Hiru horma, eta bakoitzaren goialdean izen bat, beltzez: «Txiki», «Popotxo» eta «Jesus». Artelanez beteta daude paretok: marrazki koloretsuak, etxeko trasteekin egindako lanak, askotariko gauzaz betetako zurezko kaxak... Iñaki Txiki (Donostia, 1943-2020), Pedro Popotxo (Donostia, 1951-2020) eta Jesus Aiestaran (Donostia, 1953-2021) anaiek egindakoak dira denak. Lapitza eta koloretako pinturak eskuan zituztela eman zuten bizitza. Askotariko artelanak sortu zituzten, baina apenas egin zuten erakusketarik, eta argitaratu ere, ezer gutxi argitaratu zuten. Ez ziren artista profesionalak, etxean sortzen zuten, «beren kolkorako». Elkarrekin bizi ziren, Donostiako Gros auzoko San Frantzisko kalean lehenbizi, eta Rodilen gero. Etxeko atea zabalik izaten zuten beti, lagunak joan zitezen, eta hala pasatzen zituzten egunak: lagunartean, eztabaidan, zituzten ametsez hitz egiten, «asmo zoroak» gauzatzen... Pintura ez ezik, musika ere egiten zuten, hala Los Agaros taldean nola La Orquesta Mondragonen. Hain zuzen ere, erakusketa bat inauguratu dute oraintsu Donostian, Aiestaran anaiek ondutako lanekin, Oharra: artistak ez du bisitarik nahi izenekoa, eta Okendo kultur etxea izango da horien guztien erakusleiho, maiatzaren 8ra bitartean.
Aiestaran anaiak zendutakoan, haien arreba Marik lan ugari aurkitu zituen haien etxean, eta Cheli Lanzagortarengana jo zuen, obra horiekin «zerbait» egin ote zitekeen galdetzera. Erakusketa bat egitea pentsatu zuten, eta, hala, Groseko Okendo kultur etxeko atea jo. Ez zuten ausaz hautatu kultur etxe hori; hiru artisten lanak euren «etxean» egon zitezen ikusgai nahi zuten. «Auzoko artistak ziren; beraz, erakusketak auzoko kultur etxean egon behar zuen», esan du Joxean Muñoz erakusketaren komisarioetako batek.
Askotariko koadroez gain, badira bestelako lan batzuk ere: Zehatz aldizkari politikoaren eta Oh! Euzkadi literatur aldizkariaren aleren bat, esaterako. Izan ere, hiru anaietatik bik, Txikik eta Popotxok, hainbat lan egin zituzten agerkari horietarako, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan. Kristalezko erakusmahai batzuetan jarri dituzte aleok, hamaika koadernorekin batera.
Erakusketan badira bideo batzuk ere, eta denetan azaltzen dira Aiestaran anaiak. Horietako batean, Popotxo agertzen da, La Orquesta Mondragon taldearekin batera egindako emanaldietan. Txiki ere ageri da beste batean, entzungailuak jarrita, lanean. Cheli Lanzagorta eta Joxean Muñoz komisarioek azaldu dute bildumak Aiestaran anaien obra grafikoa biltzen duela, eta «keinu bat» egiten diola haiena bezalako «etxe irekiei», bai eta artea «barneko behar batek» aginduta eta «plazer hutsez» egiten dutenei ere.

Erakusketaren protagonistak elkarrekin bizi ziren hiru anaia dira. Besteak beste, pinturak eta musikak batzen zituen, baina komisarioek diote elkarren «oso desberdinak» zirela. Txikik, esaterako, bateria jotzen zuen, eta «pop donostiarraren aitzindarietako bat» izan zen, Los Agaros taldean. Hain zuzen ere, horregatik zen ezagun, baina pasiotzat zeuzkan marraztea eta margotzea ere. Are, hark ilustratutakoa da Mariasun Landaren lehen liburua, Amets uhinak (Elkar 1981). Zehatz aldizkarian hainbat marrazki argitaratu zituen, baita Oh! Euzkadi-n ere.
Popotxo, berriz, La Orquesta Mondragon taldearen emankizunetako pertsonaia bat antzezten zuelako egin zen ezagun. Umorezko hainbat spotetan parte hartu zuen EITBn, baita film batzuetan ere, Javier Gurrutxagarekin batera. Halere, ez zion sekula marrazteari utzi. Anaia zaharrenaren gisan, hainbat marrazki argitaratu zituen, Zehatz-en eta Oh! Euzkadi-n.
Jesus Aiestaran anaia gazteenak ere buru-belarri jardun zuen marrazkiak eta margolanak egiten, «irudiak eta soinuak fabrikatzen», baina inoiz ez lanbide gisa. Hiru aldiz erakutsi zituen bere lanak: 1996an Pirelo’s tabernan, aurrerago Beti Boga tabernan, eta 2008an Donostiako Udal Liburutegian.
Erakusketaz gainera, bi jarduera prestatu dituzte antolatzaileek. Apirilaren 29an, Los Agaros taldeari buruzko «hitzaldi-kontzertu» bat izango da, eta 1960ko hamarkadako Donostian pop-aren hasiera zer-nolakoa izan zen kontatuko dute Antonio eta Alejandro Prok eta Carlos Subijanak. Maiatzaren 6an, La Orquesta Mondragon taldea izango dute hizpide Javier Gurrutxagak, Cheli Lanzagortak eta Gregorio Galvezek, mahai inguru batean. Gazteleraz izango dira bi jarduerok, arratsaldeko zazpietan, Okendo kultur etxean.