Lehen sektorean errelebo falta da arazo nagusietako bat, eta, hain zuzen ere arazo horri irtenbidea emateko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Basque Culinary Centerrek Auspoa Ekoizle Gazteak programa abiatu dute, herrialdeko ekoizle gazteak laguntzeko eta haien lana ikusarazteko asmoz. Lehen sektorea begirada gastronomiko batetik indartu nahi dute hala, eta ekoizpenean aritzen diren belaunaldi berriei lagundu proiektuen garapenean, profesionalizazioan eta proiekzioan; haien jarduna hauspotzea da xedea, finean. Egitasmoan parte hartzeko hautatu dituzten hamar proiektuak aurkeztu dituzte berriki.
Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak esan du askotariko proiektuak hautatu dituztela, «Gipuzkoako lehen sektorearen eta nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren aniztasuna ordezkatzen dutenak»; hala nola abeltzaintzari, txakolinari, sagardoari, ekoizpen ekologikoari, frutari, haragiari eta ahuakateari lotutako ekinaldiak dira.
«Auspoaren helburua zera da, ekoizten dutenengandik gertu egotea, haien benetako erronkak ulertzea eta produktuaren, baserriaren, berrikuntzaren eta gastronomiaren arteko zubiak eraikitzea»
JOXE MARI AIZEGA Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia
Hauek dira hautatu dituzten proiektuak: Uxue Artolaren Aralar proiektua (Amezketa), Mirentxu Goikoetxearen eta Ibai Aizpeolearen Ariztiberri baserria (Zegama); Ane Zeberioren Arriatzu baserria (Hernani), Joseba Astarberen Astarbe sagardotegia (Astigarraga), Paula Ostolazaren Gañeta txakolindegia (Getaria), Ander Amonarrizen Lepa-Txiki baserria (Hernani), Jokin Intxaustiren Mendarte baserria (Zerain), Joseba Altunaren Mendiko ustiategia (Amezketa), Agurtzane Subijanaren eta Asier Larrañagaren Ondu Aguakateak proiektua (Getaria) eta Ibai Alberdiren Zaloña Aurrekoa ustiategia (Aretxabaleta).
Gaurtik aurrera, diagnostiko indibidualizatuko prozesu bat hasiko dute hautatuek, nork bere egungo errealitatea hobeto ezagutzeko, zer behar duten identifikatzeko eta kasu bakoitzari egokitutako laguntza ibilbidea zehazteko.
Marka indartzea
Komunikazioa eta markaren posizionamendua landuko dituzte prozesu horretan, bai eta produktuaren kalitatea, bikaintasuna, berrikuntza eta garapena ere. Hortaz, datozen hilabeteetan mentoretzak eta lan saioak izango dituzte, eta aholkularitza espezializatua emango diete.
Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak dio «ezagutza, laguntza eta ekosistema gastronomikoarekin konektatzeko aukerak» eskaini nahi dituztela programaren bitartez, «lehen sektoreko proiektu gazteek beren posizionamendua indartu, aukera berriak identifikatu eta lurraldetik hazteko aukera» izan dezaten. «Auspoaren helburua horixe da, ekoizten dutenengandik gertu egotea, haien benetako erronkak ulertzea eta produktuaren, baserriaren, berrikuntzaren eta gastronomiaren arteko zubiak eraikitzea».
Gañeta txakolindegiko Paula Ostolazak eta Mendarte baserriko Jokin Intxaustik funtsezkotzat daukate programak «lehen sektorearen egungo erronkei aurre egiteko» emango dien laguntza. «Produktuaren kalitatea lantzen, marka indartzen, merkaturatzeko bide berriak aztertzen eta euskal ekosistema gastronomikoko beste ekoizle eta eragile batzuekin konexioak sortzen lagunduko digu».