foru aldundiaren gastu soziala, beraz, %4,7 haziko da; erakundearen aurrekontua handituko dena baino gehiago. Batez beste, pertsonako 742 euro inbertituko dituzte datorren urtean; 2024an, 640 euro izan ziren. «Mendekotasuna dutenak, elbarriak eta haurrak zaintzeko eta laguntzeko erabiliko dugu diru hori. Baita andreen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko ere, bizitza gero eta luzeagoak eta gura ez den bakardadeak sortzen dituzten erronkei aurre egiteko, eta gizarte kohesioa sustatzeko», azaldu du ahaldun nagusiak.

BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN 2026KO AURREKONTUA, SAILKA

  • Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustapena. 79 milioi euro. Iaz baino %1,81 gehiago. 
  • Gizarte Ekintza. 767,2 milioi euro. %5,15 gehiago.
  • Euskara, Kultura eta Kirola. 70,4 milioi euro. %3,76 gehiago.
  • Ogasuna eta Finantzak. 69,2 milioi euro. %2,16 gehiago.
  • Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoaren Sustapena. 221,3 milioi euro. %6,21 gehiago.
  • Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanak. 89,5 milioi euro. %3,50 gehiago.
  • Ekonomia Sustapena. 81,4 milioi euro. %0,43 gehiago.
  • Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna. 87,6 milioi euro. %1,16 gehiago.
  • Azpiegiturak eta Lurralde Kohesioa. 250,7 milioi euro. %1,63 gehiago.

Zerbitzu publikoen «hobetze» horretan, garraio publikoari ere garrantzia eman dio. Aurten baino %7,6 handiagoa izango da arlo horretarako erabili duten diru kantitatea: 210 milioi euro. Etxanobek gogoratu du Bilboko Metroaren bosgarren linea eraikitzen ari direla —Bizkaiko Foru Aldundiak ordaintzen du obraren erdia—, eta laugarrenaren proiektua ere negoziatzen ari dira Eusko Jaurlaritzarekin. Bizkaibuseko autobusak berritzen ari dira, eta tren zerbitzurik ez duten eskualdeetan autobus eskaintza handitzen dabiltza, «herritarrek egindako eskariei erantzuteko». Horrek azalduko luke igoera. 

DATUak

%5,8

Udal finantzaketa zenbat hazi den. Bizkaia osatzen duten 113 udalen artean 1.237,9 miloi euro banatuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak datorren urtean. «Inoiz ikusi gabeko diru kantitatea», Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuaren esanetan.

10,3

Bizkaiko Batzar Nagusien aurrekontua zenbatekoa den, milioi eurotan. Bizkaiko Batzar Nagusiek 10,3 milioi euro izango dituzte datorren 2026an, aurten baino ia %2 gehiago. Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuaren arabera, «ezinbesteko aurrekontua bizkaitarren ordezkaritza organo nagusia den erakundearen funtzionamendurako».

%7,1

Eusko Jaurlaritzari egin beharreko ekarpena zenbat hazi den. Bizkaiko Foru Ogasunak 7.147,5 milioi euro emango dizkio Eusko Jaurlaritzari datorren urtean, bere aurrekontua osatu ahal izateko. Aurten baino %7,1 gehiago izango da. Igoera bera izango du Bizkaiak kupo bidez Espainiako Estatuari ordainduko dion kantitateak ere: 675,2 milioi izango dira.

Aurrekontuaren bitartez ekonomia ere bultzatu nahi dute. Horregatik, enpresei, merkataritzari eta autonomoei laguntzeko neurriak jaso dituzte. «Etorkizunera begira ipini gara, industriaren deskarbonizazioa bultzatzeko eta Bizkaia talentudun pertsonentzat lurralde erakargarri bihurtzeko». Helburu horiek gorabehera, Ekonomiaren Sustapen Sailak ez du hazkunde deigarririk izango —%0,43—. Etxanobek azaldu du ohiko laguntza programei eutsiko dietela, eta azpimarratu du enpresei batez ere zerga politikaren bitartez laguntzen zaiela. 

Ahaldun nagusiaren esanetan, azpiegiturak ere ezinbestekoak dira etorkizuneko Bizkaia eraikitzeko, eta hainbat inbertsio iragarri ditu. Berbarako, datorren urtean hasiko dira itsasadarreko tunela eraikitzen. «Gure errepide sareari falta zaion pieza da». Bilbon, Euskal Museoa eta Arte Ederren Museoa zaharberritzeko eta handitzeko lanak ere bukatuko dituzte.

Negoziatzeko konpromisoa

Goizean egindako ezohiko gobernu kontseiluan onartu dute aurrekontu proiektua. Kazetariei aurkeztu ondoren, Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuak  Batzar Nagusietara eroan du, tramitazioa hasteko. Datozen egunetan igaroko dira handik bederatzi diputatuak dagozkien sailetako asmoak azaltzeko. Foru gobernuak gehiengo osoa du, eta dagoen bezala onar dezake aurrekontua. Baina Etxanobek esan du bere gobernuaren «ikur» direla «elkarrizketa eta akordioak lortzeko gogoa». 

herritarrek ekarpenak egin ahalko dituzte

Bizkaiko Batzar Nagusiek aukera emango die herritarrei aurrekontuetan parte hartzeko. Aste honetan, erakundearen webgunean egongo da ikusgai Bizkaiko Foru Aldundiak onartutako proiektua. Bizkaitarrek euren ekarpenak, iradokizunak eta aldaketak egin ahal izango dituzte, azaroaren 3tik 13ra bitartean.

Alderdi guztiekin negoziatzeko konpromisoa hartu du, baina kazetarien galderei erantzunez zalantza egin du EH Bildurekin akordioa lortzeko aukerarik ote duten. Aurtengo aurrekontua bozkatu zenean, koalizioa abstenitu egin zen, 29 neurri adostu zituelako foru gobernuarekin. Oraindik ez dute hitz egin. Baina Etxanobek hedabideen bitartez izan du EH Bilduk Eusko Jaurlaritzako eta hiru diputazioetako aurrekontuak negoziatzeko egin duen proposamenaren berri. «Hiru neurri aipatzen ditu, eta hirurak dira tributuei dagozkienak. Bizkaian apirilean onartu genuen zerga berrikuspena, eta EH Bilduk ez zuen parte hartu gura izan. Orain ez da tributuak negoziatzeko garaia, aurrekontuak negoziatzekoa baizik», ohartarazi du Etxanobek.

Gipuzkoan, lehen bilera

Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo aurkeztu zituen bere aurrekontuak —1.296 milioi euro—, eta gaur ekin dio horiek aurrera ateratzeko negoziazio sortari. Eider Mendoza ahaldun nagusia, Itziar Agirre Ogasun diputatua eta Jose Ignacio Asensio diputatu nagusiordea Miren Etxebeste eta Itziar Agirre Elkarrekin Podemos-eko batzarkideekin bildu dira.

Azken horiek ontzat jo dute bilkuran hitz egindakoa, eta Etxebestek adierazi du beste bilera bat egiteko asmoz direla. Ordurako, aurrekontua «sakon» aztertu nahi dute. Era berean, aldundiko ordezkariei eskatu diete eurek egindako bost proposamenak baloratzeko. «Datozen egunetan ikusiko dugu foru gobernuaren benetako borondatea». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.