Jagoba Astiazaran: «Lanetik kanpo musika entzutea ez zait gustatzen, zuzenekoa ez bada»

Gaztea zela ekin zion musikari ibilbideari Jagoba Astiazaranek. Egun, horixe du ogibide, hain zuzen ere. SGAEren Lehen Konposizio saria lortu zuen uztailean 'Zotz' lanari esker, eta hilabete barru aurkeztuko du.

img_7810
2023ko azaroaren 27a
05:00
Entzun

Txistulari baino gehiago, musikari gisa definitzen du bere burua Jagoba Astiazaranek (Zestoa, 1986). Haren amak dio kalean aspertu egiten zelako hasi zela musikaren munduan murgiltzen. Egun, txistua du ogibide.

Musikaren inguruan egin duzu zure ibilbide guztia. Nola eman zenituen lehen pausoak musikan? Nondik jaio zen musikarekin duzun harreman hori? 

Beti esan ohi da familiatik datorren herentzia izaten dela musikarako joera. Nire kasuan, inguruan ez dut musikari profesionalik izan, baina bai musikazale asko. Aitona, esaterako, abesbatzako zuzendaria izan zen; ama, berriz, musika irakaslea izan da eskolan; eta amama kantari ikaragarri ona zen.  Amak beti esaten du musika ikasten hasi nintzela kalean aspertu egiten nintzelako. Nonbaiten izena eman behar, eta hala hasi nintzen musikaren munduan murgiltzen.  

Interprete gisa, txistuarekin lotuko zaituzte askok gaur egun. Baina zenbat instrumentu jotzen dituzu? 

Jo, bi instrumentu jotzen ditudala esan ohi dut; beste guztiak lardaskatu egiten ditut. Txistua jotzen dakit bere garaian horri lotutako goi mailako ikasketak egin nituelako. Pianoarekin ere gauza bera, instrumentu horren gaineko ikasketa profesionalak egin ditudalako.  

Musikenen egin zenituen ikasketak. Nola oroitzen duzu garai hura?  

Ez dago hain urruti sasoi hura. Lehengo urtean amaitu nuen masterra Musikenen bertan, eta guztira, hasi nintzenetik, hemezortzi urte egin ditut zentro horretan. Luxuzko ikaskuntza gune bat da Musikene, eta gertu edukitzea zortea izan da. Faltan sumatu dut, ordea, etxetik aldentzea. Badut horren pena. Zorionez, era berean, lanpostu bat azkar lortu nuen han, oso goiz, eta horregatik ezin izan naiz kanpora joan ikastera.   

Nolatan eta zergatik txistua? 

Pianoa ikasten hasi nintzen lehenengo. Pianoa jotzen hiru bat urte egin berri nituela, beste instrumentu bat aukeratu behar nuen, eta, kontrastea egiteagatik, haize instrumentu bat hautatu nuen. Ez naiz oso ondo oroitzen, baina uste dut momentu hartan txistularien beharra zegoela, eta, ni batera eta bestera animatzen nintzenez, baiezkoa eman nuen. Ez da kontzienteki nik aukeratutako instrumentu bat izan. 15 urte nituela, kontserbatoriora joaten hasi nintzen ibilbide profesional bat egiteko asmotan, eta han konturatu nintzen askoz ere gehiago dibertitzen nintzela txistuarekin, pianoarekin baino. Pianoa jotzen zuen bakarra nintzen etxean, eta txistua, berriz, kalean jotzen nuen: kalejiran, lagunekin edota dantza taldeekin. Askoz ere dibertigarriagoa zen hori niretzat. 

«Aitortu behar dut zuzenekoetarako izugarrizko beharra dudala; astean behin edo bitan joaten naiz kontzerturen batera».

Gogoan al duzu zein izan zen eskuen artean hartu zenuen lehenengo txistua? 

Ez, baina pentsatzen dut herrian Garikoitz Mendizabalen moduko erreferente bat izanda hark utzitakoren bat izango zela. Musika ikasten hasi nintzenean, haren etxera joaten nintzen, bera oso gaztea zela. Lehenengo solfeoko ikasketak egin nituen harekin.  

