Itxaron-zerrenda amaiezinak

Estitxu Elduaien EH Bilduko batzarkideak salatu du zahar etxeetan sartzeko itxaron-zerrendak nabarmen luzeak direla, eta aldundiak ez dituela zenbait proiektu osatu. Aldundiak esan du iaztik laburtu egin dela itxaron-zerrenda.

(ID_11207031) ZAHAR ETXEA
Adindu bat senide batekin paseatzen, Donostiako zahar etxe batean. GORKA RUBIO / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
2025eko ekainaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zahar etxeetako itxaron-zerrendek hizpide izaten jarraitzen dute, oraindik ere ez baitago toki nahikorik. Eta gaia eztabaidagai izan da Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Ekainaren 4an Estitxu Elduaien EH Bilduko batzarkideak gaia atera zion Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatuari. Peñak zahar etxeei buruzko orain arteko datuak mahaigaineratu zituen, baina, Elduaienen iritziz, erantzuna ez zen «nahikoa» izan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero txosten bat argitaratzen du gizarte politiken bidez eskainitako zerbitzuen memoria azaltzeko. EH Bilduko batzarkide Elduaienek esan du iazko txostena orain dela hilabete gutxi jaso zutela eta, memoriak zioenez, ez ziren bete aldundiak aurreikusitako planak. Izan ere, diputazioak urtero zahar etxeetarako leku gehiago sortzeko asmoa adierazten duen arren, Elduaienek dio esandakoa ez dela betetzen: «Urtero-urtero atzeratzen da lekuak sortzea; agindu baino gutxiago sortzen dira. Hortaz, luzatzen doa zahar etxeetan sartzeko itxaron behar den denbora». EH Bilduko batzarkideak adierazi du batez beste lau hilabete behar izaten direla tokia eskatzen denetik jasotzen den arte, «orain hiru urte baino gehiago».

Zenbait egoitza eraikitzeke

Zahar etxeetarako leku gehiago sortu ez direla frogatzeko, Adinberri (Pasaia) eta Arbes (Irun) egoitzak aipatu ditu Elduaienek, oraindik eraiki gabe daude eta. Hain zuzen, aldundiaren datuen arabera, Adinberrik 124 leku izango ditu, beste 22 bizi osorako etxebizitzak izango dira, eta eguneko zentroa ere izango du. Baina EH Bilduko batzarkideak kontatu du Adinberri eraikitzeko proiektua «orain hamar bat urte» abiarazi zela, eta «atzeratzen» joan dela «etengabe». Izan ere, eraikuntza lanak duela bi urte hasi zituzten arren, eten egin behar izan zituzten hondakin toxikoak aurkitu zituztelako —amiantoa topatu zuten—. Dena den, astelehenean berriro ekin zioten lanari, eta 2028rako amaitzea espero dute.

(ID_13219184) Adinberri egoitza
Pasaian egin asmo duten Adinberri egoitzaren irudi bat. HITZA

Irungo Arbes egoitzari dagokionez, Elduaienek salatu du egoitza haren eraikuntzak hogei urteko atzerapena duela. Datuak diotenez, adinekoentzako 130 leku izango ditu Arbesek, beste 26 leku desgaitasunen bat duten pertsonentzat, 55 lekuko bi eguneko zentro eta bizitza osorako etxebizitza izango diren 50 leku. Egoitzak datorren urtean amaituta beharko zuen arren, aldundiak iragarri du uda honen bukaeran hasiko direla eraikuntza lanak, eta 28 hilabeteko iraupena izango dutela. Aldundiak maiatzean Batzar Nagusietan azaldutakoaren arabera, eraiki beharreko eremuan azterketa geoteknikoak egin ondoren arazoak izan ziren, eta horregatik atzeratu da egoitzaren obra.

«Zera eskatzen diogu aldundiari: lekuak sortuko dituztela esaten badute, hitzemandakoa bete dezatela»ESTITXU ELDUAIENEH Bilduko batzarkidea

Dena den, Elduaienek esan du pandemiaren «aitzakia» erabili izan dutela obrak atzeratzeko, baina egiazki atzerapena «kudeaketa eskas» baten ondorio dela. «Aldundiari zera eskatzen diogu: hasteko, zahar etxeetan lekuak sortzeko diskurtsoa ez erabiltzeko hauteskundeetarako interesen arabera, eta, beste alde batetik, lekuak sortuko dituztela esaten badute, hitzemandakoa bete dezatela». Hala, «zer egingo duzue aurreikusitakoa bete dadin eta erritmoa azkartzeko?», galdetu dio Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuari.

Aldundiaren plan estrategikoa

Aldundiak ez dio elkarrizketa eman Gipuzkoako Hitza-ri, eta Batzar Nagusietan esandakoa akta bidez bidali dio. Jasotako agirian azaltzen diren datuek diotenez, Gipuzkoan iazko abenduan 982 lagun zeuden zahar etxe batean lekua izateko esperoan. Alde horretatik, aldundiak dio «testuinguruari» erreparatzea ezinbestekoa dela, 982 lagun horietatik 793k jasotzen zutelako diru laguntza edo gizarte zerbitzuren bat. Gainera, lekua lortzeko itxaron-zerrenda luzatu izana dependentzia dutenen kopurua handitu izanaren ondorio dela esan du aldundiak: duela gutxi arte, 28.000 pertsona baino gehiagok zuten dependentzia; azken bost urteetan, berriz, 30.000 pasatxo izatera iritsi dira.

Pasa den abenduan, 189 pertsona zeuden tokirik gabe, diru laguntzarik gabe eta inolako zerbitzurik jaso gabe. Diputazioak adierazi du neurriak hartuak dituela «itxaron-zerrenda murrizteko eta leku baten esperoan dauden pertsonei erantzun eraginkorra emateko», eta «baliabideen plangintza estrategiko bat» ere egin duela. Hala, argitu du gaur egun 872 pertsona daudela itxaron-zerrendan, iaz baino gutxiago, alegia; eta haietatik 714k jasotzen dutela diru laguntza edo gizarte zerbitzuren bat.

Aldundiak azaldu du iaz aurkeztutako 20>30 Agenda-k zehaztuko duela gizarte politiketako etorkizuneko norabidea. Bide orri hori aintzat harturik, aurten hogei leku sortuko dituzte Iturbiden (Arrasate), zortzi Oñatiko San Martinen eta hogei Iurreamendin (Tolosa). Gainera, aldundiak jakinarazi du Azkoitian eguneko zentro berria zabalduko duela, eta 30 leku izango dituela. Aurten, beste 118 leku ituntzeko asmoa du.Beraz, guztira 166 leku sortuko ditu aurten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.