Biniloak

Doinu analogikoen errebolta

Binilozko diskoen salmentak berpizkundea izan du azken urteotan. Urola Kostako zenbait taldek ere diskoak formatu horretan ateratzeko apustua egin dute.

(ID_13596778) (Raul Bogajo/@FOKU) 2022-09-08 Gasteiz. Vinilo denda
Pertsona bat binilo azoka batean, binilo zaharren artean arakatzen. RAUL BOGAJO / FOKU
Juan Luis Romatet Mantzizidor
2024ko otsailaren 19a
05:00
Entzun

Hilzorian egotetik hurbil egon zen binilozko diskoa. Multinazionalek disko konpaktuen ustezko bertuteak goraipatu eta haien salmenta bultzatu zutenean, plastiko beltzezko disko handiak desagertu egin ziren merkataritza gune eta disko denda handietatik. Asterixen komikietako herrixka galiarraren gisa, diskoetxe independenteak eta denda txikiak izan ziren musika formatu hau bizirik mantendu zituztenak. Orain arte. Historiari inork espero ez zuen bira bat emanez, binilozko diskoen salmentak ezusteko gorakada bat izan du azken urteotan. Ameriketako Estatu Batuetan bakarrik %20tik gora igo zen disko horien salmenta 2023. urteko lehen seihilekoan. Ez hori bakarrik, 1987tik lehendabiziko aldiz, iaz binilozko disko gehiago saldu ziren disko konpaktuak baino.

Euskal Herrian ere gero eta talde gehiagok ateratzen dituzte beren diskoak binilo formatuan. Urola Kostako talde batzuek ere hautu hori egin dute. Anariren, Rodeoren eta Sofaren kasua da hori. Anari abeslari azkoitiarrak Irungo Bidehuts zigiluarekin atera zituen Irla zen (2009) eta Zure aurrekari penalak (2015) diskoak. Rodeo talde zestoarrak, berriz, Bonberenea Ekintzak diskoetxearen aterpean plazaratu zuen Moyra & Hibris (2022) disko bikoitza, eta Tolosako etxe horrekin atera ditu, baita ere, Sofa talde zarauztarrak bere azken bi diskoak: II (2017) eta Krispetak (2022).

«Dena berehalakoa den garai honetan, bitxia da binilozko diskoen salmenten gorakada».

BEÑAT FERNANDEZ Marlik taldea

Zestoako eta Zumaiako kideak dituen Ezpalak taldeak, berriz, Bilboko Oso Polita etxearen babesean atera dituzte beren azken lanak, horietatik bi hamabi hazbeteko diskoetan: Kolpatu topatu (2021) eta Hortz aina hots (2022). «Azken diskoa ere iazko Durangoko Azokan aurkeztutako Lagunekin zuzenean (2023) biniloan ateratzeko asmoa genuen, baina ez zigun denborarik eman; fabrikan ez ziguten ziurtatu Durangorako prest egongo zenik, eta azkenean CD bikoitza bakarrik atera genuen», dio taldeko baxu jotzaile Unai Eizagirrek.

Mundu mailan binilozko diskoak egiten dituzten enpresa gutxi daude, eta urte hauetan izandako lan kargarekin itxaron zerrenda luzeak izan dituzte. Horrek, askotan, ezarritako epeak ez betetzea ekarri die. Zumaiako Marlik boskoteak Urdulizko (Bizkaia) Press Play Vinyl enpresan egin zuten iazko Durangoko Azokan aurkeztu zuten Nigan zara (2023) diskoa. Taldearen epilogo gisa ikus daiteke sei abestiz osatutako emaitza. «Taldea uzteko erabakia hartu genuenean pentsatu genuen ondo egongo zela sortutako azken musika hamar edo hamabi hazbeteko binilozko disko batean jasotzea. Abesti horiek azal handiko disko batean biltzeak xarma zuela uste genuen. Azaletik ezabatu baino lehen (2020) diskoa atera genuenean, ondorioztatu genuen disko konpaktuak ez dituela inork entzuten; taldeari laguntzeko-edo erosten ditu jendeak, baina plataformetan entzuten dute, oro har, musika hori. Horregatik erabaki genuen diskoa biniloan ateratzea», azaldu du Marlikeko gitarrista Beñat Fernandezek. Gaun egun, Biderbost taldean jotzen du.

Aurrez aipatutako taldeek ez bezala, zumaiarrek beren kabuz atera behar izan dituzte diskoak, zigilu baten babesik gabe. «Musikatik atera ditugun sos guztiak abestiak grabatzeko eta CDak editatzeko erabili ditugu. Biniloan argitaratzea erabaki genuenean, bagenekien dirua geure patrikatik jarri beharko genuela; galtzen aterako ginela, alegia. Baina aldarrikapen baten moduan ere ikus daiteke: taldea utzi behar badugu, irten gaitezen ate handitik!».


Egungo joeren aurka

Munduko abesti guztiak sakelakoan klik batera dauden honetan, erromantizismo puntu bat badu disko bat modu analogikoan entzuteak, Fernandezen ustetan. «Esaten dute disko hauek soinu hobeagoa dutela digitalak baino, eta disko jogailuaren orratzak lortzen duen soinua belarritik hobeto sartzen dela. Ez dakit hala den, baina badago beste faktore bat: diskoa bere osotasunean entzuten duzu, ez abesti solteak bakarrik. Bai, orratza altxatu dezakezu eta abesti bakar bat entzun, baina, nik behintzat, behin diskoa jartzen dudanean oso-osorik entzuten dut».

«Moda kontuak dira. Lehen zegoena berriro bueltan da, izan binilozko diskoak, izan kaseteak».

 UNAI EIZAGIRREEzpalak taldea

Salmenta igoera gaur egungo joeren aurka doala uste du Fernandezek. «Dena berehalakoa den garai honetan, bitxia da binilozko diskoak erostea moda bihurtzea». «Moda» hitza erabili du Eizagirrek ere. «Lehen zegoena berriro bueltan da, bai binilozko diskoak, baita kaseteak ere. Guk azken horiek ez ditugu saltzen, baina Durangoko Azokan beste talde bat genuen gure postuaren ondoan, eta kaseteak ere saltzen zituzten». Moda honen atzean itxurakeria puntu bat ere ikusten du Ezpalakeko baxu jotzaileak. «Entzuteko baino gehiago, batzuk beira arasan jartzeko erosten dituzte», dio.

Binilozko diskoen salmentak azken urteetan izandako gorakadak «harridura» sortzen diola ere onartu du Fernandezek. «Harrigarria iruditzen zait, gaur egungo joerarekin alderatuta kontrajarria delako. Hor industria bat dago atzetik, lauzpabost enpresa handi daude, eta bide batetik edo bestetik eramango gaituzte. Ez naiz haietaz gehiegi fio. Garbi dagoena da iraungo duena digitala izango dela. Etorkizunean zer etorriko den? Hori industriak bakarrik daki».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.