Hizkuntza eskakizunen aurkako hainbat helegiteren atzean besteak beste CCOO sindikatua dagoela jakinarazi du Argia aldizkariak, Nor dago oldarraldiaren atzean? kazetaritza lanean, eta harreman hori «bereziki kezkagarritzat» jo du gaur Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak. Hala, azalpenak galdegin dizkio sindikatuko buruzagitzari: «CCOOri eskatu nahi diogu argitu dezala zein den bere rola auzi honetan, eta hartu ditzala neurriak, printzipioz bere ildokoak ez diren jokabideak baitira».
Bilbon Euskaltzaleon Martxa aurkezteko Kontseiluak egin duen agerraldian mintzatu da Eskisabel auziaz. Argitu du Kontseiluko bazkideek ez dutela astirik izan balorazio sendo bat egiteko, baina «eragileen artean bazebilen susmo bat baieztatu» egin duela albisteak: «Helegite zaparradak badaukala nolabaiteko antolaketa eta ikuspegi bat». Eta kezkatzekoa iruditu zaio, «norbere interes propiotik hartutako erabakietatik harago badagoelako euskararen normalizazioaren aurkako bulkada antolatu bat».
«CCOOri eskatu nahi diogu argitu dezala zein den bere rola auzi honetan, eta hartu ditzala neurriak, printzipioz bere ildokoak ez diren jokabideak baitira»
IDURRE ESKISABEL Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia
Era berean, gogora ekarri du euskararen aurkako oldarraldi judiziala «olatu erreakzionario orokorrarekin» lotuta dagoela: «Eremu guztietan ari dira gertatzen oinarrizko eskubideen aurkako erasoaldiak, eta Euskal Herrian horrek badu adierazpen partikular bat, hizkuntz eskubideen aurkakoa». Hartara, «bereziki kezkagarria» iruditzen zaio CCOO olatu erreakzionario horren barruan kokatzea. Ildo horretan, gogora ekarri du sindikatu horrek bestela jokatzen duela, adibidez, Katalunian eta Galizian: «Argiro lerratzen da minorizatutako hizkuntzaren eta hiztunen defentsan».
Hala ere, antolatutako talde horiez gain, Eskisabelek beste puntu batean jarri du arreta: «Benetako arazoa botere judizialarekin eta euskararen estatus juridikoarekin daukagu. Helegite horiek aurrera egiten dute hor badugulako hutsune bat. Horrek agerian uzten du gero eta premiazkoa dela zoru juridikoa blindatzea».
EHE eta LAB ere, haserre
EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak ere gogor salatu du hizkuntza eskakizunekin lotutako aferetan CCOOk esku hartu izana; are, sindikatua «euskararen etsaia» dela nabarmendu dute gaur zabaldutako komunikatuan. Horren arabera, CCOOk jarrera «euskarafoboa» du, eta «rol estrategikoa» izaten ari da euskararen kontrako oldarraldi politiko, judizial zein sindikalean.
EHEk Argia-k egindako kazetaritza lanaren harira atera du oharra, baina horretan zehaztu duenez, eurek aurretik zuten CCOOren «azpijokoen» berri, eta uste dute euskararen aurka antolatuta dagoen «sare zabalago baten» parte dela. Haien aburuz, sare zabal horren parte litzateke, halaber, Euskara Denontzat elkartea.
Hain justu, Argia-ren ikerketak egiaztatu du talde horrek doako abokatua eta aholkularitza eskaini diela euskararen aurkako helegiteak aurkeztu dituzten herritarrei. Hala, talde horrek «euskararen aurka egiteko baliabide ekonomiko nahiz pertsonalak jartzen dihardu, hizkuntza eta hiztun gutxituak are gehiago zapalduz», oharrean salatu dutenez.
Eta antzera mintzatu da LAB sindikatua ere. Komunikatu baten bidez, CCOOri aurpegiratu dio «langileen artean ideologia baztertzailea hedatzen saiatzea», eta baita «euskararen normalizazioa oztopatzea» ere. Horrez gain, gogoratu du eurek joan den astean, martxoaren 4an, salatu zutela CCOO sindikatuak hainbatetan martxan jarri dituela «euskararen normalizazioaren kontrako ekinbide planifikatuak»; eta, hortaz, susmo hori baieztatu duela Argia-k egindako kazetaritza lanak.
Bestalde, LABek CCOOri egotzi dio arazorik ez dagoen lekuan arazo bat dagoela irudikatzea, kasurako, euskarazko hizkuntza eskakizunak behin-behinekotasuna murrizteko «oztopo» direla esanez. LABen arabera, ez dihardu bakarrik lan horretan, ordea: «PSE-EEk argudioa erosten dio, errealitatea ez den egoera bat orokortua dela esateko eta, bide batez, euskararen normalizazioa oztopatzeko; euskararen kontrako erasoak areagotzeko; CCOO-PSE binomioaren bidez euskarafobia indartzeko; euskara inklusiorako baliatu ordez, hori defendatzen duena baztertzaile gisa etiketatzeko». Euskararen aurkako oldarraldi judizialaren parte direla esan dute, halaber, helegiteak babesten dituzten «epaile euskarafoboak».