Elkartasunez beteriko egun bat

Deba-Palestina herri egitasmoak antolatuta, Elkartasun Eguna egingo dute bihar Deban. Ruhaifa Kassem artista eta aktibista palestinarrak prestatuko du bazkaria, herriak eginiko harrera eskertzeko asmoz.

Deba-Palestina herri ekimeneko kideak, asteon, Deban. BERRIKETAN HERRI ALDIZKARIA
Deba-Palestina herri egitasmoko kideak, asteon, Deban. BERRIKETAN HERRI ALDIZKARIA
Miren Mujika Telleria.
Deba
2025eko urriaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mihisea eta margoak. Horiexek ditu lanabes Ruhaifa Kassem artista eta aktibista palestinarrak. Izan ere, margotzea du borroka egiteko modua. Libanoko errefuxiatu kanpaleku batean jaio zen, eta haren familiak Nakba bizi izan zuen 1948ko maiatzaren 15ean. Egun hartan, jazarpen eta suntsitze kanpaina abiatu zuen Israelek, ehunka mila palestinarri etxea eta ondasunak kentzeko eta bizilekutik kanporatzeko. Gorriak ikusi behar izan ditu, eta bere obretan adierazten du bizi izandako mina. Toledon bizi da orain (Espainia), senarrarekin eta bi semeekin, eta hainbatetan izan da Euskal Herrian, bere artelanak aurkezten. Maiatzean, esaterako, Deban izan zen, Deba-Palestina herri egitasmoak antolatuta, eta eraman zituen lanetatik asko eta asko saldu zituen. Egindako harrera eskertze aldera, Deban izango da bihar, herri egitasmoko kideek antolatutako Elkartasun Egunean. Are, Palestinako jaki tipiko bat prestatuko du bazkalordurako, bertaratzen direnek dastatu dezaten.

Deba-Palestina egitasmoak bi urte daramatza Palestinaren aldeko ekintzak antolatzen. Egin zuten lehen jaialdia, eta erabaki zuten gatazkak iraun bitartean jarraituko zutela gisa horretako ekitaldiak antolatzen. Bihar, goizeko hamaiketan abiatuko dute Elkartasun Eguneko egitaraua, herriko Plaza Zaharrean egingo duten azoka solidarioarekin. Ondotik, Palestinaren gaia ardatz hartuta, bi ipuin kontaketa egingo dituzte, eliz atarian. Haurrentzat izango da bata, eta helduentzat bestea.

(ID_17600041236975) (/EZEZAGUNA)
Ruhaifa Kassem artista eta aktibista palestinarra, maiatzean, Deban. BERRIKETAN HERRI ALDIZKARIA

Falafel dastaketa egingo dute 12:30ean, Plaza Zaharrean, eta, ondotik, herri bazkaria izango da, pasealeku estalian, Ruhaifa Kassemek prestatutako janariarekin. Antolatzaileek jakinarazi dute bazkariko tiketak bukatu direla dagoeneko. 18:00etan bi kontzertu izango dira kultur elkartean, Gazako Sol Band taldearena eta Debako musikariena. 

Bazkari palestinarra

Antolatzaileek azaldu dute Kassemi otu zitzaiola Elkartasun Eguneko otordua prestatzearen ideia, bere erakusketak herrian izan zuen harrera eskertzeko asmoz. Hori dela eta, pozik agertu dira Deba-Palestinako kideak. «Ruhaifa oso gustura egon zen Deban, eta oso pozik dago hemen eman zuen tratuarekin». 

Igandean, berriz, Palestinari buruzko No other land dokumentala proiektatuko dute herriko kultur elkartean, 19:00etan. Antolatzaileek esan dute adin guztientzako moduko egitaraua prestatu dutela, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.