Donostiako La Anunciata ikastetxeak hiru eguneko greba egingo du datorren astean

Otsailaren 24an, 25ean eta 26an egingo dituzte lanuzteak. Langileek «erakundeen inplikazioa» eskatu dute «berehalako kaleratze kolektiboari» aurre egiteko.

Ikasgela bat hutsik, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Ikasgela bat hutsik, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2026ko otsailaren 20a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jaiotze tasaren beherakada gero eta gehiago ari da eragiten hezkuntzan, hala ikastetxe publikoetan nola itunpekoetan. Orain hilabete eskas iragarri zuten Donostiako La Anunciata eskola itxi egingo dutela ikasturte amaieran. Hori dela eta, hango langileek manifestazio bat egin zuten atzo arratsaldean ikastetxearen atarian eta Pasai Antxoko kaleetan. Are, ELA sindikatuak iragarri berri du langileek hiru eguneko greba egingo dutela datorren astean, otsailaren 24an, 25ean eta 26an.

Sindikatuak salatu du ikastetxea ixteko neurria «aurrez sindikatu ordezkaritzarekin negoziatu gabe» hartu zela, eta langileek egun berean izan zutela erabakiaren berri. Hortaz, «erakundeen inplikazioa» eskatu dute, «berehalako kaleratze kolektiboari» aurre egiteko.

La Anunciata eskola erlijiosoa da, Kristau Eskolakoa. 370 ikaslek ikasten dute bertan, D ereduan, eta 29 hezitzailek dihardute lanean. Eskola Francisco Coll fundazioarena da, eta, haren arabera, hauek izan dira eskola ixteko arrazoiak: jaiotze tasa txikitzea, batxilergoa kendu izana, itunpeko gero eta ikasgela gutxiago edukitzea eta eraikinek behar dituzten inbertsioak. Ikasleei beste zentro batzuetan matrikulatzen lagunduko die Kristau Eskolak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin batera.

Beraz, ELAk auziaren gaineko «erantzukizuna» har dezatela eskatu die Kristau Eskola patronalari eta Hezkuntza Sailari: «Azken ikasturteetan hainbat itxiera eta fusio prozesu gertatzen ari dira hezkuntza publikoan eta itunpeko hezkuntzan. Prozesu horiek guztiak lanpostuei eta langileen interesei erreparatu gabe gauzatzen ari dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.