Zahar etxeko langilea eta ELAko kidea

Aitziber Aranberri: «Badakigu gutxienekoa lortzeko borroka egin beharra dagoela»

Aitziber Aranberri Donostiako Villa Sacramento eguneko zentroko langile eta ELAko kideak grebari ekin dio, beste hainbat langilerekin batera. Zaintzako hitzarmena negoziatu nahi dute.

(ID_15048306) (Jon Urbe/@FOKU) 2025-06-10, Donostia. Aitziber Aranberri zahar etxeetako langilea
Aitziber Aranberri, astelehenean, ELA sindikatuaren Donostiako egoitzan. JON URBE / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
2025eko ekainaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

ELA sindikatuak sei eguneko greba abiarazi du zahar etxeen eta eguneko zentroen lan hitzarmenak negoziatzeko. Herenegun hasi zen ekaineko hiru eguneko greba, eta uztailaren 9tik 11ra bitarte beste hiru egun egingo dituzte. Aitziber Aranberri (Usurbil, 1979) hemezortzi urtez ari da lanean Donostiako Villa Sacramento eguneko zentroan, eta duela bederatzi urte egin zen ELAko delegatu. Gaur, 11:00etan, manifestazioa egingo dute Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren parean hasita.

Zaintzako hitzarmena lortu nahian zabiltzate.

Orain bi urte, UGT sindikatuak eraginkortasun mugatuko hitzarmen delako bat sinatu zuen, nahiz eta gutxiengo parte hartzea eduki. Guk, hori baino lehen, 263 egun egin genituen greban, pandemia tartean zela. Pixkanaka hasi ginen, pandemiarekin etenaldia egin, eta gero berriro ekin genion hitzarmena negoziatzeko grebari, UGTk hitzarmena sinatu zuen arte.

Zer zioen haien hitzarmenak?

Ez zuen edukirik; soldata igoeraren aipamena zekarren, baina besterik ez. Guk ez dugu hori eskatzen. Sektore gogor eta prekario batean egiten dugu lan, eta soldata igo behar digute, bai, ez dugu-eta nahikoa kobratzen, baina beste hainbat gauza jarri nahi ditugu mahai gainean. Gainera, UGTk sinatutako hitzarmena iaz indargabetu zen; beraz, aurtengo urtarrilean negoziazio mahaira deitu genuen.

«Sektore gogor eta prekario batean egiten dugu lan, eta soldata igo behar digute, baina beste hainbat gauza jarri nahi ditugu mahai gainean»

Eta?

Gipuzkoako 37 zentrotan inkestak egin genituen langileen eskaerak jasotzeko. Guztira, seiehun inkesta baino gehiago egin ditugu. Erantzunetan oinarrituta, plataforma bat sortu dugu, eta lau bilera izan ditugu patronalarekin. Orain mahaia blokeatuta dago. Patronalak hiru urterako KPIaren araberako igoera eskaini zigun, baina aldundiaren tarifen arabera. Hitzartuta egonik ere, aldundiak tarifak igoko ez balitu, ez legoke igoerarik patronalaren partetik.

Zer eskatzen duzue?

Lanaldia murriztu dezaten, langile guztiek lanaldi osoko kontratu finkoa izan dezaten, lanaldi osoa egutegian sar dezaten... Lanaldi partzialeko kontratu asko daude, eta, aipatutako baldintzak onartzen ez badituzte, partzialtasunagatik diru plusak exijitu ditugu; 300 edo 400 eurokoak, lanaldiaren arabera. Guk 365 egunetan egiten dugu lan, eta igandeetan soilik kobratzen dugu plusa. Gainera, eskatu dugu 60 urtetik gorakoek 30 orduko lanaldia eta kotizaziopeko soldatarik gabeko baimenak izan ditzatela. Horrez gain, soldata igoera, kontziliazio neurriak hobetzea, lan osasuna hobetzeko neurriak, erasoen aurkako protokoloa ezartzea, eta abar.

Aldundiari ere aipatu duzue.

Patronalarekin lau bilera egin ondoren, ohartu ginen ez zegoela, egiazki, negoziaziorako biderik. Sindikatu bakoitzak bere herritar plataforma zuen, baina patronalak ez zuen eztabaidatzeko borondaterik eta ardura diputazioaren gain jartzen zuen. Azken finean, patronala daukagu, baina sektorearen %90 diputazioak finantzatzen du. Aldundiarekin ere bildu ginen, eta berriro biltzeko asmoa dugu; badakigu azken hitza aldundiak duela.

Orain greba abiarazi duzue.

Urteetan egon gara borrokan, eta pandemian zaintzak jarri omen ziren erdigunean, baina gure sektorean ez genuen emaitzarik antzeman. Erabaki genuen aurten ere martxan jarri behar genuela; bestela, ohi bezala, kontua luzatu egingo zitzaigun. Beste sektore batzuetan ez bezala, badakigu gure grebak luze joango direla, patronala eta aldundia ez daudelako ezer emateko prest, ezta ezer eztabaidatzeko prest ere.

«Ez dugu baldintzarik zerbitzu on bat emateko, eta hori langileontzat oso frustragarria»

Langileentzat zaila al da greba egitea?

Bai, zalantzarik gabe. Sindikatuak erresistentzia kutxa bat dauka horretan laguntzeko. Halere, kontu nekeza da. Orain hemezortzi urte Villa Sacramentotik gau bat egiteko deitu zidatenean, lehenengo aldiz hara azaldu, eta langileak pankarta baten atzean topatu nituen. Urteak daramatzagunak badakigu gutxienekoa lortzeko borroka egin beharra dagoela. Kostatuko da, baina ez dago beste aukerarik.

Sentitzen al duzue gizartearen babesa?

Nik uste gizartea ez dela gure lanaz ohartzen; astoak bezala egiten dugu lan. Gainera, egoiliarren gutxieneko beharrak asetzeko ez besterik: jaiki, garbitu, jantzi eta otorduak eman. Ez dugu momentu bat ere izaten eseri eta haiekin hizketan aritzeko, eta askotan horixe eskatzen dute. Ez dugu baldintzarik zerbitzu on bat emateko, eta hori langileontzat oso frustragarria da.

Sindikatuak elkarlanean ari al zarete?

LABek ere lanuztera deitu du gure egun berberetarako. Nahiago izango genuke grebara batu izan balira. Halere, sindikatuan pozik gaude mobilizatu nahi izan dutelako. Hori bai, langile gisa zera esango dizut, greba egitea zaila dela jakinda ere ez dudala ulertzen zergatik ez diren batu. Lanuztera deitu dute egun berberetarako; beraz, hobe genuen denok batera mobilizatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.