«Lurraldebusek hazten jarraitzen du». Hori azpimarratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Izan ere, 2026ko lehen seihilekoan Lurraldebusen egin diren bidaien datuak eman dituzte, eta hamasei milioi bidaia egin dira urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitartean, iaz aldi berean baino milioi bat gehiago. %6,18ko hazkundea izan da, eta Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek nabarmendu du Gipuzkoako hiriarteko garraio publikoaren erabilerak «goranzko joerari» eusten diola.
Aurtengo lehen sei hilabeteetan eskualde bakoitzean Lurraldebusen egindako bidaien datuak ere zabaldu dituzte. Oiartzualdean eta Bidasoan izan dira bidaia gehienak; zehazki, bost milioi eta erdi bidaia egin dituzte bi eskualde horiek kontuan izanda. Gehien erabilitako Lurraldebusen lineak zein izan diren ere esan dute. E02 linea —Oiartzundik, Errenteriatik, Pasai Antxotik eta Donostiatik igarotzen dena— izan da gehien erabilitakoa; 900.000 bidaiari izan ditu urteko lehen sei hilabeteetan. Horren ostean, Oiartzualdea eta Donostia batzen dituzten E01 eta E05 lineak erabili dira gehien.
Bidasoa eta Oiartzualdearen atzetik, Buruntzaldea izan da bidaiari gehien izan dituen Gipuzkoako eskualdea; izan ere, ia lau milioi bidaia egin dituzte eskualde horretan. Gipuzkoako Foru Aldundiak batera aurkeztu ditu Debagoienean egindako bidaiak eta «ibilbide luzeko zerbitzuak», eta bi horiek elkartuta hiru milioi bidaia baino gehiago egin dira Lurraldebusen. Oiartzualdea eta Donostia batzen dituzten lineen atzetik, Donostia eta Bilbo batzen dituen DO01 linea erabiltzen da gehien, horretan 600.000 bidaiari izan baitira.
Azken hilabeteetan izandako gorakadari erantzuteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak esan du Lurraldebusen 2026rako 68,4 milioi euroko aurrekontua erabili dutela. Autobus flota ere handitu dute. Iaz, urte amaieran, 262 autobus zituzten; gaur egun, berriz, 268.