Proposamena: bertsolaritza

Bertsoaren lehen sehaska

50 urte bete dira Gipuzkoako lehen bertso eskola sortu zenetik Aretxabaletako Almen ikastolan. Urteurrena ospatzeko, Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna antolatu du biharko.

(ID_13814735) (/EZEZAGUNA) (;)
Gipuzkoako lehen bertso eskolako hainbat ikasle, 1970eko hamarkadan, Aretxabaletako Almen ikastolan. HITZA
Miren Mujika Telleria.
Aretxabaleta
2024ko apirilaren 27a
05:00
Entzun

Euskararen erabilera zabaltzea zuten desio Xanti Iparragirre, Patxi Goikolea eta Joanito Akixu bertsolariek orain 50 urte. Bazuten horretarako tresna: bertsoa. Eta, hain zuzen ere, helburu horri tiraka, lehen bertso eskola sortu zuten hiru bertsolariek, Aretxabaletako Almen ikastolan, 1974an. Leintz ibarrean zabaldu zuten bertso eskolaren asmoa, eta 120 bat haur elkartu ziren lehen saioan. Hiru gelatan banatu zituzten, sortzaileetako bakoitzak gela bana gidatu ahal izateko. Hasierako urteetan, bertso zaharrak izan zituzten lanabes, horiek ikasten baitzituzten saioetan. Hala aritu ziren, harik eta eskolak ibarrean oihartzuna lortu zuen arte. Mende erdi bat bete da ordutik, eta, efemeridea ospatzeko, egitarau zabala antolatu dute biharko Aretxabaletan.

Hastapen hartatik ondoen aritzen ziren hamar gazte aukeratu zituzten Iparragirrek, Goikoleak eta Akixuk, bertsolaritzan beste pauso bat eman zezaten. Bertsoen neurri desberdinak ikasi zituzten gazte horiek, eta, Xabier Amurizaren errimen hiztegia lagun, bat-bateko bertsoak sortzen hasi ziren eskolako saioetan. Hortik atera ziren belaunaldi hartako bertsolari ezagunetako batzuk: Jon eta Aitor Sarasua, Felix Iñurrategi, Arantzazu Loidi eta Danel Goikolea, kasu baterako.

Ane Zuazubiskar bertsolari arrasatearrak uste du bertso eskola bat sortzen ari zirela jakin gabe ekin ziotela Iparragirrek, Goikoleak eta Akixuk bertsogintza transmititzeari. «Ibar honetan oso txertatuta dugu egin, egin eta egin, eta gerora ohartzen gara egiten denaz. Lehen sustatzaile horiek intuizio oso indartsu bat izan zuten: bertsotan edozeinek ikas dezakeela. Eta intuizio horri segitu zioten».

(ID_13814721) (/EZEZAGUNA) almen1
Gipuzkoako lehen bertso eskolan aritutako hainbat bertsolari —tartean, Jon eta Aitor Sarasua, Felix Iñurrategi, Jon Iñaki Izarzelaia, Xabier Euzkitze, Arantzazu Loidi eta Danel Goikolea—, Manuel Olaizola Uztapide bertsolariarekin, 1983ko maiatzaren 14an. BERTSOLARI ALDIZKARIA

Zuazubiskarrek esan du bertso eskolak «asko» aldatu direla hasieratik hona. Dioenez, metodo bihurtu da orduko intuizioa: «Beste lanketa pedagogiko bat dago, eta beste prestakuntza bat dute irakasleek». Zuazubiskarrek azaldu du, gainera, hainbat urrats egiteko modua eman dutela bertso eskolek. «Uste dut, neurri handi batean, bertso eskolek bultzatu dutela emakumeak plazan egotea, edo bertsolaritzaren soka etenda zegoen eremuetan bertsolariak, gai jartzaileak edo antolatzaileak sortzea». Horrenbestez, uste du ordukoari begiratu eta bertatik ikastea dagokiela egungo bertsolariei. «Asko edan dezakegu orduko irakasleen borondatetik, konpromisotik eta grinetik».

Sare bat Gipuzkoan

Aretxabaletako Almen ikastolan biltzen hasi ziren garai hartatik, hainbat bertso eskola sortu dira Gipuzkoan. Bihar, gainera, badute zer ospatu. Izan ere, Gipuzkoako lehen bertso eskola sortu zenetik 50 urte bete direla probestuta, Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna antolatu dute Bertsozale Elkarteko kideek Aretxabaletan. 14 urtez azpikoentzat izango den egun osoko egitaraua prestatu dute okasiorako, eta, horrez gain, Gelatik Plazara sariketaren finala ere jokatuko da.

«Uste dut, neurri handi batean, bertso eskolek bultzatu dutela emakumeak plazan egon ahal izatea».

ANE ZUAZUBISKARBertsolaria

Besteak beste, Ane Beloki bertsolari legazpiarra aritu da eguna antolatzeko lanetan, eta, esan duenez, hainbat autobus antolatu dituzte Aretxabaletara joateko. 128 ikasle batuko dira. 10:00etan helduko dira, eta, lehen-lehenik, pankarta tailerra egingo dutela jakinarazi du Belokik. 11:30ean, Gelatik Plazara lehiaketako finalak egingo dituzte. Antolatzaileek esan dutenez, final bat jokatu eta talde garaile bat egon beharrean, bi final egingo dira aldi berean, bakoitzean lau talderekin. Hartara, gainerako bertso eskoletako ikasleak bertan egongo dira, finala bertatik bertara ikusten. «Ikasleek plaza bat izan zezaten nahi dugu, urte osoan lanean ari diren arren ez dutelako jendaurreko erakusleihorik», azaldu du Belokik.

Finalak amaituta, bazkarirako tartea egingo dute, 13:00etan. Horretarako, nork bere bazkaria eraman beharko du. 14:30ean, Mihiluze jolasa egingo dute. «Ikasleak hamabi taldetan banatuko ditugu, eta telebistako Mihiluze saioan egiten diren ariketa batzuk prestatu ditugu haientzat. Herri osoan ibili beharko dute hainbat pistaren bila, harik eta azkeneko helburua lortzen duten arte». 16:30ean egingo dute amaiera ekitaldia, denen artean Bertso Eskolen Egunerako propio sortutako kantua kantatzearekin batera.

«Biharko egunak balio dezala Gipuzkoako bertso eskoletako ikasleek elkar ezagutzeko eta saretzeko».

ANE BELOKIBertsolaria

«Denentzat egun polit bat izatea nahiko genuke», esan du Belokik. «Bertso eskolek egiten duten lanari garrantzia eman nahi diogu bihar. Beraz, izan dadila egun bat Gipuzkoako bertso eskoletako ikasleek elkar ezagutzeko eta saretzeko balioko duena». Horixe desio du Zuazubiskarrek ere: «Egunak balio dezala Gipuzkoako bertso eskolen arteko harremanak indartzeko, urteotan egindako lana ospatzeko eta aurrera begira jartzeko».

EGITARAUA

  • 10:00. Harrera eta pankarta tailerra.
  • 11:30. Gelatik Plazara lehiaketako finalak.
  • 13:00. Bazkaria.
  • 14:30.Mihiluze jolasa.
  • 16:30. Amaierako ekitaldia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIA babestuz, harro herri! Martxoaren 14tik 24ra, ekarpenak saria du.