ELAk iragarri du greba mugagabea sustatuko duela Avanza enpresan

Sindikatuak dio oraindik ez dela bete enpresa batzordeak eta zuzendaritzak iaz adostutako aurreakordioa. Grebaren bitartez plantilla osoarentzat «hitzarmen duin bat» bermatzea dute helburu.

Autobus bat, iazko greba egun batean, Bergaran. GORKA RUBIO / FOKU
Autobus bat, iazko greba egun batean, Bergaran. GORKA RUBIO / FOKU
Miren Mujika Telleria.
2026ko apirilaren 28a
12:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELA sindikatuak iragarri du greba mugagabea sustatuko duela Gipuzkoako Avanza enpresan. Izan ere, sindikatuak dio enpresa batzordeak eta zuzendaritzak joan den urrian adostutako aurreakordioa oraindik ez dela bete, eta gatazka ezin dela amaitutzat jo hitzartutakoa jasoko duen hitzarmenik egon ezean. «Gipuzkoako Avanza Movilidad enpresako langileen egoera ez da konpondu oraindik. Gatazka ez da amaitu, eta hitzarmenik gabe daude».

Avanza enpresaren autobus zerbitzuek Gipuzkoa Bilborekin eta Gasteizekin lotzen dute; Loiuko aireportura (Bizkaia) joateko zerbitzua ere eskaintzen dute; eta Debagoieneko garraio zerbitzua haien esku dago. Azken urteetan, baina, beharginen lan baldintzak tarteko, sindikatuen eta enpresako zuzendaritzaren arteko lan gatazka areagotuz joan da, eta hainbat protesta egin dituzte; tartean, 24 greba egun. 

ELAk dio enpresa batzordeak eta zuzendaritzak urrian adostutako aurreakordioa «gatazkaren amaiera eta langileen baldintzen hobekuntza gisa» aurkeztu zuela Gipuzkoako Foru Aldundiak. «Mugikortasuneko diputatu Azahara Dominguezek esan zuen Avanzako langileen lehengo egoera jada ez dela existitzen». Sindikatua, baina, ez dago ados baieztapen horrekin. «Joan den apirilaren 15ean, Eusko Jaurlaritzarekin egindako bilera batean, agerian geratu zen enpresak ez duela asmorik aurreakordioa hitzartutako baldintzetan berresteko. Are, aldebakarreko aldaketak sartu nahi dizkio Avanzak bitartekaritza prozesuan adostutakoari». Sindikatuak negoziazio kolektiboan lortutako adostasunen urraketa larritzat dauka hori, bitartekaritzan sinatutako akordioa ez baitu errespetatzen.

Hortaz, ELAk iragarri du greba mugagabea sustatuko duela, Avanzako plantilla osoarentzat «hitzarmen duin bat» bermatzeko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA