Basotik fundazioarekin bat egin duten ia baso jabe guztiak «oso pozik» daude jasotzen duten zerbitzuarekin

Fundazioak Basotik Behatokia sortu du, gipuzkoarrek basoen kudeaketaren gainean duten pertzepzioa eta ezagutza maila neurtzeko tresna. Inkesta bat zabaldu dute gipuzkoarren artean, eta askok eta askok beharrezkotzat jo dute fundazioaren lana.

Jon Ander Ostolaza Basotik fundazioko gerentea eta Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatua, gaur, Donostian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Jon Ander Ostolaza Basotik fundazioko gerentea eta Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatua, gaur, Donostian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2026ko otsailaren 18a
14:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako Foru Aldundiak basoen kudeaketa iraunkorra bermatzeko eta haien abandonua geldiarazteko asmoz sortu zuen Basotik fundazioa, orain bizpahiru urte. Hainbat baso jabek lasaitua hartu zuen, ez baitzekiten lursailekin zer egin. Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak azaldu du, funtsean, «basoen etorkizuna bermatzea» dela fundazioaren helburua. «Baso jabeei aukera ematen die beren basoen kudeaketa integrala lagatzeko eta, hala, bermatzeko lana modu profesional eta iraunkorrean egingo dela, irizpide tekniko eta ingurumenekoak aplikatuta». Fundazioak Basotik Behatokia sortu du berriki, gipuzkoarrek basoen kudeaketaren gainean duten pertzepzioa eta ezagutza maila neurtzeko tresna. Abiapuntu gisa, abenduan inkesta bat zabaldu zuten gipuzkoarren artean, eta gaur goizean aurkeztu dituzte emaitzak. 

Galdetegi horretan, «ahots desberdinak» entzun nahi zituen fundazioak, hala «gizartearena» nola Basotik-en izena emanda dauden baso jabeena; hortaz, bi inkesta abiatu zituen. «Gizartearen pultsua ezagutzea funtsezkoa da komunikazioa eta pedagogia zuzen bideratzeko, eta baso jabeen esperientzia zuzena jasotzea ezinbestekoa da konfiantza sendotzeko eta zerbitzua etengabe hobetzeko». Lurraldean bizi diren 18 urtetik gorako 355 lagunek erantzun diote lehen inkestari, eta 102 baso jabek bigarrenari.

Ikerketaren emaitzek diote %86,5ek ez dakitela ezer edo gutxi dakitela Gipuzkoako basoen egungo egoeraren inguruan. Ondo zainduta ote dauden galdetuta, %41ek uste dute baietz, %26k ezetz, eta %33k diote ez dakitela. «Landa inguruneko biztanleak dira kritikoenak Gipuzkoako basoen zaintzari buruz duten iritziari dagokionez», esan du Jon Ander Ostolaza fundazioko gerenteak. Izan ere, inguru horretan bizi direnen %64k uste du ez daudela ondo zainduta. «Udalerria zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa da ezjakintasuna». Inkesta horri erantzun dioten gehienek ez zuten Basotik fundazioaren berri (%88,4), baina, egiten duen lana azaldu ondotik, askok eta askok beharrezkotzat jo dute (%93).

Baso jabeen erantzunak

Basotik-ekin bat egin duten 102 baso jabek erantzun diote galdetegiari. Ostolazak esplikatu du 50 eta 80 urte bitartekoak direla denak, eta gehienek herentzian hartu dituztela basoen jabetzak (%85). Hainbat arrazoi izan dituzte fundazioarekin bat egiteko, hala nola adina (%32,8), denbora falta (%27,4) eta ezagutza falta (%20,1). «Emaitzek oso mezu argia erakusten digute», esan du Ostolazak. «%99 oso pozik agertu dira Basotik fundazioarekin bat egin izanagatik, eta ia denek diote beste baso jabe bati gomendatuko lioketela zerbitzua». Are, %73,3k esan dute kontratua sinatzeko modua «oso erraza» izan dela, eta erdiek baino gehiagok adierazi dute fundaziotik jasotako proposamena «oso egokia» dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA