Errenteriako Udalak orain lau hilabete onartu zuen udalerako 25 administrari lanpostu hautatzeko deialdia, eta C1 euskara maila ezarri zuen irizpideen artean. Oraintsu, baina, eten egin du lan deialdia, pertsona batek hizkuntza eskakizunari buruzko helegite bat aurkeztu baitu. Argia-k asteon argitaratu duen Nor dago oldarraldiaren atzean? kazetaritza lanak egiaztatu du propio «euskararen aurkako talde antolatu batek» bota zuela atzera deialdi hori. Hala uste du Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak ere; are, erantsi du helegitea jarri duena ez dagoela lan deialdian izena emanda ere. Hortaz, udalak erabaki du lan deialdiaren prozesua «behin-behinean» etetea eta auzibidea «bururaino» eramatea.
Ikusi gehiago
Otaegik esplikatu du lan deialdiaren oinarrietan C1 euskara eskakizuna ezartzea ez dela «bat-bateko erabaki inprobisatua» izan, ez eta Errenteriako egungo udal gobernuaren «kapritxoa» ere. «Errenteriako Udalaren urteetako ondorio koherentea da, epe luzeko ondorioei erantzuten diena», dio. «Udal plangintza oso baten mandatua da, udal organoetan onartutako hainbat dokumentu aintzat hartzen dituena». Hortaz, alkateak argi du salaketak «bestelako motibazio batzuk» dituela; «udalak orain arte egin duen bidea oztopatzeko» jarri dutela, alegia.
Izan ere, Argia-k zenbait audioren bidez frogatu du auzibidea abiatu zuenak ez zuela lan deialdi horretan parte hartzeko inolako interesik, eta lan deialdia gerarazteko asmoz egin zuela urratsa, era antolatu batean. Ikerketa lanaren arabera, helegitea aurkeztu duen herritarra «Osakidetza barnean antolatutako Unidas por la Libertad Linguistica» plataformako kidea da, eta lanpostu finkoa du Osakidetzan.
Epaiketa, irailean
Otaegik babesa adierazi die lan deialdian izena emandako 860 lagunei, eta jakinarazi du udalak prozesua bertan behera utzi ez badu ere aldi baterakoa dela etena. Irailean izango da epaiketa, eta adierazi du ezarritako hizkuntza irizpideen aldeko ebazpena lortzeko ahalegin guztiak egingo dituztela bertan. «Bitarteko guztiak jarriko ditugu helegite honek aurkako ebazpena izan eta deialdiak aurreikusitako baldintzekin aurrera egin dezan».