Avanzako enpresa batzordeak —UGT, ELA, LAB eta Aurrera— eta zuzendaritzak aurreakordio bat adostu dute hitzarmen berri baterako. Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Antolamendu diputatu Azahara Dominguezek eman du itunaren berri, eta Eusko Jaurlaritzak egindako lana eskertu du, Lurraldebusen zerbitzuan eragina izan duen lan gatazka amaitzeko balio izan duelako. Hain zuzen, gobernuak proposamena sinatzeko bilera batera dei egin zien sindikatuei gaurko.
Aurreakordioaren arabera, 2023-2028 aldirako hitzarmena da adostutakoa, eta, hari esker, hobekuntzak izango dituzte lan baldintzetan. Azaldu dutenez, soldata %12,1 igotzea onartu dute, eta atzerako eraginez aplikatuko da hori: 2023rako %5,4ko igoera izango dute; 2024rako, %3,1ekoa; eta martxan den urterako, %3,6koa. Aurrera begira, berriz, bermatu dute soldata igoera KPI kontsumo prezioen indizea baino handiagoa izango dela; zehazki, puntu bat gehiago.
Horrez gain, lanaldia murrizteko neurriak ere hartuko dituzte, hitzarmena amaitzerako 1.628 orduko urteko lanaldia ezartzeko. Zehazki, lanaldia zazpi ordu eta hogei minutu murriztuko dute urtez urte. Gainera, adjudikazio berri bat egitean, hura Avanzari egokitu edo ez, lanaldia 1.592 ordura murriztea onartu dute. Hain zuzen, ELA sindikatuak azaldu du erabaki horrekin Avanza izango dela lanaldia kopuru horretara mugatuko duen Lurraldebusen lehen azpikontrata, eta horren garrantzia nabarmendu du.
UGTren esanetan, behin-behineko langileen lan poltsa bat ere sortuko dute, eta hitzarmenean sartuko dute jubilazio partzialaren figura ere. Hain zuzen, sindikatu hark ostiralean iragarri zuen aurreakordioaren aldekoa dela, Eusko Jaurlaritzaren proposamenak sindikatuen eskaeren «zati handi bat» bere egiten duelako, eta hala adierazi duelako langileen gehiengoak ere. Azaldu du enpresak Arrasaten, Bilbon, Donostian eta Gasteizen dituen egoitzetan egindako bozketetan parte hartu zuten beharginen %75ek proposamena onartzearen alde egin dutela.
Erabilera gorantz
Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Antolamendu diputatu Azahara Dominguezek ere ontzat jo du aurreakordioa. Haren esanetan, pauso garrantzitsu bat da, garraio publikoaren erabilera «une historiko» batean dagoen garai batean: «Datuek erakusten digute garraio publikoaren erabileraren goranzko joera mantentzen ari dela 2025ean; horregatik, funtsezkoa da egunero zerbitzu hori ematea ahalbidetzen dutenek beharrezko lan egonkortasuna eta lan baldintza duinak eta kalitatezkoak izatea». Argudiatu du hori dela zerbitzua «jasangarria, erosoa, eskuragarria, segurua eta herritarren benetako beharretara egokitua» egoteko modua.
Horiek hala, Dominguezek eskerrak eman dizkio Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuari, bitartekaritza lana egiteagatik: «Haren bitartekaritza ezinbestekoa izan da jarrerak gerturatu eta aldeek elkar ulertzea errazteko». Hitz horiekin, foru diputatuak «erakundeen arteko lankidetza» defendatu du.
Avanza enpresaren autobus zerbitzuek lotzen dute Gipuzkoa Bilborekin, Gasteizekin eta Loiuko aireportuarekin (Bizkaia), eta Debagoieneko garraio zerbitzua ere haren esku dago. Azken urteetan, baina, beharginen lan baldintzak tarteko, sindikatuen eta enpresako zuzendaritzaren arteko lan gatazka areagotuz joan da, eta hainbat protesta egin dituzte; tartean, 24 greba egun. Gainera, sindikatuek jakinarazi zuten greba mugagabe bati ekiteko prest zeudela.Â
Autobus gidariek zalantzan jarri izan dute ere ibilgailuak seguruak ote diren, esanez enpresak ez dituela ondo egiten mantentze lanak. Horri lotuta, Dominguezek gaur nabarmendu du egoerak hobera egin duela, autobusen %65 berritu dituztela, eta «Avanzak ematen duen zerbitzua etengabe kontrolatu» dutela.