Gipuzkoako zahar etxeetako langile ugarik Borroka da bide bakarra! eta Erresidentziak borrokan! oihuak ahotan gurutzatu dute Donostiako Askatasunaren Etorbidea, Zaintzaileak zainduz, bizitzak zaindu! dioen pankarta baten atzean; hala iritsi dira Emakumeen Etxeraino, kamiseta moreak soinean. Barneraino sartu dira denak, eta bertan itxi, egungo zaintza eredua gaitzesteko, besteak beste. Jakinarazi dute han jarraituko dutela egun batzuez, gau eta egun, baina ez dute zehaztu noiz arte.
Langileak areto batean sartu dira poliki-poliki, harik eta gela leporaino bete duten arte. Borobil batean bildu dira denak, zera salatzeko: Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialdeko erresidentzien eta eguneko zentroen sektorea pribatizatu duela, eta horrek «etengabeko narriadura» eragin duela langileen baldintzetan eta zerbitzuaren kalitatean. «Prekaritatea handitzen ari da: plantillaren ia erdiak borondatezkoak ez diren lanaldi partzialak ditu, eta urtean 10.000 euro gutxiago kobratzen dute lan bera egiten duten langile publikoekin alderatuta», esan du Eva Arrieta ELAko koordinatzaileak.
«Oso azkar egin behar izaten ditugu zaintza lan guztiak, eta horrek esan nahi du ezin ditugula egoiliarrak kalitatez zaindu, nahiz eta guk nahi izan»
MAIDER BOLLAIN Zumaiako San Juan egoitzako langilea
Langileek zaharren kalitatezko zaintza bermatu nahi dute, eta, hortaz, foru erakundeari «konpromisoa» eskatu diote, herrialdeko erresidentzietan «urratsak» egin ditzan. «Urtebete da negoziazio mahaia ireki zenetik, patronalek ez digute inolako proposamenik ekarri, eta ez dugu inolako ekimen politikorik ikusi», dio Arrietak. «Nabarmena da blokeoa dagoela mahai sektorial horretan, eta foru erakundeari eskatu nahi diogu blokeo horretan dagokion ardura har dezala».
Izan ere, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Ahal Dugu-k Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2026ko aurrekontuak onartzeko akordioa lortu zuten abenduan, zahar etxeen sektoreko hitzarmena sustatzeko konpromisoa hartu zuten, eta hamar milioi euroko inbertsioa adostu zuten horretarako. Hala ere, Arrietak azaldu du sindikatuei ez dietela akordioaren gaineko xehetasunik eman. «Haiek deitzen ez badigute, geuk deituko diegu. Foru aldundiari enbarazu egiten ari gara, ikusten gaituzte, eta horixe da garrantzitsuena».

Sektoreko langile gehienak emakumeak eta azpikontratatuak dira, eta Arrietak gogorarazi du hamar bat egun besterik ez direla geratzen Martxoaren 8rako, eta foru aldundia «bere betiko esloganak» zabaltzen hasiko dela aurki: «Genero arrakala, soldata arrakala, diskriminazioa... Halako hitzez beteko zaie ahoa. Beraz, gisa horretako arazoak aldatu nahi badituzte, horren ardura har dezatela eskatzen diegu, prentsako tituluez harago. Uste dugu diputazioak baduela hori iraultzeko ardura, erresidentzietan ematen den zerbitzua haiena baita».
Zumaiako San Juan egoitzan (Gipuzkoa) egiten du lan Maider Bollainek, eta kontatu du greba mugagabean daudela hango langileak. «Clece Mayores-ena da egoitza, eta enpresa hori sartu zenetik gauza asko murriztu zaizkigu. %90eko zerbitzu minimoak dauzkagu, eta gehienok lanaldi osoan ari gara, baina, halere, ez gara iristen». Esan du erresidentzia horretan dauden egoiliarrak «mendekotasun egoeran» daudela, eta «justu-justu» iristen direla haiek zaintzera. «Gurean inoiz ikusi ez ditugun ultzerak ikusten ari gara egoiliarretan, bazkaria ahora emateko denborarik ere ez dugu kasik... Oso azkar egin behar izaten ditugu zaintza lan guztiak, eta horrek esan nahi du ezin ditugula egoiliarrak kalitatez zaindu, nahiz eta guk nahi izan».
«Langile gehienok depresioaren eta antsietatearen aurkako botikak hartzen ari gara, oso zaila zaigulako presio horri aurre egitea»
CRISTINA ENRIQUEZ Errenteriako Jesusen Bihotza egoitzako langilea
Bollainen antzeko egoeran dago Cristina Enriquez. Errenteriako Jesusen Bihotza egoitzan (Gipuzkoa) egiten du lan, eta kontatu du hitzarmena berritu gabe dutela 2018az geroztik. «Lehen oso ondo funtzionatzen zuen gure erresidentziak, baina foru aldundiaren Kabia plataforman sartzeak narriadura handia eragin du; oso egoera prekarioan gaude». Gaineratu du langileek «lan karga handia» dutela, eta horrek «hautsi» egiten dituela, hala fisikoki nola psikologikoki. «Langile gehienok depresioaren eta antsietatearen aurkako botikak hartzen ari gara, oso zaila zaigulako presio horri aurre egitea. Diputazioak badaki hori, baina ez du ikusi nahi».
Erresidentzietako «prekaritatea» salatzeko, Gipuzkoako Senideak elkarteak manifestazioa egingo du bihar, 12:00etan, Donostiako Bulebarretik hasita, eta langileek bat egingo dute mobilizazioarekin.