Zer da zuretzat txistua jotzea? Zer ematen dizu? 

Nik ez dut tresna batekin lotzen neure burua. Egia da momentu honetan txistua dela nire ogibidea, eta baita musika jotzeko erabiltzen dudan tresna ere. Donostiako Udalaren musika bandan hamabost urte daramatzat, baina, esan bezala, ni musikaria naiz txistularia baino gehiago.  

Ikasketak horretara bideratu zenituen, eta musika sortzaile edo konpositore lanak ere egin dituzu. Musika pieza berri baten sorreran zein da lehen pausoa, zure kasuan? 

Bide ezberdinak hartu ditut. Ez da gauza bera musika herrikoia sortzea edo musika garaikidea sortzea. Ni bietan aritzen naiz. Musika herrikoia esaten dudanean, herriarentzat egindako musikaz ari naiz. Kasu horretan, helburu batzuk daude eta publikoa dago, eta beste gauza batzuk hartzen ditugu kontuan. Bestea lan nekezagoa da, eta, gainera, gutxiago eskertzen da gaur egun; artistikoagoa ere bada. Bien arteko konbinazioa egitea gustatzen zait.  

Zerk inspiratzen zaitu pieza bat konposatzerakoan? 

Batzuetan ez da inspirazioa izaten, egin beharreko zerbait izaten da; enkargu bat. Inspirazioa gutxitan izaten da idilikoa, uste den bezala. Oraintxe, nire burua ari da pentsatzen egun gutxi dauzkadala SGAEren Euskadi Sariko obra berria aurkezteko, eta ez dago inspirazio iturririk, jarduna bakarrik dago.

Iñar Sastrerekin egin duzu lan urte askoan. Euskal musika tradizionalaren doinuen berrirakurketak proposatu dituzue. Antzeko ideiak al dituzue musikari lotuta? Nola moldatzen zarete? 

Iñar eta biok batera hasi ginen ikasten, 16 urterekin, eta proiektu asko egin ditugu elkarrekin, baina oso lan gutxi bideratu ditugu gure tresnetara. Momentu batean, zera esan genuen: «Noiz egin behar dugu nor bere tresnekin aritzeko modua emango duen zerbait?». Hala sortu zen Arineketan, 2020an atera genuen diskoa. Eta, egia esan, espero ez genuen arrakasta izan genuen. Txistu eta piano proiektu batek ez du bide luzerik izaten, baina kontrakoa gertatu zen. Proiektua oso gustukoa izan zen, eta orain bigarren diskoa grabatu dugu; aurki ikusiko du argia. Zaharrak berri izena du, eta urtarrilean izango da diskoaren aurkezpen ofiziala. Izenburuak esaten duen moduan, lehen euskal dantzekin egin genuena orain euskal kantekin egin dugu. Hainbat euskal kantari izan ditugu kolaboratzaile, eta haiekin berritu ditugu euskal kantak.

Hain zuzen ere, gai hori oinarritzat hartuta, Vatikanoko II. Kontzilioa eta euskal musika eta instrumentu tradizionalak  izeneko lanarekin irabazi zenuen 2012an Donostiako Orfeoia-EHU saria. Zer esan nahi du sari horrek zuretzat? 

Beste bide bat. Orduan txistu ikasketekin nenbilen, eta Gradu Amaierako Lan bezala ikerketa bat egin nuen; ordu asko eman nituen horretan. Nik uste dut errekonozimendu hori bere horretan geratu dela. Ez dut askoz gehiago ikertu, baina noizbait jarraituko dut horrekin, inoiz denbora pixka bat topatzen badut.  

«Ezinbestekoa iruditzen zait nire musikari ibilbidea herritarrekin partekatzea».

Beste sari bat ere lortu duzu berriki. SGAEren Lehen Konposizio saria, Zotz lanari esker. Nolatan aurkeztu zinen sariketara? Nola hartu zenuen saria irabazi izanaren berria? 

