Proposamena

Andreen mapatze bat hirian

Mapandreak proiektuak Donostian emakumea presente dagoen espazio publikoak markatzen dituen mapa ilustratu bat argitartu du, eta horren gaineko erakusketa bat zabalduko dute bihar, Bidebietako Kontadoresen.

(ID_13673125) (/EZEZAGUNA) mapandreak_1_claracampoamor
Mapandreak proiektuko antolatzaileek egindako mapa ilustratua, Donostian, Clara Campoamorren eskulturarekin batera. ANE CHUECA
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2024ko martxoaren 9a
05:00
Entzun

Elbira Zipitria, Karmele Esnal, Lourdes Iriondo, Katalina Erauso, Katalina Eleizegi, Mentxu Gal, batelariak, latsariak, zigarrogileak... Beste askorekin batera, beren sektore profesionaletan aitzindari izan diren eta arrastoa utzi duten eta Donostiako historiari ekarpena egin dioten emakume eta kolektiboak dira. Utzitako lorratzaren aitorpen gisara, hiriko kale izendegian emakume zein kolektibo horien izenak daramatzate zenbait kale, plaza, eskultura, eraikin zein muralek. Hain zuzen ere, Donostiako Udalak antolatzen duen Martx Up! egitasmoaren barruan dagoen Mapandreak proiektuko protagonista dira hiriaren nolabaiteko aitortza duten emakume horiek denak. Mapa ilustratu bat da, hirian emakumea presente dagoen espazio publikoak biltzen dituena. 63 gune ditu morez markatuta hiriko auzo guztietan. Maparen bostehun ale argitaratu dituzte antolatzaileek, euskaraz eta gazteleraz, eta, Udaleko Gazteria arloan, Kontadoresen eta Emakumeen Etxean egongo dira ikusgai, besteak beste.

Ane Chuecarena da proiektuaren ideia eta diseinua, eta mapan ageri diren irudiak Laura Matesanz de la Mazak eginak dira. Chuecak kontatu du aitzindari izan ziren emakumezkoei ikusgarritasuna emateko abiatu zutela proiektua: «Donostiako kale izendegian oraindik ere gutxiengoa diren emakumeak ikusarazteko sortu da Mapandreak, emakumeok plazaratzeko, maparatzeko».

«Donostiako kale izendegian oraindik ere gutxiengoa diren emakumeak ikusarazteko sortu da Mapandreak».

ANE CHUECAMapandreak proiektuko kidea

Gogorarazi du, halaber, proiektua ez dutela hutsetik hasi. Donostiako Berdintasun Sailak 2019an Emakumeak eta Hiria Foroarekin, Emakumeen Etxearekin eta EHUko Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasun masterrarekin elkarlanean abiarazi zuen Emakumeon Donostia mapa digitalaren jarraipen gisa jaio zen Mapandreak. «Proiektu horren atzean hainbat emakume egon ziren lanean, eta horrek ere balioa ematen dio lanari». Egitasmoan ageri diren 63 kokalekuak markatzen ditu mapa birtualak, eta Donostiako Udalaren webgunean aurkitu daiteke. Proiektuaren protagonista diren emakume eta kolektibo bakoitzaren biografia txiki bat ere jarri dute mapa birtualean, nahi duenak kontsultatzeko aukera izan dezan.

(ID_13676139) (/EZEZAGUNA) (;)
Katalina Eleizegi idazlea. HITZA

Badira urte batzuk mapa hori ikusgai jarri zuela udalak. Chuecaren iritziz, ordea, hiriko jende askok ez zuen ezagutzen aurrez. «Iruditzen zitzaidan ez zitzaiola eman behar adina zabalpen eta webgunean ahaztuta zegoela». Hain justu, lan hori biziberritzeko asmoz planteatu zuen Chuecak mapa ilustratu bat egitearen ideia. «Aldez aurretik eginda zegoen proiektu horri ikusgarritasuna eman nahi nion».

Oraindik gutxienekoa

Chuecak beharrezkotzat jotzen ditu halako proiektuak. Izan ere, haren ustez, ezinbestekoa da belaunaldi berriek Donostian aitzindari izan diren emakumeen berri izatea. «Hiria emakumeona ere badela aldarrikatzen du proiektuak, eta berdintasunaren bidean lanean jarraitzearen beharra gogorarazten du. Berdintasuna lortzeko, beharrezkoa da emakumeek espazio publikoan presentzia eta aitortza publikoa edukitzea». Gaineratu du alde «nabarmena» dagoela emakumeek eta gizonek kaleetan duten presentzian. «Azken urte hauetan Donostian emakume izena hartzen ari diren kale eta plaza gehiago badaude ere, nabarmena da aldea. Aranzadi Zientzia Elkarteak 2017an aztertutako datuen arabera, hiriko 852 kaleetatik 55 dira emakume izena daramatenak. Gizonenak 279 dira».

(ID_13676140) (/EZEZAGUNA) (;)
Elbira Zipitria irakaslearen irudi bat, Saran (Lapurdi) zegoela, 36ko gerratik ihesi. HITZA

Chueca sinetsita dago hirian ordezkagarritasuna lortzekotan komunitate osoaren ikusgarritasun erreala eta sinbolikoa aitortzen direnean soilik lortuko dela. Horregatik, uste du gizarte eta kultura ondarea berdintasunean balioestea «behar-beharrezkoa» dela. Hala iritsarazi nahi die belaunaldi berriei, eta, hain zuzen ere, helburu horrekin jaio da Mapandreak.

«Hiriko 852 kaleetatik 55 dira emakume izena dutenak; gizonenak 279 dira».

ANE CHUECAMapandreak proiektuko kidea

Arrosez eta morez jantzi dute mapa, eta bi kolore horiek erabilita, hamalau emakumeren ilustrazioak bildu dituzte: Elbira Zipitria, Katalina Eleizegi, Mentxu Gal, Clara Campoamor, Gladys del Estal, Dolores Ibarruri, Maritxu Guler eta Ignacia Zabalorenak, besteak beste. «Halako mapa ilustratuek badituzte beren mugak, eta horien barruan egin dugu gurea. Aukeraketa bat egin behar izan genuen 63 kokalekuen artean, eta hamalau hautatu ditugu ilustrazioetarako. Hala ere, mapa digitalean ageri dira denak, eta bertan kontsulta daitezke kokaleku guztiak».

Erakusketa, gaurtik aurrera

Emakume horiek guztiek egindako lana ikusarazteko asmoz, maparen bostehun ale banatzeaz gain, martxoaren 30era arte ikusgai egongo den erakusketa bat zabalduko dute antolatzaileek gaur, Donostiako Bidebieta auzoko Kontadoresen. Chuecak dioenez, risografia teknikaren bidez inprimatutako mapak zein Laura Matesanz de la Mazak egindako ilustrazioak jasoko dituzte bertan. Arratsaldeko zazpietan irekiko dituzte erakusketako ateak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.