Sariketa berria da. Lehenengo aldiz antolatu zuten, eta, orduan, ez nekien oso garbi zer bilatzen zuten horrelako deialdi batean. Masterra amaitu berri nuen, eta, hori aitzakiatzat hartuta, masterreko lan bat aurkeztu nuen. Sari ekonomikoa da enkargu berri bat idaztea Kuraia taldearentzat. Esan dezakegu izan dela idazten jarraitzeko beste pizgarri bat.

Abenduaren hasierarako entregatu behar duzu lana. Nola doa prozesua? 

Neure burua orain estresatuta dago. Orduak kontatzen nabil horretarako; prozesuaren azkenengo txanpan sartzen garenean, eguneko ordu guztiak horretara bideratu behar izaten ditugu. Askoz praktikoagoa da prozesua. Kasu honetan, ez dago inspirazioaren beharrik. Arkatza hartu eta idatzi, ez dago besterik.  

Donostiako txistularien bandako kide zara 2008az geroztik. Zestoako txistularien bandan ere bazabiltza. Garrantzitsua iruditzen al zaizu zure musikari jarduna herritarrekin partekatzea edota haiengana hurbiltzea? 

Ezinbestekoa iruditzen zait. Zestoan musika banda zuzenduko dut Gabonetan; auskalo zenbatgarren urteurrena den. Nire jarduna ere horretan oinarritu da hasieratik: herritik jasotako hori herrian egitean. 

Lanetik kanpo, zer pisu du zure bizitzan musikak? 

Bitxia da; izan ere, lanetik kanpo ez dut entzuten musikarik. Normalean, gidatzekoan ere musika kentzen saiatzen naiz. Ez zait gustatzen musika entzutea, ez bada zuzenekoa. Aitortu behar dut zuzenekoetarako izugarrizko beharra daukadala. Astean behin edo bitan joaten naiz kontzerturen batera.  

Herri txikia izanagatik ere, oro har, musikari asko egon dira Zestoan, eta oraindik ere badira. Txistularien artean, adibidez, Garikoitz Mendizabal eta biok zestoarrak zarete. Zer du Zestoak bertan hainbeste musikari sortzeko? 

Nire ustez, hori aztertu egin beharko litzateke. Hain herritar gutxi izanda, bitxia da oso. Zestoako talde askok izugarrizko arrakasta izan dute Euskal Herrian. Nolabait esateko, beti egon da Zestoan halako agertokietarako joera bat. Haiei begira hasi garenok amestu egin dugu. Herri kantak egin dituztenak ere asko dira Zestoan, eta musikak hainbeste arrakasta izatea oso gauza xelebrea da. 

Kantuan ere aritzen zara. Non aritu izan zara abesten? 

Bai. Donostiako Orfeoian aritu naiz kantari. Baina aita izan naiz aurten, eta oso gutxitan abestu dut taldearekin harrezkero.  

Dantzan ere aritu izan zara? 

Ez, dantzan ez!... Pribatuan edo asteburuetan bai, baina, bestela, ez naiz dantzan aritzen. Hori da gainditu gabe dudan ikasgaia.  

Musikarik gabe, zer? 

Musikarik ez balego, beste zerbait egongo litzateke. Nik garbi daukat: musika kultura egiteko tresna bat da. Eta galdera horri beste galdera batekin erantzungo nioke: zer litzateke gutaz kulturarik ez balego? 

motzean

Denbora librean zer gustatzen zaizu egitea? Bidaiatzea.

 

Musikaririk gustukoena? Freddie Mercury.

 

Zein konpositore duzu eredu? Ramon Lazkano. Nire irakaslea izan da, eta hura da eredu gertukoena. 

 

Musikari lotutako lehen oroitzapena?La misión  filmeko soinu banda, hitz egiten hasi baino lehen abesten nuena kasik. Gure amak erabiltzen zuen kantu hori bideoak muntatzeko.

Nori eskainiko zenioke kantu bat? Izeba Mariasuni. Joan den urtean hil zen.

Galtzeko moduko leku bat? Aieteko parkea [Donostia].

Gustura entzungo zenukeen kontzertu bat? Grises taldearen despedida kontzertua. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.